AZ Alkmaar 0-0 Reala

Kilimarik egin gabe

Reala lotuta aritu da AZ Alkmaarren zelaian, eta puntu bat zakuratuta itzuli da Donostiara. Txuri-urdinek bizirik segitzen dute Europa ligan, zazpi punturekin

Joseba Zaldua, baloi bat lehiatuz. Atzelari donostiarrak bere lehendabiziko partida jokatu du aurtengo Europa ligan. OLAF KRAAK / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
AZ Alkmaar. Bizot, Svensson, Hatzidiakos, Indi, Wijndal, Midtsjo, De Wit, Koopmeiners, Stengs, Gudmundsson (Boadu, 71. min.), Karlsson (Aboukhlal, 71. min.).
Reala. Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal; Merino, Zubimendi, Oiartzabal (Merquelanz, 86. min.); Portu (Barrenetxea, 82. min.), Januzaj (Lopez, 73. min.), eta Isak (Willian Jose, 73. min.).
Epailea. Aleksandar Stavrev. Txartel horiak AZ Alkmaarreko Midtsjori, Svenssoni, Indiri, Hatzidiakosi, eta Bouadiri; eta Realeko Oiartzabali.Bestelakoak. Pandemia dela eta, ikuslerik ez AFAS estadioan.

Realak berdindu egin zuen atzo AZ Alkmaaren zelaian, eta puntu bat batuta itzuli da Donostiara. Txuri-urdinek ezin izan zuten orain artean bezain distiratsu aritu, eta hutsal aritu zireen. Kontrarioari kilimarik egin gabe etxeratu zen.

Bi taldeak arerioarekiko errespetu handiz zelairatu ziren. Jakitun ziren tartea utziz gero aurkariak min handia egin ziezaiokeela, eta nahiago izan zuten partidari patxadatsu ekin, zer gerta ere. Europa ligan izan dezaketen etorkizunari norabide bat eman ziezaiokeen dema izanik, presak ez zuen deus onik ekarriko.

AZ Alkmaar joaneko neurketako lezioa ikasita zelairatu zen, gainera; atzerago egin zuen presioa lehen minutuetan, eta hutsunerik ez zuen utzi. Realak pairatu egin zuen etxekoen jokatzeko era hori. Lehen zatiak aurrera egin ahala baloi jabetza handitu arren, Imanol Alguacilen jokalariei kosta egin zitzaien Herbeheretakoen defentsako lerroa gainditzea. Bakanak izan ziren aurretik jartzeko izan zituzten aukerak.

Txuri-urdinen erasoko jokalariek lanak izan zituzten zirrikituak aurkitzeko. Eroso zegoen AZ Alkmaar, bere legea ezarrita. Taktikak hartua zuen bizitasunaren lekua. Azken finean, horixe falta zitzaien donostiarrei: orain artean erakutsitako txinparta. Astun zegoen jokoa, eta horrek mesederik ez zien egin bisitariei. Arne Sloten taldea zen aukera argienak izan zituena.

Hutsean amaitu zen gatzik gabeko lehen zatia. Abiadura eske zen partida, baina ez Realak, ez AZ Alkmaarrek, ez zuten horretarako urratsik egin. Orekatua izan zen lehen erdia.

Aldageletatik itzuli orduko lehengo joerari eutsi zion norgehiagokak. Makal zelairatu ziren bi taldeak, eta Adnan Januzaj izan zen Realaren aldetik grina apur bat erakutsi zuen bakarra. AZ Alkmaar izan zen gola gertuen izan zuen taldea, ordea; 56. minutuan hankasartzea egin zuten Realeko atzelariak, eta korner bat bakar-bakarrik errematatu zuen Karlssonek.

Gainetik atera zuen baloia Alex Remirok, eta horrek saihestu zuen Reala markagailuan atzetik jartzea. Hurrengo minutuan beste aukera izugarri ona izan zuen Koopmeinersek. Area kanpotik egindako jaurtiketa indartsu bat langara bota zuen.

Haietxek izan ziren Realaren minuturik eskasenak. Herbeheretakoek aukerak sortu zituzten, eta txuri-urdinak ia gerturatu ere ez ziren egin aurkariaren atera. Aldi bakarretako batean penaltia eskatu zuen Mikel Oiartzabalek; 64. minutua zen, eta erritmo aldaketa baten ostean lurrera jausi zen. Epaileak ez zuen ezer adierazi. Suspertuko zuen jokaldi baten bila zebilen taldea, eta 79. mintuan izan zuen partidaren norabidea aldatzear egin zen abagunea. Roberto Lopezek falta jaurtiketa indartsua egin zuen area ertzetik, baina alderatzea Porturi iritsi, eta Willian Josek oztopatu zuen.

Neurketaren hondarrean apurtzera egin zuen partidak, eta bi taldeek gerturatu ziren kontrarioaren ate ingurura. Ez ziren gai izan golik egiteko, ordea, eta hor amaitu zen neurketa. Azkenean, lehian segitzeko adinako puntu banaketa, eta astebetez gutxienez. Napoliren itzalean egon beharra. Bi puntuko abantaila hartu dute italiarrek, eta lidertzan dira bart Rijeka azpiratuta (2-0).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.