Urriaren 1a, lau ahotsetara

Iazko urriaren 1eko Kataluniako erreferendumean parte hartu zuten lau lagunek egun haietan eta urtebetean gertatutakoa aztertu dute, esperientzia eta sentimendu pertsonaletatik abiatuta
ORIOL CLAVERA / PHOTOGRAPHY / BERRIA

Carme Porta -

2018ko irailak 22
Galdeketan parte hartu zuten milaka lagunetako lau dira. Ondo gogoan dituzte urriaren 1aren aurretik, urriaren 1ean bertan eta urriaren 1a eta gero bizi izandakoak: Lluis Valles Bartzelonako Pau Claris bigarren hezkuntzako institutuan izan zen, eta polizien oldarraldien ostean beste hainbat hauteslekuren defentsan parte hartu zuen; Laura Sanagustin Esplugueseko (Bartzelona) hauteskunde operazioaren arduraduna izan zen; Pere Collek hauteskunde mahai batean parte hartu zuen Cornella del Terrin (Girona), Carles Puigdemont presidenteak botoa eman zuen lekuan; eta Nuria Casalsek botoa eman zuen, Bartzelonako Gracia auzoan.

Zer izan zen urriaren 1a?

LAURA SANAGUSTIN: Egun izugarri indartsua izan zen; jendeak ederki jokatu zuen, eta botoa eman zuten. Jendeak dena eman zuen. Antolakuntzan, denok ezagutzen genuen elkar. Ni izan nintzen lekua jendez betea zegoen 06:00etan; denak mugitu ere egin gabe, euriak euri. Auzo hartan gehienak ez ziren independentistak, baina 500 lagun ere aritu ginen hauteslekuaren defentsan; tartean ziren bi mutil Espainiako bandera hartuta, botoa ematen. Sekula ez nuen halakorik ikusi.

PERE COLL: Herriak elkar hartuta erantzun zuen, desberdintasunak alde batera utzita. Han eman zuen botoa presidenteak, eta inork ez zuen nahi bere botoa gal zedin. Ados ez zeudenek argi eta garbi zioten ezetz bozkatuko zutela, baina parte hartu nahi zutela, merezi zutela hori. Batasun eta festa egun bat izan zen, errepresioa gorabehera.

NURIA CASALS: Ni diktaduraren kontra borrokatu nintzen, baina urriaren 1a nire bizitzako egunik inportanteena izan zen. Ez genuen elkar ezagutzen, baina antolatu egin ginen. Arratsaldean hamabost ginen, eta gaueko batzarrean, berrehun; izugarria izan zen. Goizaldean izugarri pila ginen, guztiak hautetsontziak gorputzarekin defendatzeko prest, eta emozioak partekatzen ezagutzen ere ez genuen jendearekin.

LLUIS VALLES: Ni bizi naizen eremuan mundu osoko jendea dago, eta aurrekoak ere ezagutu genituen, mobilizazio guztiak tokatzen baitzaizkigu. Bazter guztietako jendea zegoen, igual sekula elkar ikusi gabea, baina egun hartan elkarri agur egiten. Zirraragarria izan zen. Baina basatia ere bai, kolpeka bota baikintuzten handik. Beste hautesleku batzuetatik pasatu nintzen, eta ziurgabetasun handia zegoen, baina baita herri desobedientzia ere.

Benetan botoa eman ahal izango zenutela uste al zenuten? Ez al zineten Espainiako Gobernuaren erantzunaren beldur?

P.C.: Hamabost egun lehenago, sinetsita nengoen ez zigutela bozkatzen utziko; Generalitatean sartuko zirela eta hautetsontziak eramango zituztela. Zalantza baino ez genuen nora ote gindoazen; jokaldi itzela izan zen.

L.S.: Egunero gauza bat zegoen; egunetik egunera gogo handiagoa genuen. Hautetsontzien estrategia izugarria izan zen.

LL.V.: Estrategia informatikoa ere izugarria izan zen. Ideia batekin jokatzen ari ginen: Espainiako Estatuak demokratikoki jokatuko zuela Europan; aldiz, estatua bere gezurrak sinesten ari zen. Uste dut horregatik ezin izan zirela iritsi hautetsontzietara: uste zutelako geldituko gintuztela.

P.C.: Burua lausotu zitzaien, eta zuzenean jo zuten guri bozkatzen ez uztera, aurretik estrategiarik ikusi gabe.

LL.V.: Gainera, Espainiako Gobernuari berdin zitzaion zer pentsatuko zuten Europan, uste baitzuten sinetsiko zutela haien diskurtso faltsua.

L.S.: Inperioa dira. Erreferendumetik egun batzuk geroago, presidenteordeak oraindik esaten zuen «ez da izan erreferendumik», eta, Europari begira, berdin zaie; independentziari galga jartzea dute helburu bakar.

N.C.: Uste dut ez dela dena berdin Espainian. Bada sistemaren barruko jendea ez duena berdin pentsatzen; badira moduak, bada jendea jarrera demokratikoagoa duena. Gauza hain handiak gertatzen direnean denbora tarte hain laburrean, dena hain azkar doanean, erantzuteko denbora oso laburra da, eta erabakiak, zailak. Kataluniako Gobernuak ere ez zekien nora jo, zalantza asko baitzituen; mundu guztia ez zegoen norabide berean.

P.C.: Bide orriak bide orri, A, B, C, D edo beste 25 bide orri egon, denak atzean geratuko ziren; ustekabea ugari izan zen, bai eta espero ez zen horrenganako erantzunak ere. Egunero inprobisatuz zihoazen, dena aldatuta geratzen baitzen.

Urriaren 1aren ondoren, mobilizazioek jarraitu zuten, baina ilusioa galdu al zenuten ikusita urriaren 10ean independentzia deklaratu eta egin egin zutela?

N.C.: Urriaren 3ko greba orokorrak gehiago harritu ninduen 1ak baino. Mugak okupatu zituzten, errepideak, lurraldea; kaleak moztuta zeuden, eta jendea kalean, botoa defendatzen. Euforia, beldurra, amorrua...

P.C.: Gironan harrigarria izan zen urriaren 3a: nekazariak, 70 urteko jendea traktore gainean errepideak eta autobideak okupatzen, aurre egiten, txandakatzen seme-alabekin, ilobekin... Zirraragarria izan zen: aldarrikapenak, isiluneak, tentsio uneak.

N.C.: Aldiz, urriaren 10a lehen ezpatakada izan zen; uste genuen dena lotua zegoela, eta bat-batean ohartu ginen ezetz. Ez al zeukaten dena? Estatu egiturak eta azpiegiturak? Botoa eman eta gero, kalean defendatu eta gero... Bagenekien jazarri egingo zigutela, baina prest geunden. Ulertuko nuke baten batek ez espero izatea, baina balizko elkarrizketa baten alde egin zuten. Engainatu egin gintuzten, eta izugarrizko zalantza utzi ziguten; bertan behera utzi gintuzten.

LL.V.: Bai, sentsazio hori genuen: «zer gertatuko da orain?». Urriaren 1ean eta 3an indarra erakutsi genuen, herri autoantolakuntza, baina urriaren 10ean erabateko ziurgabetasuna utzi ziguten deklarazio izoztu harekin. Ez zen harritzekoa; prozesu historikoak ez dira egun batetik bestera gertatzen, noski. Badira ekintzak, eta gero hainbat gauza gertatzen dira. Bestela izan zitekeen? Agian bai, baina ez daukat garbi ea beste biderik posible zen. Baina emozionalki ukituta geratu ginen, noski. Egun gogorrak izan ziren.

P.C.: Itxaropen asko zeuden. Urriaren 1aren ostean, jendeak galdetzen zuen zein zen hurrengo pausoa, eta 3an, berdin. Deklarazioa egin eta 10 segundora atzera egin ostean, jende askok galdetzen zuen: «Egin dugun guztiak zerbaitetarako balio izan al du?». Zinez txundituta utzi gintuzten.

L.S.: Bai, Whatsappeko taldeak sutan zeuden. Jendeak aldaketaren bat espero zuen: «Hemendik ez gara mugituko». Baina ez zetorren aldaketarik, aurrerako pausorik.

Harritu egin al zintuzten Kataluniako Gobernuak ez edukitzea prestatuta galdeketa osteko urratsak?

N.C.: Autoantolakuntzaren garapen betean geunden; agian informazio gehiago zuten, baina, nolanahi ere, zurrumurrua zabaltzen hasi zenean independentzia deklaratu ordez hauteskundeetara deituko zutela, ni haserretu egin nintzen, sentitzen bainuen gurekin jolasean ari zirela. Neu izango banintz, agian berdin jokatuko nukeen; kudeatzen zaila zen, eta ulertzen dut gauzak ez direla ez azkarrak ez errazak.

LL.V.: Gauza bat da zer erabaki hartu behar zuten, eta bestea zer sentitzen genuen guk, ezin saihestuzko moduan, zeren, herritar gisa, egin beharrekoa egin genuela sentitzen genuen; ezin zen kontrolatu.

L.S.: Bai, esan dute espero zutela nazioarteak beste nolabait erantzutea. Jakin da Merkelek [Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak] esan zuela ezin zitekeela halako indarkeriarik ametitu, eta, hain justu, arratsaldean leundu egin zuten. Inpresioa dut barruan ere sekulako nahaspila zela; alderdi bakoitza bere aldetik zihoan, eta ez zegoen benetan hala egiteko borondaterik; ez zuten pentsatu ere jendea horrela ahaldunduko zenik.

N.C.: Ez zuten uste urriaren 1a hain ondo joango zenik.

L.S.: Ustekabean harrapatu genituen, eta guztiak asko harritu ninduen. Uste dut aurreikuspenik gabe jokatu zutela, eta hori da haien lana, aztertzea esku hartu aurretik. Gero, gezurra zen estatu egiturak planifikatuta zeudela; iruzurra izan zen.

P.C.: Ez zuten zintzo jokatu herriarekin; alderdien arteko gatazkak nagusitu ziren, eta ez ziren denak elkarrekin joan, herriaren alde. Herriaren zati handi batek sentitu zuen engainatu egin zutela; ez zituzten pausoak azaldu. Agian askok jokatuko genukeen berdin, baina beste nolabait hartuko genuen. Ez ziren ados jartzen; ekintzan aritzeko eskatzen ziguten, eta gero, hegalak moztu.

L.S.: Ez zegoen batasunik. Jakina zen ez zela erraza, eta prozesu luzeak direla, baina, egin ostean, behartuta zeuden mezu irmo bat ematera.

N.C.: Uste dut bi gauzak aldatu zutela plangintza: irailaren 20an, Ekonomia Kontseilaritzaren eraikina miatu zuten; probokazio hutsa izan zen, eta jendeak masiboki erantzun zuen. Mobilizazio harrigarria izan zen; baketsua, baina irmoa. Bestalde, nazioartean eragina izan zuen hauteskunde eguneko jazarpenak; ez zuten espero, eta nazioarteko prentsak harrapatu zuen. Uste dut ez zutela espero jendea hain ahaldunduta egotea. Aurreko azaroaren 9ko esperientzia errepikatzea espero zuten, batere eraginik gabeko galdeketa batekin, eta hipotesi horrekin ari ziren lanean, baina ez zuten kontuan izan jendea.

Estatuak errepresioarekin erantzun zuen, 155. artikuluarekin eta atxiloketekin.

N.C.: 155. artikulua ezartzea, gobernu osoa eta gizarte buruzagiak atxilotzea... Kolpe latza izan zen. Izugarrizko porrot sentsazioa genuen. Estatuaren aparatua ekinean hasten denean, jo egin gintuzten; harro geunden gure gobernuaz, baina jota. Indarra eman zigun bozetarako.

Egokia al da independentziaren aldeko alderdiak bakoitza bere aldetik aurkeztea?

P.C.: Argi geratu da herriak bakarrik bultzatzen duela aurrera. Herri batasuna falta izan zen, zerrenda bakar bat, baina herriak hitz egin zuen, eta horregatik irabazi genituen hauteskundeak.

L.S.: Kontua da lau alderdi zirela; ERC, CUP, baina PDeCAT eta JxCren barruan dena oso nahasia zen; ez dago argi zerrenda bakarra positiboa izango ote zen, eta horrela dago oraindik.

LL.V.: Alderdiek oso esparru ideologiko zabala hartzen dute. Historikoki, positiboa da, eta normala da elkarren artean gorabeherak izatea, herriari buruzko ideia desberdinak baitituzte, baina elkarrekin jarraitu dute une oro.

L.S.: Eta buruzagi guztiak preso. Galdetzen diete, eta egitura ahuldu egiten da.

LL.V.: Demokrazia ahultzen da gehien urriaren 3tik eta «ekin gogor haien kontra» oihutik aurrera. Erregeak zuzendu zuen. Espainian, bukatu da demokraziaren esperantza: hau inperioa da, eta Erregek agintzen du; herriak bozka dezala nahi duena, berdin dio eta. Optika aldatu egiten da.

L.S.: Prozesuak irrigarri utzi du Espainiako Estatua. Espainiako jende askok ikusi du demokraziak ez duela funtzionatzen, eta hemengo jende asko batu da ez independentista delako, baizik eta «honaino iritsi gara» esan duelako.

N.C.: Independentzia prozesuaren ekarpen handia hau da: erdigunean jartzea demokraziaren irizpidea eta 78ko erregimenari buruzko zalantza. Alde horretatik, ongi planteatua zegoen; independentziaz harago zihoan; askatasunaz ari ginen.

P.C.: Estatuko leku batzuetan, duela 70 urte atzera bizi dira, baina eskerrak badiren mentalitate irekiak ere, ulertzen dutenak zer gertatzen den hemen eta zer eragin daukan han.

N.C.: Komunikabideek horretan guztian izan duten rola sinestezina izan da, eta erabakigarria; halere, nahiko onik atera gara.

Eta, urtebete geroago, non gaude?

L.S.: «Ez dugu gehiago onartuko» bat da, eta hazi egin da.

P.C.: Duela hiruzpalau urte botoa ere ematen ez zuen jendea xingola hori batekin ikusten duzu kalean; kontzientzia aldaketa bat gertatu da jendearen artean. Hori urriaren 1ean jaio zen; 155. artikuluaren alderdietako batzuek ere jarrera desberdina hartu dute.

L.S.: Batzuk gogotik saiatzen dira ezjakinak izaten, baina ezin dute. Kargudunak inputatzen dituzte, jende errugabea kartzelan sartu...

N.C.: Horiek ez dira adostasun garrantzitsuak, baina nola eusten diegu jakinda alderdiek oso gaizki daramatela? Ez da Kataluniako auzi bat, unibertsala baizik. Badira desengainuak, eta hala bizi izaten ditugu. Badira alde asko ez zaizkidanak gustatzen; ez dira ados jartzen, eta ikuskizun hutsa da. Baina, halere, jendeak erantzun egiten du, eta antolatu egiten da; alderdiek konpondu egin beharko lukete beren jarrera.

LL.V.: Eskuina erabat aske dago: emakumeen kontrako sententziak, aktoreen eta rap kantarien harrapaketak... Erakutsi dute ez zegoela egiazko demokraziarik. «Ordena» jarri nahi izan dute, eta jendea jarrera bat hartuz doa. Agian alderdiak indarra galtzen ari dira, baina gizarte erakundeek gero eta adostasun gehiago batzen dute, eta herri autoantolakuntzan dabilen jendeak gizartea eraldatu nahi du, demokratikoago egin.

L.S.: CDRen inguruan bildutako jendea ez dago inongo alderdi edo erakunderi lotua; antolatu egin diren biztanleak dira, Errepublikaren defentsan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna