Donostiako 79. Musika Hamabostaldia. Judith Jauregi. Pianista

«Gaztea naiz aro jakin bateko musikan espezializatzeko»

Nazioartean ibilbide oparoa egina du jada Donostiako pianistak. Berriz ere etxean jotzeko aukera izango du Musika Hamabostaldian, Lina Tur Bonet biolinistarekin duoan, datorren ostegunean.
DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA

Andoni Imaz -

2018ko abuztuak 11
Gazte-gaztetatik nabarmendu zen pianoan Judith Jauregi (Donostia, 1985). Ikasi zuen Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan, Salamancako Goi Mailako Kontserbatorioan (Espainia) eta Municheko Richard Strauss Konterbatorioan (Alemania). Berehala eman zuen nazioartera saltoa, eta musika klasikoko gazte erreferenteetako bat izan da Europan ordutik. Abuztuaren 23an joko du Musika Hamabostaldian, Lina Tur Bonet biolinistarekin batera, Ostegun Musikalak San Telmon zikloan.

Etxera itzuliko zara, Donostiara. Hiriko txoko gehienak ezagutzen dituzu, baina jo al duzu sekula San Telmo museoan?

Ez, aurreneko aldia izango da, eta gogotsu nago; hiriko altxor bat da. Klaustroaren akustika oso berezia izan daitekeela uste dut, bertako bobedengatik. Gauez, Hamabostaldian eta inguru horretan, oso berezia izango da, ziur.

Museoko erakusketarekin bat egiteko, mitoarekin eta tradizioarekin lotu dituzte emanaldiak. Nola heldu diozue horri?

Erakusketari aipamena egiteko eskatu ziguten, eta bi lan aukeratu ditugu horretarako. Lehenengoa, kontzertuaren lehen zatiaren amaieran, Joaquin Turinaren Euterpe; Musas de Andalucía suiteko bigarren lana. Greziako mitologiako jainkosak Andaluziara eramaten ditu bertan. Gainera, bigarrena pianorako eta biolinerako idatzitako lan bakarra da suite osoan. Kontzertuko bigarren zatia hasteko, berriro helduko diogu mitoari, Christoph Willibald Glucken Orfeo eta Euridize operarekin. Fritz Kreislerrek pianorako eta biolinerako transkribatu zuen XX. mendearen hasieran. Operako melodia zentrala joko dugu: Orfeo azpimundura jaisten da jainkoek bahituta duten emaztea askatzera, eta musika ederra joz liluratzen ditu.

Bi bakarlari elkartu zarete kontzerturako.

Linak eta biok duela bi urte ezagutu genuen elkar, musika klasikoaren bueltako emakume batzuk elkartu gintuztenean erreportaje baterako. Harreman ona egin genuen berehala, eta esan genuen: «Zerbait egin behar dugu elkarrekin». Joan den udan kontzertu bat eman genuen Madrilen, eta oso gustura aritu ginen. Martxoan, Musika-Musica jaialdian jo genuen, Bilbon, Nadege Rochat biolontxelo jotzailearekin, eta orain pozik gatoz Hamabostaldira. Gainera, errepertorioak ez du iazkoarekin zerikusirik.

Mitologiari egindako bi keinuez gain, piano eta biolinerako sonata ezagunak joko ditugu, Maurice Ravel eta Claude Debussyrenak, besteak beste. Aurten betetzen dira 100 urte Debussy hil zela, eta guk ere omenaldia egingo diogu. Enrique Granadosen sonatarekin eta Manuel de Fallaren suite espainiarrarekin osatuko dugu errepertorioa.

XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako lanekin osatu duzue errepertorioa. Zer iradokitzen dizu garai hark?

Aro zoragarria da, musikalki oso interesgarria. Erromantizismoaren ondoren, denak egin zuen bira, eta hasi ziren soinu berriak bilatzen, harmoniekin arriskatzen, erritmoan askatasun gehiago izaten... Musikalki, garai distiratsua da. Ez bakarra, Erromantizismoan eta Klasizismoan ere musika ona egin baitzen, mende askoan. Baina osatu nahi genuen errepertorioa —Debussy, Granados, Falla...— bat etorri zen garaiarekin. Gainera, Donostian, Ravelengandik hain gertu, oso ondo funtzionatzen du.

Bakarlari moduan Txinan jotzetik zatoz.

Bost kontzertu eman nituen Txinako bost hiritan. Duela lau urte joan nintzen lehenengoz, eta ordutik itzuli gabe nengoen. Sekulako eboluzioa nabaritu dut; herrialdeak etorkizun oparoa izango du musikan. Oso jende gaztea egon ohi da entzuleen artean. Mendebaldeko musika duela 25 urte iritsi zen Txinara, eta han dena da berria. Ez dute tradiziorik, baina bai erreferenteak: Lang Lang eta Yuja Wang, esaterako. 40 milioi umek jotzen dute pianoa, sekulako haztegia da. Musikari eta entzule gazteek etorkizun oparoa ziurtatzen dute.

Maila pertsonalean ere oso interesgarria da publiko hasiberriaren aurrean jo eta musika nola jasotzen duten ikustea. Chopinen polonesa bat jo nuen, ederra eta entzunerraza, baina Ravelen Bals noble eta sentimentalak ere bai, arrotzagoak haientzat, eta prest zeuden ezagutzeko eta ikasteko.

Bi urte igaro dira X diskoa kaleratu zenuenetik; laugarrena zure ibilbidean, hirugarrena zuk zeuk sortutako Berli Music zigiluarekin. Orain, zer darabilzu esku artean?

Hausnarketa diskografiko baten erdian nago. Berli Music-en esperientzia zoragarria izan da; elkarren artean zerikusirik ez duten hiru proiektu sortu ditut askatasun osoz, hiru bidaia musikal egin ditut. Dena den, gaur egun nazioartean egiten dut lan batez ere, eta uste dut diskoetxe handiago baten parte izateko garaia dela, nire lana jende gehiagorengana hel dadin. Aukerak aztertzen ari naiz; ikusiko dugu nola gauzatzen den proiektua epe motzean.

Errepertorioari dagokionean, garai askotan jarria dut gogoa. Gaztea naiz, eta ez dut uste garai edo errepertorio jakin batean espezializatzeko unea denik oraindik. Uste dut prest egon behar dudala ikasten jarraitzeko, neure burua ezagutzeko eta neure soinua aurkitzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna