ANALISIA

Batasuna eta inplikazioa

Enekoitz Esnaola -

2017ko apirilak 14
EPPK-k «udaren erdialderako» iragarri ditu bere eztabaidako ondorioak; «behin betiko txostena». Udak 93 egun ditu, eta uda erdia abuztuaren 6-7an tokatuko da. Garai txarra ondorioak plazaratzeko. Logikaz, eta «udaren erdialdera» aipatu dutela, jo EPPKrena uztail bukaera aldera etortzea. Gainera, ezker abertzaleak euskal presoen alde orain hasiko duen ekinaldi mobilizatzailea uztailaren 27an amaituko da. Ondorioz, inguru horretan behar dute ondorioek. Ekarpenak ekarpen, litekeena da kolektiboko zuzendaritzaren txostenaren alde egitea gehiengo zabal batek; «damua eta salaketa» baztertuta, legediko tresna guztiak modu indibidualean garatzeari ekingo liokete, eta «urrats oro ontzat» joko du EPPK-k.

Paul Riosek orain hiru urteko elkarrizketa batean zioen gatazkaren konponbidearen prozesuak «gertaera garbiak» behar zituela, «jendeak azalpenik gabe ulertzeko modukoak. Hau da, lehen etapakoak bezalakoak: ETAk utzi egin zuen indarkeria, eta Sortu legeztatu egin zuten». Sortuk bere estatutuekin «estatua ustekabean harrapatu» nahi izan zuen, «Alderdien Legeak berak eskatutakoa baino altuago» jarriz gauza batzuk. Sortu: «Zertarako? Estatua gehiago behartzeko, eta gizartearen aurrean espazio handiagoa irabazteko». «Inbertsioa» deitu zion apustuari. Gertaera garbia izan zen 2011ko otsailaren 7 hartako aurkezpenekoa, herriak esplikaziorik gabe ulertzeko modukoa. Ia urte eta erdira etorri zen legeztatzea. ETAren armagabetzearen gauzatzea ere Riosek aipatutako izaerakoa izan da: Luhusokotik honakoa denek ulertu dute —apirilaren 8ko data jartzeak hasieran harridurarik eragin bazuen ere—, Frantziako Estatua baldintzatzeraino eta prozesua adostera iristeraino. Operazio biribila eta inbertsioa, beraz, bakearen artisauena —ETAk «ardura politikoa eta teknikoa» eman ziela ahazteke—.

EPPKren ondorioak ere, testuingurua hau dela, euskal gizarteak erraz konprenitzeko modukoak izango dira. Baina, kasu horretan, fruituak ez dira hain azkar helduko edo kolpe batean islatuko. Oraingoz, bukaeraz jakinekoa den datu bakarra da azken presoa 2054an irtengo dela kartzelatik —Foro Sozialak duela hilabete bat emandako datua da—. Presoen eskubideen alde murgilduta dagoen politikari ohi batek kontatzen du urtebete pasako bi biloba dituela, eta, espetxe eremuan ez badira gauzak aldatzen, haurrok ia 40 urte izango dituztela azkeneko presoa askatzen dutenean. Ikara ematen du galdetzeak berak: ETAk jarduera armatua utzi zuenetik 43 urtera libre atzeneko preso politikoa?

Justizia eta politika

ETAren armagabetzeaz gain, alor judizialerako garrantzitsua izango da haren ibilbidearen bukaera luze gabe iristea, baina, hala ere, ez dira hori eta EPPKren ondorioak izango giltza bakarrak presoen —eta iheslarien eta deportatuen— etxeratze prozesu azkar baterako. Juridikoki bide konplexu eta gradual bat dator. Borroka soziopolitikorako, ordea, mugimendu horiek inbertsio bat izan ahal dira espazioak sustatu, indartu, eta kartzela frontean ere auziaren aterabide osoaren bila joateko. Armagabetze prozesuak erakutsi du helburu bat erdietsi nahi bada hobe dela lortu nahi dena noiz etorriko egon beharrean, bila joatea. Euskal gizarteak bere osotasunean, eta bideak bide, baditu bi erabaki politiko borrokatzeko eta deuseztapenaren bila joateko: presoen urruntzea eta 7/2003 legea.

Iazko maiatz-ekaineko Jakin aldizkarian Gure Esku Dago-k artikulu batean zion burujabetza prozesu baterako «euskal politikan ahulezia handi bat» ikusten zuela —«gizarte zibilaren parte hartzea ere politika kontzeptuan sartuta»—: «Ez du esparrurik eskaintzen elkarrekin amesteko, etorkizuna elkarrekin irudikatzeko». Beste ahulezia bat: «Euskal Herritik kanpora begiratzen diogu etengabe, erabakia gurean dagoela erreparatu gabe». Dena dela, GEDek nabarmendu zuen herri galdeketen egitasmoarekin «estilo berri bat» ari zela zabaltzen —artikulua egin zuenean, bi kontsulta baino ez zeuden eginda; orain, 91—. Kataluniako gizarte zibilak burujabetza prozesuan daukan protagonismoa eredu da parajeotan, idealizatzeraino, baina munduan zein tokitan egin da hemengo armagabetze prozesua? Adituek diote: inon ez. Luhusokoek bultzatuta, erabakigarria izan da Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gizarte zibilak —eta hautetsiek— emandako azken pausoa.

Ordea, zail ematen du Ipar Euskal Herriko batasuna eta inplikazioa Hego Euskal Herrian lortzea. Indarkeriak gordinago jo du, ondorioak gehiago dira. Polarizazio politikoa ere bistan da, eta 1979tik antzinako erakundetzeak interes ugari sortu du, eta horiek ere badira oztopo, maiz. Zauriak itxiz joateak lagunduko du gerturatzeetarako. Dena den, aspaldi ikusi gabeko irudi kolektiboak izan dira Hegoaldean armagabetzeaz bi parlamentuetan eta eragile politiko-sindikaletan; bi gobernuak ere inplikatu dira, euren erara. Foro Soziala, berriz, sendotu egin zen urriko topaketan, Aietekoan.

Langai dago ikusmirak XXI. mendeak eskatzen duen norabidean jartzea; oro har, arduradun instituzionalenak eta politikoenak. Azkeneko asteotan ere frogatu da Ipar Euskal Herrian etorkizunaz hitz egiten dutela, eta Hegoaldean oraindik gehitxo begiratzen diotela iraganari; badute zer landu, eta badute lanik.

Apirilaren 8an Baiona Ttipian jende saldoa egun-pasa ederrean zelarik, San Andres plazako lokal bateko mahai batean euskal abokatu ezagun bat sententzia bat ari zen irakurtzen. Foro Sozialak eta Bake Bideak bazioten BERRIAn duela bi aste: inurri lanik gabe, nekez datoz fruituak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: