Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Politika Beste sei euskal presori kendu die Frantziak DPS estatusa

Publizitatea

Politika

Beste sei euskal presori kendu die Frantziak DPS estatusa

Parisekin ireki lan esparruaren «lehen keinu» gisa hartu dute. Foro Sozialak urtarrilerako espero ditu urrats berriak Hego Euskal Herrian

2017-11-15 / Jokin Sagarzazu

«Parisen eta Euskal Herriaren arteko lan espazioaren lehen keinu bat da erabakia». Urrian Frantziako Gobernuko Justizia Ministerioko kideekin bildu zen Ipar Euskal Herriko eragileen ordezkaritza bat, eta hitz horiekin baloratu du orain Frantziako kartzeletan dauden zazpi euskal herritarri kendu izana bereziki zaindu beharreko presoei ezartzen dieten estatusa —DPS siglekin ezaguna da, eta, besteak beste, erredentzioak eta espetxe onurak eskuratzea zailtzen du, eta eragina du presoen bizi baldintzetan—.

Komunikabideetara igorritako ohar batean, ordezkaritzako kideek «lehen pauso» gisa hartu dute erabakia, eta «beste batzuk eman daitezen» mobilizatzeko deia egin dute; bereziki, abenduaren 9an Parisen egingo den mobilizazio handian parte hartzeko.

Herenegun jakinarazi zuten DPS zerrendatik atera dutela Didier Agerre eta atzo ezagutarazi zituzten beste seien izenak: Ibon Fernandez, Itziar Plaza, Jon Bienzobas, Zigor Garro, Asier Borrero eta Jon Salaberria.

Bitartekaritza talde horretako kideek hainbat bilera egin dituzte azken hilabeteetan Frantziako Gobernuko ordezkariekin. Hain justu, urrian izan ziren Justizia Ministeriokoekin atzoko oharra sinatzen dutenak: Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapeza, Michel Tubiana Giza Eskubideen Frantziako Ligako ohorezko lehendakaria, Mixel Berhokoirigoin bakegilea eta Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sortzailea, Vincent Bru Pirinio Atlantikoetako diputatua eta Anaiz Funosas Bake Bideako kidea.

Eragile horiek Parisen antolatu duten mobilizazioaren aldarrikapenetariko bat da DPS estatusa desagertzea, eta, oro har, euskal presoei zuzenbide arrunta aplikatzea. Baita sakabanaketa amaitzea ere, eta aske uztea gaixo dauden presoak zein baldintzapekoa eskuratu ahal dutenak.

Espainiaren «logika»

Oso bestelakoa da Espainiako Gobernuaren «logika», Foro Sozialaren arabera. Nabarmendu du gaixo dauden presoen aferan «frustrazio oso handia» eragiten duela haren «gortasunak eta gizatasun faltak» eta ohartarazi du horrek sor ditzakeela «tentsioak eta ezinegonak» elkarbizitza eraikitzeko prozesuan.

Euskal Herriko eragileen artean, berriz, «batzuen eta besteen» posizioak mugitzen ari direla azpimarratu du. Adibide gisa jarri ditu gaixo dauden presoak aske uzteko eskatuz Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroakoa alderdi denek —PPk eta UPNk salbu— eta sindikatu guztiek azken asteetan eginiko adierazpenak, eta espetxeetako eskumena EAEko eta Nafarroako instituzioen esku uzteko bi parlamentuek eginiko eskaerak; baita EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren erabakiak ere. «Horiek guztiak bat datoz euskal gizartearen eskaerekin», nabarmendu du foroak. Hori hala, Espainiako Gobernuari dei egin dio berehala aintzat har ditzan parlamentuen erabakiak. «Ez da bidezkoa erakundeen arteko errespetu falta hau».

Donostian eginiko agerraldi batean, foroko kideek jakinarazi dute lanean ari direla egitasmo zehatzetan gauzatzeko adierazpen horiek, eta urtarrilerako espero dutela emaitzaren bat. Helburua da eragile denen artean adostea «bide orri integral eta zeharkako» bat, zehazteko «arrazoizko denbora epe baten barruan» presoen «gizarteratzea» nola gauzatuko den eta hori nola berma daitekeen; besteak beste, argituz zeintzuk diren egungo salbuespen espetxe egoera gainditzea ahalbidetuko luketen lege aldaketak.

Publizitatea

Sortu kontua
Jokin Sagarzazu Jokin Sagarzazu

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak