Sanferminak Iruñean. Entzierroa

Emozio gutxi laugarrenean ere

Jandilla ganadutegiko zezenek lasterketa azkarra eta garbia egin dute laugarren entzierroan. Bost zauritu egon dira kolpeengatik; horietako lau, arin zaurituak, baina 19 urteko gazte bat larri dago, buruan kolpea hartu eta gero

Emozio gutxi laugarrenean ere.
Ane Eslava.
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Berriz ere gertatu da: Jandilla ganadutegiko zezenek entzierro azkarra eta garbia egin dute. Laugarren entzierroa zen atzokoa, eta aurrekoen oso antzekoa izan zen. Adarkaturik ez zen egon, eta bost zauritu izan ziren: lau, arin zaurituak, baina 19 urteko gazte bat larri dago, buruan kolpea hartuta; zainketa intentsiboetako unitatean dago. Zezenek bi minutu eta 19 segundoan zeharkatu zituzten ibilbideko 849 metroak. Abiadan, elkarrekin, eta joaldunek gidatuta egin zuten bidea, korrikalariei jaramon handirik egin gabe.

Erlojuak goizeko zortziak jo zituenean atera ziren ukuiluetatik arratsaldean hilko zituzten zezenak: abiadura bizian, lau joaldun aurrean zituztela, eta hala egin zuten ibilbide gehiena. Alboetara begiratu ere egin gabe igo zuten San Domingoko aldapa, eta lasterkariek ez zuten aukera handirik izan haiengana gerturatzeko.

Zezenek eta joaldunek ongi hartu zuten Estafetako bihurgunea ere, erori gabe. Ohi denez, Estafetan aurreko zatietan baino jende gehiago zegoen. Asteartean korrikalari gutxiago egon ziren ibilbidean, aurreko eguneko ekaitzarengatik, eta atzo jende gehiago sumatzen zen. Kalearen hasieran, lagun batzuk erori egin ziren, eta pilaketa txiki bat sortu zen, baina ez zen ezer gertatu. Kalearen 300 metroetan, lasterkari ausartenek aukera izan zuten zezenen adarretara gerturatzeko, eta horietako batzuk erori egin ziren zezenen aurrean jartzeko lehian ari zirenean.

Animaliek zuzenean igaro zuten Telefonicako zatia eta kailejoia, baina zezen beltz batek adarra bizkarretik pasatu zion korrikalari bati, eta izua sortu zuen. Ez zion adarra sartu, baina gizona lurrera jausi zen, eta gainetik pasatu zitzaizkion animaliak. Plazara heltzerako, samalda nahiko sakabanatuta zegoen, abiaduraren ondorioz. Zezen bati kostatu egin zitzaion ukuiluan sartzea, eta kapoteekin bideratu zuten. Kronometroak bi minutu eta 19 segundo markatzen zituenean jo zuen suziriak. Jende gehiago egoteak erorialdi gehiago eragin zituen atzo.

Azken hildakoa, Jandillekin

Atzo, Jandillako zezenek hogeigarren aldiz parte hartu zuten sanferminetan. Iaz ere entzierro azkarra egin zuten, baina zazpi lagun zauritu zituzten, horietako bat adarkadaz. Entzierro garbiak egin izan dituzte zezen horiek, baina lasterketa bakarrean adarkatu gehien eragin dituztenak dira: 2014an, zortzi lagun adarkatu zituzten egun bakarrean. Gainera, entzierroetan hil den azken korrikalaria Jandillako zezen baten adarkadarengatik zendu zen: Daniel Jimeno. Atzo hamar urte bete ziren ezbehar hori gertatu zenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.