Garikoitz Goikoetxea.
ANALISIA

Iribasen erlojua

2015eko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Mugimendu handiko asteak dira hezkuntzan. Ikasturte berria prestatzen hasteko garaia. Esanahi handikoa da datorren kurtsoa. LOMCE erreformak urrats irmoa egingo du ikastetxeetan: Lehen Hezkuntza osora hedatuko da, DBHko lehen eta hirugarren mailetara, eta Batxilergoko lehen mailara; amaierako proba ere egingo dute Lehen Hezkuntzan. Aldi berean, baina, aldaketa politiko handiak irits daitezke urtea bukatzerako. Beste kolore bat har dezakete Nafarroako eta Espainiako gobernuek. Azken pausoak balituzte bezala, bide bera hartu dute bi gobernuek hezkuntzan: erlojuaren aurkako lasterketa hasi dute. Aste hauek, izan ere, ikasturtea prestatzeko garaiaz gain, baldintzatzeko aukera ere bai baitira.

Itxura berria agertu du azken asteetan Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak. Madrilera joan LOMCEri buruz hitz egitera, eta atzerapena galdegin du. Finantzaketa egonkorra izango duela hitzeman dio unibertsitate publikoari —agintaldi osoan, eta aurrekoan ere bai, urteko aldaketen gatibu eduki dute—. 900 irakasle postu sortzeko proposamena agertu da bidenabar, Jose Javier Esparza UPNren hautagaiaren ahotik, nahiz eta azkenean airea erabat galduta geratu den.

Hauteskundeetarako keinua. Bai. Baina hurrengo ikasturteko martxa eta hurrengo gobernuaren jarduna baldintzatzeko bidea ere bai. Adierazpenetatik aparte, ekintzak. Curriculuma: denborarik ez zegoela esan, atzeratzeko eskatu, eta bi asterako mahai gainean jarri du dekretu zirriborroa —LOMCEren kopia fina, zenbait ñabardurarekin; Nafarroako ereserkia eskolan kantatzea, adibidez—. Unibertsitatea: hileon egingo dute proposamen bat, finantzaketa akordioa egiteko. Aurrekonturik gabeko gobernu batek, eta bozetarako hiru hilabete falta direla. Irakasle plazak: eskaintza egingo du departamentuak agintaldia amaitu aurretik. Azterketak, gai zerrenda eta horrelakoak noiz izango diren, ez dago daturik.

Wert ministroaren antza hartu du horretan: erlojuaren funtzioa. Legea goitik behera betetzearen argudiopean, jokabide bera hartu dute biek: presaka batean egin legeak —curriculuma, kasurako—, eta besteei ezarrarazi, jakin arren epea ia ezinezkoa dela. Madrilek erkidegoekin izan duen jokabide bera du Iribasek ikastetxeekin. Eta Wertek PPren gehiengoa baliatzen duen eran ari da agintea erabiltzen Iribas: gehiengoak aldatzen direnerako, ahalik eta gehien utzi lotuta. Baldintzatuta. Ez alor guztietan, hala ere. Euskararen Legearen aldaketa gauzatzeko urratsik ez du egin oraingoz. Ahalik eta gehiena atzeratuko du erlojua. Baldintzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.