Reala 1-3 Leipzig

Neurria hartu ezinda

Realak galdu egin du Leipzigen aurka, eta Europatik kanpo geratu da. Berandu bizitu dira etxekoak, eta ordaindu egin dute. Bisitariek bi penalti izan dituzte alde

Mikel Oiartzabal, burumakur, taldekide baten animoak jasotzen, partida amaieran, atzo, Anoeta estadioan. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Reala. Ryan; Zaldua, Aritz, Zubeldia, Le Normand (Silva, 60. min.), Aihen; Zubimendi, Rafael (Sorloth, 83. min.), Oiartzabal, Portu (Januzaj, 60. min.); eta Isak (Djouahra, 90. min.) .
Leipzig. Gulasci; Simakan, Orban, Gvardiol, Klostermann; Laimer (Haidara, 65. min.), Olmo (Poulsen, 78. min.), Kampl (Adams, 90. min.) Henrichs (Angelino, 65. min.); Nkunku, eta Andre Silva (Fosberg, 65. min.).
Golak. 0-1. Orbanek (39. min.); 0-2. Andre Silvak (59. min.) 1-2. Zubimendik (67. min). 1-3. Fosbergek, penaltiz (89. min.).Epailea. Anthony Taylor. Txartel horiak Leipzigeko Tedescori, Andre Silvari eta Kampli.

Realari amaitu zaio Europa ligako ibilbidea. Txuri-urdinek galdu egin zuten atzo Leipzigen kontra, Anoetan, eta zapuztu egin zaie Europako lehiaketan urrunera iristeko ametsa. Donostiako taldea itzulikoari neurria hartu ezinda aritu zen; lehen ordubetean gutxi estutu zuen aurkaria, zain egon zen, eta suspertzerako beranduegi izan zen. Bigarren urtez segidan, ligaxkaren osteko lehen kanporaketa gainditu ezinda geratu da.

Reala joaneko partidako antolamendu berarekin zelairatu zen; Igor Zubeldiak atzeko lerroa indartuta, Leipzigi utzi zion jokoaren gidaritza. Alemanian baleko emaitza eskuratu zuen Realak, eta presarik ez zuen hasiera batean. Hala, bisitariek eduki zuten baloia lehen minutuetatik. Txuri-urdinak zer gerta zain zeuden, eta horixe izan zuten lasta.

Leipzigek han-hemenka erabili zuen baloia, baina min handirik egin gabe. Ondo kokatuta zeuden etxekoak; hori bai, donostiarren area zapaltzen zuten aldiro estutasunak sortu zituzten, izan aurrelarien abiadurarengatik, izan Matt Ryanek baloia aldentzerakoan izandako zailtasunengatik. Atepean erakutsitako sendotasunik ez zuen eduki baloia jokatzen.

Hala iragan ziren lehen hogei minutuak, Leipzigen aukera bakan batzuekin, harik eta Realak aurrerako urratsa egin zuen arte. Metro batzuk irabazi zituen, ez gehiegi, baina bai aurkariaren suhartasuna baretzeko adina.

Lehen zatia itzaltzen ari zenean heldu zen kolpea. Jokaldi bakartu batean Leipzigek erraz egin zuen txuri-urdinen areara, eta Ryanek lurrera bota zuen Chris Nkunku. Bisitarien aldeko penaltia adierazi zuen epaileak. Andre Silvaren jaurtiketa geratu egin zuen Ryanek, baina Willi Orbanek alderatzea baliatu zuen 0-1ekoa egiteko. Partidako lehen erdian nagusitu izanaren saria eskuratu zuen Leipzigek 39. minutuan.

Realak bigarren zati osoa zuen berdintzeko, lehendabizi, eta aurretik jartzeko, gero. Baina kontrarioa gehiago estutu behar zuen horretarako; zelai zati bat jan. Presioa aurrerago egitea izan zitekeen aukera bat, baina bigarren zatiaren hasieran ez zen halakorik gertatu. Leipzig eroso zegoen , eta Realari argitasuna falta zitzaion jokoa antolatzeko orduan.

Hala ailegatu zen bisitarien bigarren gola; Realak zelai erdian baloia zuenean ez zuen aurrerako urratsa egiten jakin. Alemaniarrek bai, ordea: baloia berreskuratu orduko atea izan zuten jomugan, eta 58. minutuan Andre Silvak egindako jaurtiketa indartsuak ekarri zuen 0-2koa. Ordu erdiren faltan, neurketak itxura txarra hartu zuen Imanol Alguacilen jokalarientzat.

Suspertzeko saiakera

Suspertzea baldintza, bi aldaketa egin zituen batera prestatzaile oriotarrak. Adnan Januzaj sartu zuen Cristian Porturen ordez, eta David Silvak Robin Le Normand ordeztu zuen. Sasoiko atzelari onena kenduta arriskatzea erabaki zuen teknikariak.

Aldaketek berehala eman zuten fruitua: hiru minutu geroago,Martin Zubimendik aldea murriztu zuen. Epaileak denbora asko igaro zuen haren gola ontzat emateko, baina Reala hazi egin zen gola markagailura igo orduko. Bere aukeretan sinesten hasi zen, zaleek suspertuta.

Hurrengo minutuetan aurrerapauso nabarmena egin zuen Realak, eta bizitasun handiagoz ailegatu zen aurkariaren areara. Gainera, oraindik bazuen markagailua orekatzeko denbora; hogei minutu baino gehiago falta ziren.

Kontuak zer diren, ordea, minutuek aurrera egin ahala, baretu egin zen jokoa. Realak nahiari eutsi zion, baina zirrikiturik aurkitu gabe. Imanolek Alexander Sorloth zelairatu zuen, azken estutualdi baterako, baina norvegiarrak huts egin zuen atearen aurrean.

Eta hurrengo jokaldian, Leipzigen hirugarrena sartu zuen. Bisitariek erasora egin zutenean Aritz Elustondok eskuarekin ukitu zuen baloia, eta bisitariek kanporaketako hirugarren penaltia izan zuten aldeko. Oraingoan, lehendabizikoan asmatu zuten: Emil Forsbergek sartu zuen.

Bost minuturen faltan, aukerarik gabe zen Reala, eta etsita, gainera. Atzetik aurrerakoa egiten berandu hasi zen, eta garesti ordaindu zuen. Kosta egin zitzaion neurketaren bila joatea, eta ohartzerako, Leipzigek kanporaketa poltsikoratu zuen. Europan inor ez da zain egoten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.