Azkena Rock jaialdiak edizio digitala egingo du gaur eta bihar

Azken hemeretzi urteetan jaialdian izan diren hainbat emanaldiz gain, ekitaldi berezi honetarako grabatutakoak emango ditu

Turbonegroren 2004ko kontzertua ekarriko dute gogora. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE.
Erredakzioa
Gasteiz
2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Asteburu honetan egitekoa zen, azken bi hamarkadetan bezala, Azkena Rock jaialdia Gasteizen. Koronabirusak eragindako krisiak eta hari aurre egiteko hartutako neurriek, baina, ezinezko egin dute festibala egitea, eta antolatzaileek, sareko jaialdi bat prestatu dute haren ordez: ARF Sofa Edition. Gaur eta bihar egingo da, 20:30ean, eta egunero bost bat orduko saioa izango da.

Jaialdiaren edizio berezi honetan, Azkena Rocken historian berebiziko garrantzia izan duten eta orain arte inon eman gabeko emanaldiak jasoko dituzte. Hala, Turbonegro eta The Screamin' Cheetah Wheeliesek 2004an eta The Soundtrack Of Our Lives taldeak 2009an Gasteizen emandako kontzertuak emango dituzte, besteak beste, eta, horiekin batera, jaialdian parte hartu duten ikus-entzule, antolatzaile, kazetari eta musikariek euren bizipenak konpartituko dituzte.

Nolanahi ere, Azkena Rocken izango dira egunotan hainbat musikarik jaialdirako grabatutako kontzertuak eta zuzeneko emanaldiak ere. Gaur bertan, 23:15ean, Jeff Massey (The Steepwater Band) zuzenean ariko da; bihar, berriz, Patterson Hoodek eta Mike Cooleyk (Drive-By Truckers) joko dute zuzenean, eta gero Robyn Hitchcock ariko da. Biharko saioan Juanma Bajo Ulloa zinemagileak filmatutako Rocknrollers dokumentala ere emango dute. Jaialdia www.azkenarockfestival.com webgunean eta Youtuben ikusi ahalko da.

The Offspring 2021ean

Antolatzaileak hasi dira datorren urteko festibala lotzen ere, eta, atzo iragarri zutenez, The Offspring taldea batu da programaziora kartelburu gisa. Horrez gain, beste zazpi talderen izenak ere iragarri dituzte; Drive-By Truckers, The Steepwater Band, The Wildhearts, Dewolff, Ray Collins Hot Club, Turbonegro eta Los Zigarros. Hurrengo urtean 20. urtemuga ospatuko du Azkena Rockek, eta jaialdian izango dira, atzo iragarritakoez gain, besteak beste, Iggy Pop, Patti Smith, Brian Wilson, Social Distortion, Suzy Quatro, L7, Fu Manchu, Black Mountain, Reverend Horton Heat, Shooter Jennings eta Robyn Hichcock. Jaialdia hiru egunez egingo da, aspaldiko partez, ekainaren 17tik 19ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.