Alberto Azueta. Urune Hotelaren jabea

«Gaur saltzen ez dugun logela ez dugu bihar salduko; galduta dago»

aitor biain
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Neguko etenaren ondotik, martxoaren 23an ziren Urune hotela irekitzekoak, Muxikan (Bizkaia). Baina ezin izan diete bisitariei ostatu eman, bistan denez. Koronabirusaren krisiak denboraldiaren hasieran jo ditu, Alberto Azueta jabeak azaldu duenez. «Erabat biluzik harrapatu gaitu, erosketa guztiak eginda, mantenuko inbertsioak eginda, bi langile langabezian, eta ordaintzeko faktura ugarirekin».

Hotelaren arduradunak azaldu du Aste Santuaren inguruko egunak salduak zituztela, %100eko okupazioarekin, baina bertan behera utzi behar izan dituztela erreserba guztiak. «Galera handia da, sekulakoa. Batez ere, oraingo diru sarrerei esker itxita ematen ditugun hilabeteetako zuloak estaltzen ditugulako. Abendutik hona ez dugu diru sarrerarik izan». Azueta kezkatuta azaldu da, uste baitu krisiak urte osoari eragingo diola. Izan ere, hainbat ekitaldi handi ziren egitekoak aurten Bilbo inguruan, eta horiei lotutako erreserba ugari zituzten. Maiatzean zen egitekoa, esaterako, Makina-Erremintaren Biurtekoa, eta ekainean Europako Futbol Txapelketa. «Erreserbak bertan behera uzten ari gara orain, eta aurrez kobratutako dirua itzultzen. Kristo bat da hau».

Hotel txikia da, eta finkoak ez diren bi langile dituzte. Neguan langabeziara joaten dira, eta martxoan berriz hasi, baina, krisiaren eraginez, ezin izan diete kontraturik egin. «Normalean ez dute arazorik izaten, kotizatua izaten baitute. Baina kasu honetan tokatu zaigu langile bat nahiko justu aritzea, eta neurri oro aztertzen ari gara langile horri laguntzeko».

Erakunde ororekin harremanetan dira, baina Azueta ezkorra da erabat, eta ez du uste galdutakoa arintzeko modurik izango duenik. «Hoteleko logela produkturik iragankorrena da: gaur saltzen ez duguna ez dugu bihar salduko; galduta dago. Bihar biharkoa salduko dugu; beraz, ez dago ezer berreskuratzerik». Krisiaren hasiera baino ez dela dio, gainera, eta luze joango dela. «Udako erreserba ugari ere bertan behera uzten ari gara. Beraz, pentsa kolpea nolakoa izango den. Ea hau noraino iristen den».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.