KRITIKA. Musika

BOS indarrean

2014ko urriaren 26a
00:00
Entzun

BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Gunter Neuhold. Lanak: Modest Mussorgski, Johannes Brahms, eta Serge Rachmaninoff. Piano bakarlaria : Luis Fernando Perez. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: Urriak 24.

Iazko denboraldira arte BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoarean zuzendari izan zenak bisita egin digu egitarau biribila emateko bigarren kontzertuan. Bere eskuetan, gure orkestrak eutsi egin dio denboraldiaren hasieran hartu zuen kalitate-bultzadari. Bide horretan, Modest Mussorgskiren Gau bat mendi soilean izeneko pieza—Nikolai Rimski-Korsakofen orkestazioarekin— egokia da orkestra baten koloreak erakusteko. Musikariek erronkari eutsi zioten, eta San Joan gaueko akelarrea zuzen deskribatu zuten.

Sergei Rashmaninofek, beste errusiarrak, Paganiniren deabrukeriak biolinarekin omendu nahi zituen; baina kasu horretan, berak maite zuen instrumentuarekin jotzeko, pianorekin alegia. Orduan, berak sortu zuen Paganiniren pieza baten gaineko Rapsodia —Luis Fernado Perezen moduko pianista bertutetsu batentzat egokia—. Hau da, 24 bariazioetan zehar bakarlariak digitazio boteretsua, zehaztasuna eta adierazkortasuna adierazi zizkigun, bere interpretazioan erromantizismoaren eta errusiar espresionismoaren arteko kontrastea erakutsiz. Bitartean, bateratasuna lortu zuen zuzendariak batzuetan guztiz sinkopatuan den erritmoan, instrumentu edo familia bakoitza bere lekuan jarriz.

Johannes Brahmsek 22 urte behar izan zituen 1.sinfonia do minorrean asmatzeko —orain 43 bat minututan jotzen den pieza da—. Baina zalantzarik gabe, munduan konpositore batek egin duen lehenengo sinfoniarik onena asmatu zuen, Ludwig Van Beethovenen ildotik sortuz eta erromantizismo zabalera abiatuz. Günter Neuholdek lasai gidatu zuen lehenengo mugimendu malenkoniatsua, ondo menperatuz une batean biolinek eman beharreko staccati-ak. Polito islatu zuten sokazkoek bigarren joaldiak dakarren doinu ederra, oboeari eta klarineteari amore emateko gero. Poesia alaiz egin zuten hirugarrenean, aldiz. Eta koloretsu jo zuten musikariek laugarren mugimendua. Bertan nabarmendu behar dugu gero eta arinago errepikatzen den pizzicatoa: kornoaren deialdia kordazkoen sordinarekin, eta tronboi eta fagotaren arteko korala. Interpretazio klasikoa, soinuan zein denboretan orekatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.