Euskararen Legearen erreforma

«Ez dugu eskubiderik galdu nahi; are gutxiago, UPNren kasketaldi batengatik»

Eremu ez-euskaldunera pasatzeko eskea txarretsi dute Zizur zendeako kontzeju gehienek. Gehiengo osoa baliatu du UPNk mozioa onartzeko
Kontzejuetako ordezkariek atzo Iruñean eginiko agerraldia.
Kontzejuetako ordezkariek atzo Iruñean eginiko agerraldia. J. MANTEROLA / ARP

Ion Orzaiz -

2017ko maiatzak 11
Ez dute nahi. Zizur zendeako hainbat kontzeju, elkarte eta norbanako ez daude ados UPNk eremu ez-euskaldunera pasatzeko aurkeztu duen mozioarekin. Atzo, erabakiaren aurkako agerraldia egin zuten eragileek, eta zendea osatzen duten zortzi kontzejuetatik zazpiren babesa dutela azaldu zuten. Babes hori, baina, ez zen nahikoa izan: atzo iluntzean eginiko osoko bilkuran, Zizur Zendeako Udalean duen gehiengo osoa baliatu zuen UPNk, zendea eremu mistotik atera eta eremu ez-euskaldunean sartzea ofizialki eskatzeko.

Udaletxean zirenen txistu eta oihu artean onartu zuten mozioa. Kanpoaldean, dozenaka herritar elkartu ziren, UPN: gure hizkuntza eskubideak errespetatu! zioen pankarta baten atzean. Erreniega hautets elkarteko eta Geroa Bai koalizioko kideak ere izan ziren protestan. Enrique Miranda Undioko kontzejuko bozeramaileak gogor egin zuen UPNren kontra, eta «gaizki hezitako umeen kasketarekin» jokatu izana aurpegiratu zion Jesus Antonio Barrikarte alkate erregionalistari. «2011n alkatetza eskuratu zuenetik ari da erakusten euskararen kontrako jarrera, baina gu ez gaude prest hizkuntza eskubideak galtzeko, are gutxiago UPNren kasketaldi batengatik».

Oso haserre hitz egin zuen Erreniegako zinegotzi Izaga Mendiorozek ere: «Badirudi UPNri ez zaizkiola inporta zendeako biztanleen hizkuntza eskubideak; ez diola axola umeek D ereduan ikasteko, garraiorako, jantokirako eta euskarazko eskolaz kanpoko ekintzetarako eskubidea galtzea; eta ez zaio inporta familiek 0-3ko euskarazko lerroko eskola izateko eskubidea galtzea».

Izan ere, hautetsien esanetan, eremu mistotik ateratzeak «kalte itzela» eraginen lieke Zizur zendeako herritarrei. Besteak beste, kirol, kultura eta aisialdi ekitaldiak euskaraz antolatzeko diru-laguntza galduko lukete udalak nahiz kontzejuek, eta euskara teknikaria kontratatzeko laguntza ekonomikoa ere desagertuko litzateke. Horrez gainera, Zizur zendean dago Nafarroako ikastola handiena ere: San Fermin ikastola. Eremu ez-euskaldunera igarota, hark ere diru laguntza jasotzeko aukera galduko lukeela esan zuten kontzejuetako ordezkari politikoek.

Eremu mistoak herritarrei eskaintzen dizkien eskubideak UPN «gogaitu» egiten dutela gaineratu zuen Mendiorozek atzoko agerraldian. «Horregatik murriztu nahi dizkigu eskubideak, gehiengo osoa baliatuz».

Iruñerrian UPNk kontrolatzen duen udal bakarra da Zizur zendeakoa, eta Nafarroako Administrazioarekiko Auzitegiak behin baino gehiagotan egin du hango hizkuntza politikaren aurka. Zehazki, herritarrek arreta euskaraz jasotzeko eskubidea dutela berretsi du azken epaietan, eta 2013ko nahiz 2016ko lantalde organikoak baliogabetu ditu, UPNk ez baitzuen euskara eskakizun duen lanposturik ezarri. Kontzejuen esanetan, epai horiek guztiak bete beharrean «alkateak nahiago izan du jokoaren arauak aldatu, eremu ez-euskaldunera pasatuz gero, legeak ez baitu ezertara behartuko».

Eskaera parlamentuari

UPNren erabakiaren kontra, sinadura bilketa abiatu du Zizur zendeako herritar talde batek. Horrez gainera, mozioak onartu dituzte zazpi kontzejutan; eta horietan, laguntza eskatzen diete Nafarroako Parlamentuko alderdiei, erregionalisten nahiei men egin ez diezaieten, eta eremu aldaketa ezinezko bihurtzeko mekanismoren bat ezar dezaten.

Auzi honen inguruan, Maria Solana Hezkuntza kontseilariak esana du Nafarroako Gobernuak ez duela onartuko atzerapausorik hizkuntza eskubideetan .

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna