Reala 2-2 Rijeka

Bere eskuan segitzen du

Realak bina berdindu du Rijekaren aurkakoa; azken neurketan erabakiko da multzoko sailkapena. Txuri-urdinek atzetik egin dute neurketaren zati handi bat

Adnan Januzaj, Rijekako jokalari bat atzean utzi nahian, atzo, Anoetan jokatutako Europa ligako neurketan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Reala. Remiro; Zaldua (Gorosabel, 66'), Zubeldia, Le Normand, Monreal; Zubimendi, Merino; Oiartzabal (Portu, 80'), Silva (W. Jose, 66'), Januzaj (Lopez, 80'); eta Isak (Bautista, 56').
Rijeka. Nevistic; Tomic, Velkovski (Escoval, 85'), Galovic, Capan, Stefulj; Halilovic, Loncar, Menalo; Muric (Pavicic, 74'), eta Andrijasevic (Yateke, 85').
Golak. 0-1. Velkovskik(36'). 1-1. Bautistak (69'). 1-2. Loncarrek (72'). 2-2. Monrealek (85').Epailea. Joao Pinheiro. Txartel horia Realeko Merinori etea Rijekako Andrejasevici. Halilovici.Bestelakoak. Pandemia dela eta ez da ikuslerik izan Anoetan.

Bezperan nola, biharamunean hala. Realak berdindu egin zuen atzo Rijekaren aurka, eta gauza bera egin zuten Napolik eta AZ Alkmaarrek. Partida baten faltan ez da aldatu egoera. Edo bai: arerio makurrenaren aurka jokatu beharko dute txuri-urdinek hil ala biziko neurketa. Halere, bere eskuan da Europa ligan aurrera egitea. Irabazi, eta kito.

Atzokoan ez zen halakorik jazo. Realak goian egindako presioarekin hasi zen neurketa, eta etxekoek izan zuten baloiaren jabetza eta jokoaren gidaritza. Antolaketan asmatu arren azken metroetan zirrikiturik ez zuten aurkitzen. Harik eta 19. minutuan Nevisticen ateak parez pare zabaltzeko tankera hartu zuen arte. Isakek eskuarekin ukitu zuen Rijekaren area barruan, baina hasiera batean tronpatu egin zen Joao Pinheiro epailea, Realaren aldeko penaltia adierazi baitzuen. Marrazainarekin hitz egin ostean okerra zuzendu, eta erabakia aldatu zuen. Epaile portugaldarrak gisa horretara narrastu zuen Europa ligan zuzendu zuen lehen partida.

Hortik aurrera, gutxika-gutxika itzaltzera egin zuten txuri-urdinek, eta garesti ordaindu zuten hori. Aukerak sortzeari utzi zion, eta Rijekak ez zuen lehen zatiko aukera bakarra alferrik galdu. 36. minutuan aldeko kornerra izan zuen, eta lehen zutoinean Menalok buruz ukitutako baloia gisa horretara sareratu zuen Velkovski atzelariak. Kolpe gogorra izan zen hori Imanolen jokalarientzat, eta ezin izan zuten deus egin atsedenaldira artean.

Bigarren zatian kale edo bale egin beharrean zelairatu zen Reala. Atsedenaldiaren ostean, Napoli irabazten ari zen AZ Alkmaarren aurkako neurketa. Bere lanak egin ezin, ordea, gipuzkoarrek. Domaia. Bazekiten garaiz suspertzen ez baziren markagailua iraultzea zailago izango zutela gero, eta lehen minutuetan erabat egin zuen aurrera. Robin Le Normandek urrundik egindako jaurtiketa kasu.

Hobekuntza aurkitu nahian aldaketa sorta garaiz egin zuen Imanolek, eta ondo atera zitzaion jokaldia. Bigarren zatian zelairatutako Andoni Gorosabelek egindako erdiraketa bat ondo probestu zuen Isak ordeztu zuen Jon Bautistak, berdinketaren gola egiteko. Hogei minuturen faltan, gol bat nahikoa zuen Realak Europa ligako final hamaseirenetara sailkatzeko.

Alferrik, ordea. Baloia donostiarren areara estrategia jokaldi batean gerturatu zen bigarren aldian bigarrena egin zuen Rijekak. Loncarrek, kornerrez, berriz ere. Minutu gutxiago jokatzeko, eta ostera hutsetik hasi beharra. Partida traza eskasa hartzen hasia zen Realarentzat.

Alabaina, beranduegi izan aurretik indarrak orekatzea lortu zuten donostiarrek. Behin eta berriz Rijeka zuloan sartzeak arnasa hartzea ahalbidetu zion. Natxo Monrealek baloi bat jaso zuen area barruan, eta jaurtiketa indartsu batekin binakoa egin zuen. Denbora bazuen. Ahala, auskalo.

Realari gol batek asko argituko zion fasea gainditzea. Ez zen txuri-urdinen garaipeneko golik iritsi, ordea, eta binako berdinketarekin amaitu zen neurketa. Bai bestea ere. Kontuak hala, Italian erabakiko da dena; zaildu zaio bidea Realari. Aurkari makurrena izango du aurrean, baina lehen ere garaitu ditu Napoli baino hobeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.