Athleticek Eivissaren zelaian ekingo dio gaur Espainiako Kopari

2. B Mailako talde onena da, ez du alerik galdu, gol bakarra sartu diote, eta belar artifizialean aritzen da. Marcelinok aldaketak egingo ditu

Athleticek partida aurreko azken entrenamenduan atzo, Lezaman. ATHLETIC CLUB.
Aitor Manterola Garate.
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Athleticek Espainiako Superkopa irabazi berritan, finalerdietan eta finalean Real Madril eta Bartzelona gainditu ondoren, astakeria ematen du esatea Eivissaren aurkako partida arriskutsua izan daitekeela. Espainiako Kopako zozketa egin zenean, eta zuri-gorrientzat edizio honetako lehen aurkariaren izena jakitean, batek baino gehiagok begiratu egingo zuen zer mailatan dabilen Herrialde Katalanetako taldea. Baina, kontuz. Gaurko partidak (19:00) zepoa izan dezake ezkutuan Marcelinoren jokalarientzat. Izan ere, aurkariak ez du partidarik galdu bere multzoan, eta gol bakarra sartu diote. Kopan bertan, astindua eman zion Celtari aurreko kanporaketan (5-2), gaurko toki berean, Can Misses zelaian.

Belar artifizialean jokatzeak ere beste kezka puntu bat gehitzen die zuri-gorriei. Entrenatzaileak garbi asko hitz egin zuen atzo: «Ahalik eta ondoena aritu beharko dugu irabazteko. Faborito garbiak gara, baina zelaian erakutsi behar dugu». Aldaketak iragarri zituen hamaikakoan, izenik aurreratu gabe: «Superkopan lan handia egin zuen taldeak, eta horrez gain, jokatu ez zutenak lan oso ona ari dira egiten entrenamenduetan». Aldaketetako bat atean izango dela aurreratu zuen, argitu gabe Ezkietak edo Herrerinek jokatuko duen. Ariko ez dena Iñigo Martinez izango da, gainkarga duelako eskuin izterreko soleoan. Datozen egunetako bilakaeraren arabera ikusiko da noiz itzuliko den taldekideekin batera entrenatzera. Marcelinok gaurko hogei jokalari deitu ditu, eta ez daude Kodro eta Cordoba.

Aurkariaren inguruan, ondo ezagutzen duela erakutsi zuen: «Landutako taldea da, antolaketa onarekin. Trantsizio azkarrak egiten ditu erasoan, bertikala da. Eta oso arriskutsua geldikako jokaldietan».

EIVISSA-ATHLETIC
Eivissa. Parreño; Grima, Pardo, Goldar, Gonzalez; Kike Lopez,Molina, Lara, Cirio; Castel eta Rodado.
Athletic. Ezkieta; Capa, Yeray, Nuñez, Balentziaga; Lekue, Vencedor, Vesga, Morcillo; Berenguer eta Villalibre.
Epailea. Gonzalez Fuertes.
Lekua. Camp de Misses
Ordua. 19:00 (Dazn).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.