100 urterako hilkutxa berria

2016ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
2017rako amaitzea espero da Txernobylgo zentral nuklearraren 4. erreaktorea zigilatuko duen sarkofago edo babesleku berria. Amaitzeko premia handia da: zaharra pitzaduraz josita dago, eta aurten du iraungitze epea. Frantziako Novarka partzuergoa ari da lan horretan: 2012an hasi ziren, espero baino bost urte beranduago, eta 2017rako prest izan beharko dute. «Berebiziko garrantzia du proiektua 2017rako amaitzeak: ez soilik Ukrainarentzat, Europa osoarentzat baizik», adierazi zuen Sergi Kurikin Ukrainako Ekologia ministrordeak iaz.

Inoiz gizakiak eraikitako kupularik garestiena eta handiena izango da. Zaharrak baino bizitza luzeagoa izateko prestatu dute: 100 urte iraungo duela aurreikusi dute. Oso berezia izango da, erregai nuklearra ateratzeko aukera emango baitie kupula berriak. «Azal bikoitza» izango du, aire ganbera bat eta aireztapen sistema «sofistikatua», Nicolas Caille Novarkako proiektuaren arduradunaren esanetan. Beharrezkoa denean, makinaria sartu ahal izango dute sarkofagoaren barrura, erreaktorea desmuntatu eta kutsatutako materialak ateratzea ahalbidetuko duena. Hamarkadak iraun ditzakeen prozesua da, adituen arabera. Noiz desmuntatuko dute sarkofago zaharra? Nola? Zer egingo dute barruko hondakin nuklear horrekin guztiarekin? Erantzunik ez duten galderak dira oraingoz.

2.150 milioi euro baino gehiago kostatu da kupula. Finantzaketa hainbaten artean egin behar izan dute: Ukrainak kostuen %8 ordaindu du, eta Europak eta nazioarteko komunitateak gainontzekoa. Novarkak 615 milioi euro gehiago galdegin zituen, eta 2014aren amaieran kontu ikuskatze desberdinek eskaria justifikatu zuten.

Erradioaktibitate handia dela medio, erreaktoretik 250 metrora eraiki dute sarkofago berria. Amaitutakoan, tefloizko errailen gainean eraman beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.