2019ko aurrekontuak. Eusko Jaurlaritza

Jaurlaritzak dio akordio gabe bihar aurrekontuak erretiratuko dituela

EH Bilduren bi abstentzioei esker, osoko zuzenketak atzera bota dituzte, baina horrek ez du bermatzen aurrekontuen onartzea. Azpiazuk dioenez, «eskuzabala» da Jaurlaritzaren proposamena

Maddalen Iriarte eta Pedro Azpiazu, aurrez aurre, atzo, Eusko Legebiltzarreko pasabidean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrekontu proiektuak gainditu du lehen oztopoa: EH Bilduko bi legebiltzarkidek emandako abstentzioei esker, Elkarrekin Podemosek eta PPk aurkezturiko osoko zuzenketak atzera bota dituzte Eusko Legebiltzarrean, eta, hortaz, tramitazioak aurrera egingo du. Oraingoz. Izan ere, horrek ez du esan nahi bidea eginda dagoenik: Jaurlaritzak iragarri du bihar arteko epea emango diola EH Bilduri aurrekontuen inguruko akordioa bilatzeko, eta, adostasunik ez badago, Jaurlaritzak berak erretiratuko duela aurrekontu proiektua, eta ez du legebiltzarraren aurrean aurkeztuko. Aurtengo aurrekontuak luzatzeari atea irekiko lioke erabaki horrekin.

Jaurlaritzak iragarri duenez, lehenago EH Bildurekin aurrekontuak adostea lortzen ez badute, bihar goizean Gobernu Batzordearen ezohiko bilera egingo dute, eta han aurrekontuen proiektua erretiratzea erabakiko dute. Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak eman du horretarako arrazoia: proiektua aurkeztuko balute lehenago EH Bilduren onespena lotuta eduki gabe, gerta liteke oposizioko hiru indarrak ados jartzea eta Jaurlaritzaren asmoen kontrako zuzenketaren bat onartzea.

«Egitasmoa aurkeztuta, Jaurlaritzak galduko luke aurrekontuen gaineko kontrola, eta hori ezin dugu onartu», esan du Azpiazuk. Horrekin, presioa EH Bilduren aldera jarri nahi du Jaurlaritzak; koalizioari «Jaurlaritzaren pazientziaz abusatzea» egotzi dio Azpiazuk, eta haren jarrerari «harrigarri» iritzi dio.

Azpiazuk ez du ulertzen, alde guztiek «itxuraz negoziatzeko borondatea» izanik ere, zergatik elkarrizketak «behin eta berriro trabatu» egin diren. Haren esanetan, Jaurlaritzak «alde bakarretik» hobetu du bere eskaintza, horretarako «jarrera malgua» erakutsi duelako. Baina EH Bilduren aldetik «luzapenak eta erantzun zehatzik eza» baino ez dituzte izan, sailburuaren arabera.

Azpiazuren ustez, Jaurlaritzaren proposamena «nahikoa, duina eta eskuzabala» izan da: DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta %3,5 igotzea, eta, errenta jasotzen duten pentsiodunen kasuan, igoera hori %7 izatea —2020an, %5ekoa—. Jaurlaritzaren proposamenaren arabera, pentsio apalenak 823 euroraino osatuko lirateke; 858raino osatzea nahi du EH Bilduk, uste dutelako hori izan beharko litzatekeela gutxieneko kopurua legeak finkatutako mekanismoen arabera.

Azpiazuren iritziz, EH Bilduren erantzuna izan da «abiapuntura itzultzea, ezertxo ere negoziatu izan ez bagenu bezala». «Ez dut pentsatu nahi EH Bilduk ez duela inoiz aurrekontuak babesteko asmorik izan, horrek esan nahiko lukeelako saiatu direla Jaurlaritzari ziria sartzen, eta, are okerragoa dena, pentsiodunei ere bai», erantsi du.

«Eskua luzaturik»

EH Bilduren legebiltzarkide Maddalen Iriartek erantzun dio Azpiazuri. Esan du aurrekontuak erretiratzeko mehatxua eginda, Jaurlaritzak «ultimatuma bere buruari» jarri diola, baina, hala ere, «denbora» badagoela ituna egiteko, eta EH Bilduk «eskua luzaturik» jarraitzen duela. «Ahalegin guztiak gorabehera, zoritxarrez, Jaurlaritza oraindik urrun dago pentsiodunei erantzun egokia ematetik».

Iriartek esan dio Azpiazuri badakitela zeintzuk diren EH Bilduren eskaerak eta negoziatu dituzten edukiak: «Jaurlaritzaren politikak aldatu nahi ditugu, milaka pentsiodun pobreziatik atera, emakumeei bizimodu autonomoa izatea ahalbidetu eta kalitatezko enplegua sustatzeko».

Atzera botatako osoko zuzenketak aurkeztu dituzten taldeek, Elkarrekin Podemosek eta PPk, gogor kritikatu dituzte aurrekontuen proiektua eta horren inguruko negoziazioak. Elkarrekin Podemoseko Lander Martinezek esan duenez, «aurrekontu hauen xedea da jende arruntari kea saltzea», eta EAJren eta EH Bilduren arteko «hauteskunde lehia» dago negoziazioen atzean: «Eskaintzak trukatzen dira azokan bageunde bezala».

Martinezen ustez, Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuak «iaz PPrekin hitzartutakoak» dira, eta «Confebasken aurrekontuak», nahiz eta «izenburu handiekin» mozorrotu nahi izan.

PPko Anton Danboreneak ere aurrekontuak kritikatu ditu «klase ertainei» kalte egiten dielako eta «sinesgarritasunik» ez dutelako, baina PPrentzat arazo nagusia, proiektua baino gehiago, estatus politiko berriaren inguruan EAJk eta EH Bilduk duten akordioa da. «EAJk EH Bildurekin hitzartu du [Espainiako] Konstituzioa eta [Gernikako] estatutua suntsitzea», esan du, «eta horrek arlo guztietan du eragina». Horregatik erabaki dute aurrekontuei ezezkoa ematea.

Danborenearen ustez, Katalunian ere «horrela» hasi ziren, «Konstituzioa eta estatutua albo batera uzten zituzten itunekin», eta, hortaz, «EAJren eta EH Bilduren arteko ituna apurtzea» litzateke «gerta litekeen onena».

«Ez da nahikoa»

Pentsiodunen elkarteek manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan datorren larunbatean «pentsio publiko duinak» eskatzeko, eta Donostiako manifestazioa iragartzeko egindako agerraldian, Gipuzkoako Adinekoen Plataformako kide Miguel Gortadik eta Antton Karrerak esan dute Jaurlaritzak egindako azken eskaintza —pentsiorik apalenak 823 euroraino osatzea— «urrats» bat dela, baina oraindik ez dela «nahikoa», eta «borrokan» jarraituko dutela helburuak lortu arte. Pentsiodunek 1.080 euroan ezarri dute «pentsio duin batek» izan beharko lukeen gutxieneko diru kopurua.

«Gure eskaerak asetzeko diru nahikoa badago; arazoa da gizartearen aberastasuna nola banatzen den», esan dute plataformako bozeramaileek.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako CCOO sindikatuko idazkari nagusi Loli Garciak ere iritzia eman du gaiaren inguruan. Esan du Jaurlaritzak aurrekontuetan proposatzen duen gastu soziala ez zaiola «nahikoa» iruditzen, eta EH Bilduk egindako proposamenak ere, «positiboak» diren arren, ez direla «nahikoak». «Gastu soziala igotzeko ahalegin handiagoa behar da», esan du.

Laukoak atzera bota ditu oposizioak aurkeztutako ia zuzenketa guztiak

Arabak luzatu egin beharko ditu aurrekontuak

Gipuzkoan eta Bizkaian 21ean eta 27an onartuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.