Koronabirusa

Arnasa apur bat, «hodei beltzaren» erdian

Urriaren 22tik Nafarroan ostalaritza itxita egon ostean, terrazak dituzten jatetxe eta taberna asko kanpoan zerbitzua ematen hasi dira. Arindu bat izan dela esan arren, uste dute oraingo itxiera «gogorragoa» izan dela. Urriaren 2tik zahar etxeak itxi ostean, egoiliarrei bisita egiteko aukera izan dute senideek berriro ere.

Gazteluko plazan, terrazetan, jende ugari. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Oraindik ere taberna eta jatetxe askok pertsianak jaitsita jarraitzen dute. Dena den, urriaren 22tik Nafarroako ostalaritza itxita izan ostean, terrazetan zerbitzua eskaini ahal izateak negozio batzuei arnasa eman die. «Arindu txikia baino ez da, baina poztasun apur bat ematen du», aitortu du Iruñeko Kilika kafetegiko Rafael Forcadak. Lehen egunean, tabernariek ilusioa nabaritu dute bezeroen artean, baina zalantza dute etorkizunak zer ekarriko dien.«Zerbait egin ahal izatea», eskertu egin du Jose Miguel Sagredok, El Patio de Comedias tabernako arduradunak. Hala ere, mehatxua ez da desagertu. «Martxotik hodei beltz batean gaude», esan du Sagredok.

Oraingoz, lehen urrats hori besterik ez du baimendu Nafarroako Gobernuak, baina, horretarako, ezinbestekoa da terraza izatea eta Iruñerriko auzo askotan hainbatek ez dute aukera hori. Edo ez die merezi. Beste batzuek, ordea, dutenari heldu diote. Sabaidi kafetegi txikiak lau mahai besterik ez ditu, eta beteta daude. Bezeroak «pozik» ikusten ditu Andres Cubidesek. Azalpenak ematen dizkie: «Ulertzen dute. Denbora igaro ahala, elkartasuna jaso dugu. Horrek dena errazten du». Aurten ekin zioten negozioari, hasi berrien ilusioarekin, baina pandemiak hasiera ororen zailtasuna hamaika aldiz areagotu du. «COVID-19ak harrapatu gaitu, eta bilakaera ezegonkorra izan dugu. Inguruan ezagun egitea kostatu zaigu. Lortutakoan, etorri da berriz itxiera». Egindako lana galdu nahi ez zutenez, eskari bidezko zerbitzua eskaini dute. Handik gertu, Kilika kafetegiko mahaietan, bezero batzuk daude. Okindegi bat dute, eta asteotan horrekin ibili da Rafael Forcada, goizetan soilik irekirik. Bizi izandakoari «oso gogorra»deritzo, «ez gogoratzeko modukoa». Garbitasun neurriengatik lan bikoitza izanagatik, ilusioz hartu dute pausoa, baina barrualdea ireki ahal izatea nahiko lukete.

Gazteluko plazako tabernek terrazak nonahi dituzte, eta bertan jende ugari dago. Handik kanpo, ordea, ostalariek ez dute hain erraz. Aukerarik gabe, askok pertsiana jaitsita jarraitzen dute. Estafeta kaleko Casa Juanitoko Mari Angeles Elizaldek ostalaritza itxi zen lehen egunean erabaki zuen «igerilekura jauzi egin» eta eramateko jaki zerbitzua eskaintzea bezeroei: «Lehen egunetik izan dut irekia, eta jendeak ondo erantzun du. Lagundu egin nahi dute, baina, gero, beharra sortu zaie eltzea etxera eramateko». Elizaldek ere ikusi zuen jendeak behar zuela «gozoaz gain jaki gaziak jatea».

Sarasate pasealekuan, COVID-19aren ondorioz baimen berezi bat lortu dute hiru ostatuk karpabatean euren eskaintza emateko. Horietako bat da Patio de Comedias. «Oraingo bigarren itxiera uste baino okerragoa izan da. Denok barneratu genuen martxokoa, baina bigarren honetatik altxatzea zail egingo da», ohartarazi du Jose Miguel Sagredo arduradunak. Gogora ekarri du gastu finko handiko negozioa dela ostalaritza, eta ICO maileguek arazoa atzeratu besterik ez dutela egiten: «Mailegu horiek noizbait itzuli beharko dira, ez dut pentsatu nahi ere». Nafarroako Gobernuak asteon iragarritako laguntzak «norabide onean» doazela uste du, baina «ez dira nahikoak» denera iristeko. «Ulertzen dut oso zaila dela ostalaritzaren erreskate bat. Nahiago nuke! Ni naiz lehena ulertzen duena neurriak hartu behar direla. Akats handia egin zen uztailean azkar irekita. Denak itxita egon behar genuen. Erraza da orain hori esatea; orduan, dena kontrolpean zegoela uste genuen».

Zahar etxeetan, arindua

Ostalaritzak egoera zaila bizi badu, zer esanik ez zahar etxeek. Urriaren 2tik bisitak debekatuta egon dira. Ordua hartuta, bisitak itzuli dira. Gurpil aulkian du ama Mari Karmen del Riok, Iruñeko Erruki Etxean, eta eskertu du harekin egoteko aukera, baina haserre dago egoeragatik. Udaberrian eritasuna pasatu zuen amak: «Atera egin nahi du. Martxoan etxean zegoen jendea, baina orain leihotik bere adineko jendea ikusten du kalean, eta zigor moduan ikusten du egoera». Amak 90 urte ditu; buruz ondo egonagatik, izan du asteotan gainbehera bat, aurreko egunetan bere amarekin nahastu baitzuen eta ez baitzuen gogoan alaba zuela: «Zenbat egun eta une on geratzen zaizkio... Horiek kendu dizkiote. Errazena egin dute: egoitzak ixtea». Bisitak on egin die biei. «Eskua eman diogu elkarri; horrekin dena esanda dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.