Errusiako Munduko Kopa. Uruguai 0-2 Frantzia

Amarauna apurtu du

Uruguaik Cavaniren falta sumatu du, eta Frantziak nagusitasunez irabazi dio. Varanen eta Griezmannen golek erabaki dute lehia
Fernando Muslera Uruguaiko atezaina, etsita, huts egin eta 0-2koa jaso berritan.
Fernando Muslera Uruguaiko atezaina, etsita, huts egin eta 0-2koa jaso berritan. FRANCK ROBICHON / EFE

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko uztailak 7
Golak. 0-1: Varanek (40. min). 0-2: Griezmannek (61. min). Epailea. Nestor Pitana (Argentina). Txartel horiak: Uruguaiko Bentancurri eta Rodriguezi; eta Frantziako Lucas Hernandezi eta Mbapperi. Bestelakoak. 43.319 ikusle Nizhni Novgorodeko estadioan.

Glamour-aren bidea alde batera utzi, eta Frantziak lehiakortasunaren ildotik azpiratu zuen atzo Uruguai, Munduko Kopako final-laurdenetan. Didier Deschampsen taldeak lurrin usaina izan zuen aurreko kanporaketan, Argentinaren kontra; aitzitik, atzoko partidak bestelako erregistroa eskatzen zuen. Defentsan amaraun sare trinkoa du Uruguaik. Nortasun eta diziplina dira Oscar Washington Tabarezek zuzentzen duen taldearen giltzarriak. Jokalari guztiak daude prest lanerako atorra janzteko, izan atzelari, izan erdilari, izan aurrelari. Atzoko lehiara arte gol bakarra zen jasoa Uruguai, beraz, ez zuen erronka makala Frantziak. Lokatzetan jardun beharko zuen finalerdietara igarotzeko. Bada, hala egin zuen 40 minutuz, eta behin markagailuan aurrea hartuta, kudeatzaile onaren itxura hartu zuen.

Hegoafrikako Munduko Kopako ibili distiratsua errepikatzeko ametsa zuen Uruguaik. Finalaren atarian gelditu zen orduko hartan. Oraingoan, kanporaketa bat lehenago hartu behar izan du etxerako bidea. Barruan zuen guztia utzi zuen zelaian, baina gehiago izan zen Frantzia, bai kalitate aldetik, bai alor fisikoan. Harro egon daiteke Uruguai, txapelketa ia orbangabea osatu baitu; haatik, atzo ez zuen gaitasunik izan Deschampsen taldea estu hartzeko. Horretan zerikusia izan zuen Edinson Cavani aurrelariaren faltak. Funtsezko jokalaria da Tabarezentzat erasoko nahiz defentsako jokoan, baina atzo aulkitik ikusi behar izan zuen lehia, Portugalen aurka min hartu baitzuen. Oharkabean pasatu zen Luis Suarez, eta beste inork ez zuen gaitasunik izan erasoko jokoa pizteko.

Nahi eta ezinean bukatu zuen norgehiagoka Uruguaik; hasi, ordea, txukun hasi zen. Gauzak kontrolpean izan zituen lehen zati ia osoan, markagailuak hutsean iraun bitartean. Ohiko itxura sendo eta borrokalaria erakutsi zuen, eta pazientzia handiz jokatzera behartu zuen Frantzia. Baloia ukitu eta ukitu aritu ziren Deschampsenek, baina apenas aurkitu zuten zirrikiturik. Aukera garbi bakarra sortu zuten lehen ordu erdian: Mbappek arean bakarrik zela kanpora bidalitako burukada bat (14. min). Irtenbide bat behar zuten, eta geldikako jokoan aurkitu zuten konponbidea, atsedenerako bost minutu falta zirela. Griezmannek baloi bikaina jarri zuen arean, eta Varanek buruz gainditu zuen Muslera.

Kante eta Griezmann

Golak amorrarazi egin zuen Uruguai, eta estutua eman zuen atsedenaren aurretik, banakoa egiteko intentzioz. Abagune bikoitza izan zuen falta batean, baina, lehenik, Caceresen burukadari gelditu bikain batekin erantzun zion Llorisek, eta, gero, Godinek gora bidali zuen aldaratzea ateko zuloan (43. min). Horiek izan ziren Tabarezenen minuturik onenak, aldageletatik bueltan gozakaitz aritu baitziren. Frantziak ez zuen ezustekorik nahi, eta partida behar bezala lotu zuen. Bi jokalari nabarmendu ziren bigarren zatian: Kante eta Griezmann. Lehenak hamaikagarren erakustaldia eman zuen defentsako alorrean, taldeari egonkortasuna emanez; bigarrenak, bestalde, orkestra zuzendari lanak egin zituen. Hark ezarritako erritmora jokatu zen.

Hori gutxi ez, eta 0-2koa egin zuen 61. minutuan. Erdi-erdira jaurti zuen areaz kanpotik, baina, baloia hala moduz urruntzen saiatu, eta kale egin zuen Muslerak. Hala, hamabi urte geroago Munduko Kopako finalaurrekoetan da Frantzia. Finalera iritsi zen 2006an, eta bide bera egiten ahaleginduko da orain.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna