Kataluniako prozesu subiranista. Europako Parlamentua

Gorenaren erabakia dela eta, Sassolik hutsik utzi du Junquerasen eserlekua

Parlamentuko presidenteak diputatu izaera aitortu die Puigdemonti eta Comini. Espainiako Auzitegi Gorenak bidalia du suplikatorioa

David Sassoli Europako Parlamentuko presidentea, atzoko saioan. BERRIA.
Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Jakin-mina piztu zuen David Sassoli Europako Parlamentuko presidenteak Toni Cominen eta Carles Puigdemonten lehen saioan esan beharrekoak. Saioaren hasieran hitz egin zuen politikari italiarrak, eta, bere hitzek ahalik eta erreakzio gutxien sortze aldera-edo, beste hainbat gairekin batera aipatu zuen Kataluniako bi buruzagi subiranistena, gaiaren inguruko mintzaldirik ez egoteko, eta ez zuen azalpen handirik eman. Halere, txaloak eta protestak izan ziren Comin eta Puigdemont aipatu zituenean. Beste biak bezala, Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohia ere eurodiputatua zela esan zuen—Luxenburgoko epaitegiak esandakoari jarraituz—, baina, Espainiako Hauteskunde Batzordearen erabakiaren ondorioz, hutsik utziko zuela Junquerasi zegokion eserlekua. Sassoliren arabera, Junquerasek joan den urtarrilaren 3an galdu zuen diputatu izaera.

ERCko liderrak errekurtso bat jarriko du Europako Batasuneko Berme Auzitegian, Europako Parlamentuaren erabakiaren aurka. Eskaria onartu ezean, Junquerasek parlamentari izateko aukera galduko luke; zerrendako hurrenak hartuko luke haren lekua, Jordi Solek.

Suplikatorioa

Aurreikusi bezala, Gorenak jada bidali du Europako Parlamentura suplikatorio bat izapidetzeko eskaria, Puigdemont eta Comin epaitu ahal izateko. Pablo Llarena epaileak joan den ostiralean adostu zuen suplikatorioa tramitatzea. Diputatuek baiezkoa ematen badute, bi buruzagi subiranistek duten immunitatea galduko dute.

Dena den, suplikatorio bat onartzeko prozesua konplexua da, eta hala azaldu zuen Jaume Duch parlamentuko bozeramaileak: «Dokumentua duela gutxi heldu da. Irakurriko dugu, eta beti egiten duguna egingo dugu: behar dugun denbora hartu gauzak ondo egiteko». Horrez gain, argi utzi zuen Estrasburgok ez duela «politikarik egiten» Kataluniako aferarekin, eta Europako Justizia Auzitegiaren, Espainiako Auzitegi Gorenaren eta abarren erabakiak «errespetatu eta jarraituko» dituztela. Ondorioz, prozesua etenda geratu da Sassolik datorren saio batean batzarrari dokumentua jaso dutela adierazi bitartean.

Behin hori egindakoan, zuzenbide gaietarako batzordeak txostengile bat izendatuko du, informazioa biltzeko prozesua hasteko. Jasotako informazioa eta akusatuen adierazpenak aztertu ondoren, baiezko edo ezezko gomendio bat igorriko du komisio horrek, eta, azkenik, Europako Parlamentuak bozkatuko du indargabetzea onartu ala ez.

Prozesua ez da laburra izaten. Normalean, hilabeteak igarotzen dira suplikatorioak onartzerako. Lider subiranisten kasuan, gainera, gaia oso politizatuta dago; hortaz, zeresan handia eman lezake, eta posible da prozesua ohi baino konplexuagoa bilakatzea eta luzeagoa izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.