Botere publikoa eta erlijioa. Gorka Urrutia. Gutxiengo erlijiosoen ikerlaria

«Ez nuke sustapen gisara interpretatuko; behar sozial batez ari gara»

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Gorka Urrutia doktore da Deustuko Unibertsitateko nazioarteko eta kulturarteko ikasketa programan, eta Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua zuzentzen du. Gutxiengo erlijiosoak eta giza eskubideak ikertu ditu, eta, alde horretatik, lege proiektuak onurak ekarriko lituzkeela pentsatzen du.

Jaurlaritzak ondo egiten du udalak kultu lekuentzako eremuak erreserbatzera behartuz?

Zentzua dauka, udalerri guztiak aterki beraren azpian jartzen dituelako, bata bestea baino zorrotzagoa edo malguagoa izan ez dadin. Izan dira kasuak non, esaterako, ebanjelikoek edo musulmanek zailtasunak izan dituzten kultu lekuak sortzeko egokiak diren espazioak eskuratzeko, arrazoi ezberdinengatik: leku faltagatik, herritarrak aurka zeudelako... Eta, horrek kudeaketa zailtzen duen neurrian, zenbait lekutan arrazoizkoagoak eta bidegabeagoak diren erregulazioak sortu ditu.

Bada, lege honekin, irizpide komun batzuk ezartzen dira, eta komunitate erlijiosoei argi uzten zaie zeintzuk diren kultu lekuak sortzeko bete beharreko baldintzak, diskriminaziorik egin gabe.

Kultu lekuen sustapen gisara ulertu daitekeela uste duzu?

Nik ez nuke sustapen gisara interpretatuko, behar sozial bat kontuan hartzen ari garelako. Oinarrizko eskubide batez hitz egiten ari gara: erlijio askatasunaz.

Zuk planteatzen didazuna estatuaren laikotasunaren ildotik doa, eta, alde horretatik, lege honek duen markoa nahiko partikularra da, bere burua akonfesionaltzat jotzen duen estatu baten barruan sortu delako. Horrek esan nahi du erlijio batek ere ez duela estatu izaerarik, eta administrazio publikoa ez dela konfesio partikular batekin erlazionatuko. Frantzian, adibidez, estatuaren eta erlijioen arteko bereizketa zorrotz bat dute, baina Espainiako markoan onartu egiten da botere publikoek gizartearen sinesmen erlijiosoak kontuan hartzea, eta baita horien arabera jokatzea ere. Eta Jaurlaritzaren legea eremu horretan kokatzen da, oinarrizkoa den eskubide baten erabilera bermatzeko helburuarekin.

Eskubideen berdintasun falta bati erantzuten dio, beraz?

Argi dago kultu lekuen legearen beharrak ez duela zerikusirik Eliza katolikoarekin, gutxiengoa diren komunitate erlijiosoekin baizik. Tradizionalki, klerikalismoaren eta antiklerikalismoaren arteko eztabaidara mugatu gara, baina konfesio berrien agertzearekin abanikoa zabaldu egin zaigu, eta inguruko errealitate berri horretara egokitzeko sentsibilitatea eta ezagutza falta izan zaigu.

Lege honek komunitate erlijioso minoritarioen beharrak normalizatzen lagunduko luke, errezatzeko edo bilerak egiteko elkartu nahi dutenek horretarako zentzuzko baldintza duin batzuk izan ditzaten. Ez gara opari batez hitz egiten ari. Espazio eta ekipamendu publikoak eragile sozialen eta gizarteko kolektiboen esku uzten dira, eta ideia da komunitate erlijiosoei dagokienez ere gauza bera egitea. Hau da, zuk ikusten baduzu zure udalerriko biztanleriaren %20 katolikoa dela, %5 ebanjelikoa dela eta %2 musulmana dela, eskura dituzun baliabideak pertsona horien beharretara ere bideratzea da proposamena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.