Hamarrekoa osatu du

Alberto Zerainek Annapurna igo du, Jonatan Garcia soka lagunarekin; igoera zaila izan da. Azken urtean hirugarren zortzimilakoa du Zerainek

Alberto Zerain, 2x14x8000 egitasmoko espedizio batean. 2X14X8.000.
ainara arratibel gascon
2017ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Hamar orduko igoera, hamargarren zortzimilakoaren gainera igotzeko. Alberto Zerain alpinista (Gasteiz, 1961) Annapurnako (8.091 metro) tontorrera igo zen atzo goizean, eta lau zortzimilako baino ez zaizkio falta hamalauen balentria osatzeko. Igoera gogorra eta zaila izan zen, eta eguraldi txarra tartean. Jonatan Garcia Barakaldoko alpinista izan zuen soka lagun —harentzat lehen zortzimilakoa izan da Annapurna—, baita Nives Meroi eta Romano Benet italiarrak ere. Guztiek kanpamentu nagusirako bidea hartu zuten berehala. Zerain tontorrez tontor dabil, azken urtean beste bi zortzimilako igo baititu:Dhaulagiri (8.167 metro) eta Manaslukoa (8.163 metro).

Juanito Oiartzabalekin batera abian jarritako 2x14x8.000 espedizioaren barnean igo da Annapurnara Zerain. Baina, Manaslun gertatu bezala, Oiartzabal ez da bertan egon, ez baita osatu Dhaulagirira egindako espedizioak eragin zizkion osasun arazoez.

Herenegun iluntzean abiatu ziren 7.100 metrora jarria zuten kanpamentutik. Mendiaren zatirik zailena izan ez arren, bazekiten geratzen zitzaien bideak teknika handia eskatzen zuten zatiak zituela. Are gehiago eguraldi txarrarekin. Aditu askok diote zortzimilakoen artean zailena eta arriskutsuena dela Annapurna. Hala baieztatu zuten Zerainek eta haren kideek. «Oso luzea eta nekagarria izan da igoera», nabarmendu zuen Zerainek. Baina «oso pozik» zeudela gaineratu zuen: «Batez ere lortu dugun moduagatik: bigarren kanpamentutik gauzak gainean hartuta, zer topatuko genuen jakin gabe eta oztopoak sortu ahala gaindituz», esan zuen Zerainek.

Ulertzekoa da poza. Izan ere, bost aste iraun du espedizioak, eta hasieratik izan dituzte zailtasunak. Haien asmoa Annapurnara bide alemanetik igotzea zen, baina bertan arrakala handi bat agertu zen, eta ezinezkoa izan zen. Irtenbidea frantsesetik egitea zen. 1950ean Annapurnako gaina jo zuten lehen mendizaleek bide hori erabili zuten.

Baina alemana baino dezente arriskutsuagoa da. Maiz izaten dira luiziak eta elur-jausiak. Gainera, etengabe elurra egin die, eta bidearen zati bat haiek ireki behar izan dute. Sei egunez, gainera, kanpamentu nagusian egon behar izan zuten, eguraldi txarrarengatik.

Zerainek eta Garciak espedizioan bide lagun izan dituzten Meroik eta Benetek marka egin dute. Lehen bikotea da hamalau zortzimilakoak igotzen. Oxigenorik gabe egin dute. Meroi, halaber, hamalau zortzimilakoak oxigenorik gabe igo dituen mendizalerik helduena da: 56 urte ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.