Natalia Arroyo. Realeko entrenatzailea

«Entrenatzaileak sentitu egin behar du ezarri nahi duen jokatzeko era»

Natalia Arroyo lehen hilabeteak ari da egiten Realeko aulkian. Zortzi bat jarri dio taldeak orain arte egindako lanari. Onartu du partidaz partida joatea dela zuhurrena, baina denboraldiko helburuez galdetuta, gora begiratzeko ilusioa dutela berretsi du.

LA LIGA.
ainara arratibel gascon
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Kazetaria, formakuntzaz. Gol telebista katean eta Ara egunkarian egindako iritzi emaile lanei esker egin da ezagun Natalia Arroyo Realeko entrenatzailea (Espluges de Llobregat, Herrialde Katalanak, 1986). Hori baliatu du aulkian egoteko formatzeko, eta orain iritsi zaio aukera.

Taldearen ikuspegitik eta zuk zeuk zer nota emango zenioke orain arte denboraldiak emandakoari?

Nota altu bat izango litzateke. Ziurrenik, zortzitik gertu egongo litzateke. Izan ere, ekartzen dituzun ideiak baloiarekin gauzak eraikitzean, defentsan oldarkor izatean eta jokoan ekimena edukitzean oinarritzen badira, denbora behar da barneratzeko. Baina uste dut ideia horietako asko zelaian islatzen ari dela taldea, eta bai futbol ikuspegitik eta emozionalki taldea indartsu dagoela, eta partidaz partida lortu du zerbait hazten segitzeko.

Larunbatean, Bartzelonaren zelaian 5-1 galdu arren, partida oso ona jokatu zenuten, eta amaieran esan zenuentaldea gertu egon zela nahi duzuenetik. Zeintzuk dira taldeak sekula galtzea nahi ez duzun ezaugarri horiek?

Asko aipatzen dugu gure artean talde gaztea garela, eta esperientziarekin. Gaztetasun hori antzeman behar da taldeak partidaren bila joateko eta gauzak egiteko ausartzeko garaian. Bartzelonaren aurkako partidak egoera zail askotan jartzen gintuen, aurrean talde handia genuelako, eta asko kostatzen delako halako talde baten aurka zure jokatzeko era zelaian erakustea. Taldea lehen minutuetako estualdia gainditzen ari zela jaso zuen lehen gola. Baina ez zen kikildu. Alderantziz, hortik aurrera hazi egin zen, eta sekulako nortasuna erakutsi zuen. Hurrengo 60 minutuan oso onak izan ziren: lehen minutuetan izandako zailtasunak ahaztu, eta baloia ondo atera zuen Bartzelona bezalako talde baten aurrean, estu presio egiten jarraitu zuen, partidaren bila joaten segitu zuen....Hori da nahi dudan Reala.

Zuk buruan zenuen jokatzeko era hori ezarri ahal izateko jokalari multzoa topatu duzu, edo egokitu egin behar izan duzu?

Nik ideia batzuk nituen, eta klubak ezagutzen zituen ni fitxatzeko izan genituen lehen solasaldietatik. Ideia horiek izatea funtsezkoa da. Entrenatzaile batek sentitu egin behar du ezarri nahi duen jokatzeko era. Bestela, zaila izango da hori jokalariei transmititzea, eta haiek horretan sinestea. Hori oinarri hartuta, eguneroko lanarekin sinergiak sortzen zoaz, dituzun jokalariekin ideia horiek gauzatzen joateko. Batzuetan, ideiak horiek hobetu egiten dituzte zure jokalariek. Helburua jokalari bakoitza ahaltsu sentituko den testuinguruak sortzea da. Uste dut hala ere aldaketa ez dela horren handia izan. Ez dugu iraultza handi bat egin. Taldeak gauza asko egiten zituen ondo, eta horiek izugarri baliatu ditugu.

Hori kontuan hartuta, zein helburu izan behar du taldeak denboraldi honetan?

Partidaz partida joatea izan ohi da zuhurrena. Baina zuhurtzia hori oinarri hartatu, gora begiratu nahi du. Sasoiz sasoi taldeak izan duen hazkundeak eramaten gaitu, konformistak ez izatera. Ziur nago gauzak ondo egiten baditugu, eta lesioek laguntzen, badigute Europako borroka horretatik gertuago egongo garela. Beste klub batzuk, gainera, behartuago egon eta senti daitezke helburu hori lortzera. Ilusio hori izan behar dugu.

Izen propioei begiratuta, azken bi partidetan, Mariasun Quiñonesen ordez, Adriana Nanclaresen alde egin duzu atean. Nanclaresen aldeko apustua behin betikoa da?

Ikusiko dugu. Aipatu genuen bezala, atezainekin beste postuetako sentsibilitate eta irizpide berarekin jokatu behar dugu, guztiak baitira garrantzitsuak. Guztiek dute beren zama eta ardura. Jokalari bat jarri edo kentzeko erabakiaren arrazoiak askotarikoak izan daitezke: taktikoak, konfiantzari eta sasoiari lotutakoak... Mariasun, hala ere, ondo ikusten dut. Ondo entrenatzen ari da, eta Adrianari hazten laguntzen. Izan ere, ez dugu ahaztu behar, Adriana oso gaztea dela, eta Realarentzat etorkizuneko atezain bat izan daitekeela. Baina etorkizun horren barruan, ondo entrenatzen eta maila onean jokatzen jarraitzen badu, oraineko atezain bat ere badela, eta bi partida hauetan haren alde egin dugu. Guretzat hori berme bat erabakiak hartzeko orduan.

Nahikariz maiz hitz egin eta galdetu dizute. Baina nola ari zara ikusten?

Lehen egunetik ikusi dut ondo. Bere azalpenak eman ditu udan gertatu zenaz, eta orain oso sartuta ikusten dut. Buruan duen bakarra taldearekin batera haztea dela uste dut. Eta uste dut berak ere sentitzen duela denon helburua hori dela. Fisikoki izan dituen arazoak gaindituta, gainera, lasaiago eta disfrutatzen ikusten zaio.

Cecilia gero eta gehiago agertuko dela aipatu zenuen prentsaurreko batean. Harentzat denboraldi hau garrantzitsua izan daiteke eskarmentua hartzeko eta,azkenean joanez gero, Nahikariren lekua hartzeko?

Ceciliaren bidea edo parte hartzea ez dago beste jokalari baten etorkizunaren menpe. Aurreko sasoian izan zituen minutuetan eta honetan jokatu dituenetan erakutsi du nolako maila duen, eta zein gaitasun duen partidak erabakitzeko. Baina argi izan behar dugu jokalari gaztea dela, eta ezin diogula beregain jarri norgehiagokak erabakitzeko zama hori. Gainera, Nahikari areako jokalaria da, golegile petoa, eta Ceciliak gehiago jokatzen du hegalean, eta buruz buruko jokaldietan duen gaitasunagatik nabarmentzen da. Beraz, ezin ditugu parekatu. Ceciliarekin mantso joan behar dugu, lehen taldean sendotzen joan, eta minutuan pilatzen joan, Lehen Mailak eskatzen duen erritmo hori hartzen joateko.

Denbora honetan ikusi duzuna ikusi eta gero, zein bidetan doa emakumeen futbola, jokatzeko erari dagokionez?

Egia esan parekotasuna gero eta handiagoa da, bakoitzak bere baliabideekin gauzak ateratzen ditu. Sasoi honetan, gainera, lehiakortasuna are eta handiagoa dela uste dut. Txapeldunen Liga jokatzeko hiru toki egotea, eta lau talde jaisteak gauzak estuago jarri ditu. Hortik harago, uste dut jokatzeko erak oso heterogeneoak direla. Baina guztietan nabarmentzen ari da fisikoa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dela, eta gero eta bizkorrago eta intentsitate handiagoz jokatzen dela.

Urte askotan telebistako partidetan aritu izan zara iritzi emaile lanetan. Berdin disfrutatzen dituzu orain telebistaz ikusten dituzun partidak?

Ez dakit berdin edo desberdin. Esan dezaket disfrutatu egiten ditudala. Iritzi emaile aritzen nintzen partida horiek ideiak jasotzeko eta formatzeko baliatzen nituen. Ideia horiek koadernoetan bildu ditut urte askotan, egunen batean talde bat zuzentzeko aukera ematen bazidaten baliatu ahal izateko.

Hori egin gabe, partida bat ikusteko gai zara plazer hutsez?

Oso gutxitan. Izan ere,plazera aipatutako ideia topaketa eta ikasketa prozesu horretan topatzen dut. Iritzi emaile aritu nintzenean maila berean sentitzen nintzen entrenatzaile eta kazetari. Ez nituen bereizten.

Egunerokoak uzten dizu entrenatzaile moduan prestatzen segitzeko aukera ?

Oso gutxi. Partida aurreko prestaketak eta ondorenak dena hartzen hartzen dizu. Dena oso bizkor doa. Pentsatzen nuen hala izango zela, entrenatzaile askok esan didate. Beharbada, egin duguna azertzen dugunean ari naiz gehien ikasten.

Ikusten duzu zeure burua Espainiako Lehen Mailako gizonezko talde bat entrenatzen? Noiz iritsiko da emakume bat hori lortzera?

Beste herrialde batzuetan eman dira pausoak bide horretan, batez ere Bigarren Mailan. Uste dut emakumeen futbola hartzen ari den ikusgarritasuna kontuan hartuta, gero eta gertuago dagoela momentu hori, eta ikusgarritasun horri esker normaltasunez hartuko dela. Baina ez da bihar izango. Oraindik tarteko pauso batzuk falta dira. Adibidez, bigarren entrenatzaile kargura iristea emakume bat, edo fitxaketak egiteko eta analista karguetan... Futbola izan ez arren, NBA beti doa urrats bat aurrerago alor horretan, eta pixkanaka gero eta gehiago ikusten da hori. Hemen ere iritsiko da.

Zein entrenatzailerekin identifikatzen zara?

Guztietatik hartzen ditut ideiak, baita gauza txikiak ere. Adibidez, eta ez du jokatzeko erarekin zerikusirik, baina Deportivoko entrenatzaileak lehen partidan nola agurtu ninduen asko gustatu zitzaidan. Pentsatu nuen: nik ere hala egingo dut Zubietara datozenekin. Baina hortik harago, Imanolek duen energia eta jokalariekin duen tratua asko gustatzen zait, nik asko sinesten dudalako horretan. Bestalde, Jose Luis Sanchez Veraren Atletico Madrilek eta Lluis Cortesen oraingo Bartzelonak jokatzeko duten modua ere asko gustatzen zait.

Belarriprest txaparekin ikusi zitzaizun aurreko egunean, partida amaitu eta gero. Zer moduz ari zara euskara ikasten?

Zubietatik kanpo futbolak uzten didan denbora gehiena euskara ikasteko baliatzen ari naiz. Garrantzitsua iruditzen zait ikastea. Uste dut egin behar den gutxienekoa dela. Aldagelan ere asko erabiltzen da, eta jokoan ere abantaila bat izan daiteke, aurkari askok ez dutela ulertuko kontuan hartuta. Zaleekin konektatzeko modu bat ere izan daiteke. Aprobetxatu egin behar dugu euskarak ematen digun aukera hori.

Hurrengo elkarrizketa, euskaraz?

Saiatuko naiz, behintzat, galdera batzuk euskaraz erantzuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.