Unai Irigarai Oses.
Euskaraldia. ANALISIA

Nire lagun euskalduna

2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Amorrua eragiten didate inguruan ikusten ditudan kartel elebakar erdaldunek. Bai, ezin dut haiekin. Amorrua eragiten didate ere euskarazko testua dutenek, hura bertze hizkuntzak baino letra txikiagoa edo xeheagoa dutenek, alegia. Nafarroako eremu euskaldunean bizi naiz, pribilegiatua. Ikasketak burutu bitartean Irun?ean bizi izan nintzen. Eremu mistoa deitzen diote Irun?eari eta euskara ez da ofiziala bertan; askok ez dute euskara bere eta, hortaz, ez dute beharrezko haien bizitzetan. Egoera aproposa gorroto ditudan afixa horiek nonahi ikusteko.

Aipatu dudan moduan, nire herria, Auritz, eremu euskaldunean kokatzen du Euskararen Foru Legeak. Hala ere, gaztelania da nagusi karriketan, baita etxe barrenetan ere. Aunitzek euskara zama moduan hartzen dute eta ez dute behar haien egunerokoan. Herriko bestak antolatzen ari ginela, herriko plazan arituko ziren musika taldeen kartela egin zuten lagunek eta nire amorruarentzako, gaztelania hutsean egin zuten. Testua euskaratu eta euskaraz jar zezaten eskatu nienean, ez zuten aurpegi onik jarri, baina azkenean, kostata, kartel elebiduna egin zuten. Garaipen txiki bat.

WhatsAppeko egoeran jarri nuen kartela eta euskararen borrokan lagun dudan pertsona baten mezua jaso nuen: «Garai hauetan oraindik ere beharrezkoa da kartel hauek bi hizkuntzatan plazaratzea?» zioen mezuak. Niretzako garaipen bat zena berarendako porrota zen. Segituan konturatu nintzen ikuspuntu desberdinak genituela, alegia, posizio desberdinetatik heltzen geniola euskararen borrokari.

Tankera honetako mezuak entzun ditut noizbait eta hasieran aipatu dudan amorru hori eragiten didate; izan ere, gure etengabeko borrokaren gutxiespena bertzerik ez dira horrelakoak. Txikikeria irudituko zaio aunitzi Aurizko bestetako kartela elebidun argitaratzea, Tuterako suzirian «Gora Tutera!» oihua botatzea edota Nafarroako Unibertsitate Publikoan heldu den ikasturtean karreraren batean euskarazko 6 kreditu gehiago egotea. Aunitzendako txikikeria dena guretzako garaipen txikiak dira; eguneroko lanaren emaitza eta euskararen normalizazioaren ikur.

Gure lubakietatik garaipen txiki horiek borrokatzen eta ospatzen jarraitzea dagokigu, euskarak hamaika errealitate desberdin bizi dituelako Euskal Herriaren luze zabalean eta beharrezkoa da hauei modu desberdinetan eustea. Euskararen etorkizunak begirada eta egiteko modu berriak behar ditu, anitzak eta lekuan lekuko berezitasunak kontuan hartuko dituztenak. Ordea, borroka konpartitua da gurea, denok baikaude euskararen alde arraunean, eta honen adibide on bat da azken urteetan Euskal Herriko campusetako Euskara Taldeek bultzatu duten elkarlana; campus bakoitzak duen errealitatea kontuan izanik, borroka desberdinak piztu dituzte helburu argia izanik: unibertsitate euskaldunak. Gaur artekoak egindakoak ez du euskararen salbazioa ekarri, ezta honen normalizazioa ere. Hortaz, euskararen auzia lantzen jarraitu dezagun, ongi egindakoak kontuan izanik, modu berriak mahaigaineratuz eta batez ere, dena kontra izanda ere, egunero-egunero euskararen alde lanean ari diren euskaldun eta euskaltzale nekaezinak zainduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.