Donostiako 70. Zinemaldia. kritika. Zuzendari Berriak

Lotsaren bideak

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun

'Jeong-sun'

Zuzendaria: Jeong-Ji-hye. Herrialdea: Hego Korea.

Jeong-sun-ek bizitza lasaia darama. Fabrika batean egiten du lan, eta haren aisialdian lankideekin joaten da mendira eta bazkaltzera. Bakarrik bizi da, eta, ezkontzaren prestaketarekin lanpeturik dagoen arren, bere alabak eramaten du egunero autoz lanera. Ez dirudi Jeong-sun errutinak nekatu edo nazkatu egiten duenik, baina fabrikara Young-soo lankide berria iritsiko da, eta emakumearen egunerokoa aldatuko da. Gizona bizi den motelean elkartuko dira, eta familia, lagun eta lankideei ezkutatuko dieten harremana hasiko dute. Gizonak fabrikako nagusia den mutil gazteari bidaliko dion Jeong-sun-en bideo pribatu batek aldatuko ditu gauzak.

Jeong Ji-hye zuzendari gaztearen lehen film luzea da, eta Jeonjuko jaialdian sari nagusia eskuratu zuen Jeong-sun filmarekin. Lotsa jarri du zuzendari korearrak istorioaren muinean, eta kontatu nola sare sozialek eduki dezaketen pribatutasun eza horrek emakume baten bizitza alda dezakeen.

Filmak txikitik eraikitzen du protagonistaren istorioa: bere egunerokotasuna era sinplean azaltzen digu, ñabarduraz beteriko ohikotasun baten erretratua eginez: alabarekin dituen auto bidaiak, lankideekin duen konfiantza, nagusi lotsagabearekiko duen mespretxua. Young-soo-rekin hasten duen harremana ere hala dago kontatua; besoan egindako laztan txiki batek jada denboran luzatu den harreman batera garamatza, samurtasunez kontatzen zaigun harremana. Istorioaren ardatzean dagoen erasoak ere ez du eszena dramatiko ikusgarri bat jasoko, baina filmaren erritmoa aldatuko du: denbora gelditu egingo da, eta Jeong-sun-en errutina hankaz gora jarriko du. Ji-hye-ek egingo duen plano aukeraketak egoera klaustrofobiko batera eramango gaitu, eta errutinak arnasa lasai hartzen uzten bazigun, errutina eza itogarria bilakatuko da.

Aipagarria iruditzen zait protagonistaren aukeraketa. Harreman baten barruan grabatutako bideoaren protagonista ez da neska gazte bat, 50 urte inguru izango dituen emakume bat da. Detaile txiki bat dela pentsa genezake baina filmari nolabaiteko pisua ematen diola uste dut. Lotsak (eta lotsagabeek) beste bide bat hartzen du, eta bide horretatik irteteko Jeong-sun-ek egiten duen aukera, xumea baina askatzailea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.