Atletico Madril 2-1 Athletic

Errazegi jaso ditu golak

Athleticek ez du punturik atera Atletico Madrilen zelaian, irabazten joan bada ere. Bi jokaldi soltetan sartu dizkiote golak: atsedenaldia gainean zela, eta 51. minutuan

Unai Simon makurtuta, Atletico Madrilek etxekoen aurreneko gola sartu eta segituan, atzoko partidan. JUANJO MARTIN / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Atletico Madril. Oblak; Trippier, Savic, Felipe, Hermoso; Llorente (Lodi, 88. min.), Koke, Lemar (Saul, 67. min.), Carrasco, (Kondogbia, 88. min.); Joao Felix (Correa, 67. min.) eta Luis Suarez (Torreira, 72. min.).
Athletic. Unai Simon; De Marcos (Capa, 80. min.), Unai Nuñez, Yeray, Yuri; Berenguer, Unai Lopez (Vencedor, 73. min.), Vesga (Dani Garcia, 59. min.), Muniain (Morcillo, 80. min.); Raul Garcia (Villalibre, 73. min.) eta Williams.
Golak. 0-1. Muniainek (21. min.); 1-1. M. Llorentek(47. min.); 2-1. L. Suarezek, penaltiz (51. min.). Epailea. Gil Manzano. Txartel horiak: Atletico Madrileko Felipe eta Lodiri; eta Athleticeko De Marcos eta Vesgari.

Hamabi orduko lanaldi luze amaigabea osatu eta lantegitik atera berritan nagusiak soldata txikiegia eman dion langilea izan zen atzo Athletic. Sekulako lana egin, baina saririk ez. Galdu egin zuen Atletico Madrilen zelaian(2-1) atzeratutako partidan —18. jardunaldikoa zen—, eta, azkenekoz galtzaile izan zenetik, igaro dira zortzi partida ofizial. Ligan, hamabost puntutik bederatzi bildu ondoren galdu zuen berriz. Azkenaldian lantegitik poz-pozik ateratzen zen langileari kopeta beltza antzematen zitzaion atzo. Bisaje iluna. Aldartean bekozkoa. Aurkariak erasoan gauza handirik egin gabe zulatu ziolako sarea bi aldiz, nahiz eta dozena bat jaurtiketa egin denera. Errazegi galdu zuen atzo Athleticek, bi jokaldi soltetan.

Ez zen edozein partida. Aurkaria ez zen Granada, eta Marcelinok, aurkari horren aurka aurreko igandean ez bezala, jokalari onenak jarri zituen zelaian. 11 aukeratuetatik bederatzi ez ziren aritu domekan. Liderra zuen atzo parean, eta haren etxean. Atleticok hasi orduko erakutsi nahi izan zion Athletici alferrik jarri zizkiola onenak parean. Nagusitzera atera zen Diego Simeoneren taldea: baloiaren jabe eginez, hegaletara iritsi nahian, eta baloia galdutakoan berehala berreskuratuz. Datua: Athleticek 11. minutuan osatu zuen aurreneko aldiz pase sekuentzia luzea.

Geroko minutuetan gehiagotan egin zuten hori Marcelinorenek, batez ere aurkariak lerroak atzeratu zituelako, eta, ezustean, ondo egiten duena gaizki egiten hasi zelako: defentsako lanean ez zuen ohiko Atletico ematen. Lerro artean tarte handiak uzten ari zen, baita lerroen barruan ere, eta nahieran baliatu zuten aukera atzo grisez jokatu zutenek. Horrela osatu ahal izan zuten goleko jokaldia Williamsek eta Muniainek, 21. minutuan. Area barrura puskatu zuen aurrelariak, atzelarien arteko tarte handia baliatuz; erdiratu atzera, eta kapitainak gola, erdi eroriz eta zelebre.

Ez zen aldatu jokoa ondoren. Eroso Athletic, eta erabat baldar Atletico. Etxekoak saiatzen ziren atzetik motzean jokatzen, baina erraz asko harrapatzen zuten goian kanpotarrek. Simeonek aldatua zeukana pixka bat lehenxeagotik sistema edo marrazkia zen: erdiko hiru atzelari jarri zituen, eta hegaleko bi jokalari, hegal osoa haientzat utziz.

Estrategia aldaketa onena, baina, aurreneko jokaldi solteak eman zion. Athletic kondenatu zuen aurrenekoak. Lehen zatiko minutu bateko luzapena betea zela, Lemarrek puskatu egin zuen area barrura, erdiraketa egin, eta Marcos Llorenteren burukada sarera joan zen, Nuñezi gorputzean jo eta gero. Sari txikia jaso zuenaren aurpegia azaltzen hasi zitzaion Athletici aldagelara bidean.

Gehiago zimurtu zitzaion bigarren zatia hasi eta bost minutura. Berriz ere, etxeko jokalari batek puskatu egin zuen area barrura hegaletik gertu, atzelarien artetik, eta Suarezi ukitu egin zion oinean Nuñezek: penaltia. Ez zuen barkatu Uruguaiko aurrelariak. Unai Simonek jauzia haren ezkerraldera, jaurtiketa beste aldera. Konturatzerako, irabazten egotetik eta partida kontrolpean izatetik galtzera igaro zen Marcelinoren taldea.

Ezina, nekea, aldaketak...

Emaitza irauli izanak itzularazi zuen ohiko Atletico partidara. Ordura arte azaldu ez zena, ezezaguna ematen zuena. Ondo egiten dakien hori ondo egiten hasi zen, eta sekulako buruhausteak zeuzkan Athleticek baloia Oblak atezainaren inguruetara eramateko. Hori gutxi ez, eta etxekoak izan ziren Unai Simon zirikatu zutenak, jaurtiketa batzuekin.

Zerbaiten bila, eta jokalari batzuen nekeak gauza onik ez zuelako iragartzen, Dani Garcia, Villalibre, Vencedor, Morcillo eta Capa zelairatu zituen Marcelinok 59. minutuaren eta 81.aren artean. Ez da seinale ona partida irauli behar eta Muniain, Raul Garcia eta De Marcos aulkira eraman behar izatea. Igandean atseden hartuta edo gutxi jokatuta zeudela kontuan izanda, gainera.

Ordezkoen Athleticek bukatu zuen partida, jokalari erabakigarrien artean Williams eta Berenguer bakarrik zirela zelaian. Eta, jakina, beti ez da Granada izaten parean, eta beti ezin da azken unean mirariaren kutsuko etekinik atera. Urruti ez bazuen ere izan berdinketa 92. minutuan: Nuñezen burukada Oblaken eskuetara joan zen. Azkeneko falta bat ere izan zuen emaitza parekatzeko, baina Vencedor baino lehen heldu zen baloira Oblak. Atzo ez zen tokatzen, nonbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.