Ez aldatu ona dena

Eibarrek bosgarren denboraldiari ekingo dio Lehen Mailan, eta azken urte luzeetan ia ikusi gabekoa egin du klubak: aldaketa gutxi taldean. Egonkortasuna eta konfiantza eragin ditu horrek, lehia hastear dagoela.

Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Ondo dabilena ez aldatzea izaten omen da onena, eta Eibarrek bete egin du hori denboraldi hau prestatzeko garaian. Izan ere, aurreko sasoitik jokalari askok jarraitzen dute, eta baita egitasmo honetan oinarri-oinarrizkoa denak ere: Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak. Taldea bosgarren sasoia betetzera doa elitean, eta entrenatzailearen laugarren denboraldia izango da asteburuan hasiko dena.

Ez da ohikoa izan Eibarren horrelako bideetan ibiltzea, aldaketak egin zalea izan delako ia beti. Orain, ez. Orain, jokalari asko dauzka bereak, lehen utzitakoak izaten zituen bitartean, eta horrek aukera ematen dio egitasmoari segida emateko. Falta diren jokalariak eta etorri direnak zerrendatzen hasita, ondorengoa da: Dani Garcia, Inui, Capa, Jovanovic, Junca, Lomban, Alejo, Nano eta Rivera ez daude. Azkeneko biek utzita igaro zuten aurreko denboraldiaren bigarren erdia. Ekarri dituenak beste hauek dira: Marc Cardona aurrelaria, Sergio Alvarez euskarria, eta Bigas eta Martinez erdiko atzelariak [azken hori utzita laga dio Granadari]. Beste taldeetan utzita egon eta, gero, taldean dira Galvez, Calavera, Hervias, Elgezabal eta Bebe.

Mendilibarrek jokalari asko dauzka orain, eta, fitxaketak egiteko epea bukatzerako, bat edo bestek taldea utzi egin beharko du. Aldiz, ez du ematen beste inor etorriko denik, ez bada aukera onen bat pare-parean egokiera onean jartzen.

Denboraldi-aurrean, emaitzen garrantzia neurrian hartzeko modukoa izaten bada ere, Eibarrek lau partida irabazi ditu, beste horrenbeste galdu, eta bi berdindu. Golei dagokionez, hamabost sartzeko gai izan da, eta hemezortzi egin dizkiote aurkariek. Aterako zituen atera beharreko ondorioak Mendilibarrek, jokoaren alorrean batez ere, eta hemendik aurrera, probak bukatu eta benetako lehia hasiko da.

Aldatu ez den bestea ondo entrenatzeko ohitura ona da. Jakina da alde horretatik ere kalitate onekoak izaten direla Mendilibarren entrenamenduak, eta taldearen baitatik atera diren mezuak bide onean doaz. Denboraldi-aurreko aste hauetan, oso lan ona egin dute, eta Eibar prest da baldintza onenetan ekiteko Ligari, igande honetan, Huescaren aurka, Ipuruan (18:15).

Jokalari askok eta entrenatzaileak jarraitzearen ondorioa berehala ikusiko da igandetik bertatik. Mendilibarren Eibar hau ezaguna egingo zaie zaleei, jokatzeko modua ez delako aldatuko. Talde oldarkorra izango da, aurkariaren zelaian jokatzera aterako dena, erritmoa bizitu zalea, hegaletatik erdiraketa asko egingo dituena, presioa bere atetik ahalik eta urrutiena egingo duena, baloia galdu eta segituan berreskuratzera joango dena...

Aurkariek ondo dakiten arren nola jokatzen duen Eibarrek, ez zaie erraza egiten gainditzea, eta zailtasun horiek Ipuruan ikusten dira gehienbat. Igandetik bertatik dauka aurkari bat estutasunetan jartzeko aukera, eta ondo hastekoa ere bai. Ikasi eta ikusi zuten denek aurreko sasoian zer den nahi bezala ez hastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.