begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Kameraz armaturik bagoaz Almontera

2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Euskaraz bazterkinak (gure kaleetako zaborrontzietako hizkeraren arabera, errefusa) esaten diegu. Ingelesez, outtakes. Frantsesez, rejettes. Alemanez, wirft. Gaztelaniaz, descartes. Eta gaztelaniaz du izenburua Bilboko azken Zinebin sari potoloa, kasik nazioarteko nagusia, jaso zuen zeluloide zaharreko dokumentuak, Concha Barquerok eta Sergio Alvaradok sortutakoak. Sari garrantzitsua, Espainiako zinemari eskainitako handiena, zinema zer eta zertan den ederki dakiten Isabel Herguera, Itandehui Jansen, Jone Laspiur, James Lattimer eta Florencia de Mugica epaimahaikideek hala erabakita.

Descartes horren atzean bada inguruotan, gure inguruabarretan, inor gutxik ezaguturiko pasadizo krudela, ankerra, zakarra, min handia ematen duen errealitate ezkutua.

Behin batean, baziren Fernando Ruiz Vergara eta Ana Vila izeneko zinemagile eta gidoigileak. Bazen, baita ere, Associacio d'Imatge Portugues elkartearen fundatzaileetako bat, Vitor Estevao argazki zuzendaria, Canneseko Publizitate Jaialdian saritua. Eta bazen Andaluziako zein Espainiako eta Europako antzerkigintzan pareko gutxi izan duen Salvador Tavora ere.

Fernando, Ana, Vitor, musikaz arduratuko zen Tavora eta soinua bere egingo zuen Francisco Peramos bildu ziren Tangana Films ekoiztetxeak babesturik (edo). Garai arraroetan ginen, XX. mendeko 80ko hamarkadan. Franco hil berria; Madrilen, ospe handiko movida izeneko kultura eta festarako mugimendu (akaso) kontrakulturala; Euskal Herrian, aspaldiko gatazkak; Portugalen, Krabelinen Iraultzaren arrastoak; eta Espainian, askoren premia eta desira bat: trapu zaharrak plazan garbitzekoa.

Anak eta Fernandok hain famatua den Huelvako El Rocioko erromeriaren nondik norakoak kontatu, filmatu, aztertu, azaleratu nahi zituzten.

Gaurko egunotan ere bada jende andana Almonteko ermitara gurdiz eta zaldiz ailegatzen diren horiek herriko seme-alabak direla uste dutenak.

Bada, garaiotan, El Rocio Andaluziako laborarien, unaien, artzainen debozio paganoaren sinbolotzat jotzen duenik.

Jakin beharrekoa ez dakitelako, ezagutu beharreko egia sakona ezagutzen ez dutelako. Alzheimerrak eta zirrosiak jota, bere buruaz beste egiten gogor saiatu ondoren, droga guztiak melankolia handiz probatu ostean, nor eta zer zen ere ez zekiela, San Juan de los Locos izeneko eroetxean hil zen Alfonso Grosso poeta komunista eta arras barrokoaren Florido mayo liburu ezin ederrago eta mingotsagoa irakurri ez dutelako.

Fernando Ruiz Vergarak eta Ana Vilak zera kontatu nahi izan zuten 1980ko hamarkadaren hasieran: Grossok bere 1976ko liburu churriguereskoan, amorru biziz, zuku guztia ateratzeraino hitzak eta sintaxia birrinduz salatu zuen hori. Horretarako bisigodoen garaietara jo behar bazuten ere. Elizaren eta feudalismoaren aztarna gaiztotuak ikertu behar bazituzten ere. Nahi zuten, bai, Fernandok, Anak eta besteek El Rocioren errealitate osoa kamera aurrean jarri. Baita Ama Birjinaren figura guztien atzean datzan istorio, bortizkeria eta misterio iluna ere...

Dena nahi zuten kontatu. Apaizen, agintarien, aberatsen, izen eta sona handiko familien arteko itun kasik milurtekoa ere bai.

Eta Huelvara jo zuten. Almontera. Eta bazekitena behin eta berriro baieztatu: El Rocioko erromeria ez zen festa herrikoia. Inolaz ere. Astebetez bidean izateko pelegrin, denbora librea behar duzu izan. Eta bidelagunak harrituko lituzkeen ondo apainduriko gurdia. Zaldiak ere bai. Eta zure esanetara izango diren morroi eta neskameak... Gehi jatekoa. Edatekoa. Agintarien bisitak izango dituzu zure kanpamentuan. Ohorez, opariz, luxuz hartuko dituzu. Eta bidean emandako gau horietan, larrutan, dirutan, negoziotan egingo duzu...

Eta horri buruz idatzi zuen gidoia Anak. Eta beste kontu batzuez. Esaterako, Espainiako gerra zibilean bertan izandako errepresio basaz. Eta lekukoek izenak aipatzen zizkioten kamerari. Bai biktimenak, bai borreroenak.

Eta bukatu zuten Rocío izenburuko filma. Eta estreinatu. Eta betikoek epaitegira eraman zituzten zeluloidea eta egileak. Eta epaile batek pelikularen etorkizuneko balizko emanaldi guztiak debekatu zituen. Andaluzian edo Islandian. Betiko, mundua desagertu arte. Ez zinema aretoetan, ez zinemaldietan. Sekula ez zen Rocío inon, inoiz ikusiko.

Debekuak bertan dirau, baina epaileak ez zuen Interneten berri. Ez berri, ezta susmorik ere. Egun, Rocío gure ordenagailuetan da ikusgai.

Bestalde, Espainiako Filmotekan aurkitutako film malapartatuaren bazterkin zientoz Descartes eraiki dute Concha Barquerok eta Sergio Alvaradok; ez entzun ez ikusi ez zen horri kamera berria eta bozgorailua jartzen dizkiona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.