EPPUR SI MUOVE

Ilargi guztien azpitik, Deabrua dantzan

begona del teso
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Bilbon. Loreen hilabeteak zazpi egun bete berri. Fatimako Ama Birjinak ezingo du gure arimen alde ezer egin. Bilbon. Santuen izendegiaren arabera, gaur Kieveko San Antonioren eguna da. Baita Bergamoko Alberto dohatsuarena ere. Eta Beverleyeko San Juanena. Baina ez batak ez besteak ez hirugarrenak ezingo gaituzte gu babestu.

Ongia egin zutenen babesik ez baitugu guk nahi. Inolaz ere ez. Guk, gaur, Gaitzaren besoetan nahi dugu dantza. Hilaren 16ra arte kontrapasean izateko gura, premia. Hilaren 16a, Tolosako San Germenio eta Amienseko Honorato santuen eguna.

Hamar gau emango ditugu dardara bizian, Leonard Cohenek idatzi eta Felipe Juaristik euskarara ekarri zuten modura, moduan, «eraman nazazu dantzan zure edertasunera, erretzen duen biolina joz, eraman nazazu izuan barrena barruan gorde arte».

Izuan barrena, bai. Gaur. Bilbon. Zintzo jokatzeko egindako juramentu oro hautsirik, gaurtik, akaso biziko ez dugun hurrengo igandera arte. Ilargia betetzen ari den arrats honetan hasiko da Bilboko Zinemaldi Fantastikoa. Fantastiko-Faszinagarria, Fanzinerosoa. Igor Legarretaren Ilargi guztiak filmak irekiko du ilunabarrerako atea, itzaletarako igarobidea.

Bilbon, William Friedkin maisuaren inguruko Leap of Faith dokumental sekulakoa izango dugu; Biblia eta aingeru itxura izan arren, aingeruak ez diren izakiak lagun. Egiari zor, baliteke aingeruak izatea. Berlingo zerutik jaitsi ziren horien antzera, eroriak. Eroriak bezain ederrak.

Malenkonian bizi dira (bizirik badira ere) betetzen ari den ilargiaren alde ilunean dauden kreaturak. Etsenplurako, bihar ikusgai ditugun 11 euskal film laburretako pertsonaiak. Bertan, esaterako, Donostiako, Eibarko eta Zaldibarko jendaia ezin hobea biltzen duen Irten barrura izeneko harrikada bitxi eta aparta, non antzinako telefono kabinak eta zaldi zuriak agertzen diren plano berean. Auskalo zergatik.

Dantzan ibiliko gara. Bilbon, argia maite duten horiek sekula ulertuko ez duten poz gazi batek harturik.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak urratu zigun arima sendatu, sendotu, laztandu behar dugu. Odol gozoaz elikatuko dugu, koktel guztiak baino deliziosagoak diren pozoiez mozkortuko ditugu bost zentzumen ohikoak. Gehi seigarrena. Argiaren ondoan zoriontsu bizi diren horiek ez dute inoiz onartuko seigarren hori existitzen denik. Guk, ordea, gauez hildakoak ikusi orduko gurera gonbidatzen ditugunok, ederki dakigu seigarren hori ezinbestekoa dela bizirik (ala ez) irauteko.

Gaur, Loreen eta Fatimako Ama Birjinaren hilabeteak zazpi egun bete berri dituela, izango gara aker beltzaren larrean bazkan eta dantzan. Sendatu, sendotu, laztandu behar baitugu Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak ahoan zein tripetan, ariman zein bihotzean utzi zigun gustu mina.

Bertan, Espainiako Errepublika, Portugalgo Krabelinen Iraultza eta Sant Jordiren dragoia omendu ohi ditugun apiril eder horretako arratsetan ikusitako pelikula kasik orok min eman ziguten Antzoki Zaharrean zein Viktoria Eugenian edo Tabakalerako zinema gelan. Ikusleen saria irabazi zuen David Franceren Welcome to Chechnya-k ez zuen esperantzarako zirrikiturik bat ere uzten. Ez baitago horrelakorik han homosexuala bazara. Banpiro guztiek, mamu guztiek, deabru-demonio-inkubo-sukubo-zonbi-psiko/serieko hiltzaile guztiek baino terrore handiagoa eragiten duen Kadyrov presidentearen hitz gordinetan, bere-berea balitz bezala gobernatzen duen errepublikan horrelako lizunkerietan diharduenik ez da. Baina ba-da-ez-pa-da-ere, daudenak torturatu eta akabatuko dituzte. Soldaduek? Bere armada pribatuaren kide basa horiek? Bai noski, baina zergatik zikindu behar eskuak haien odol ustelduaz? Txetxeniako hainbat eta hainbat eta hainbat familiaren eta leinuren tradizioak dio homosexualak Deabruaren kumeak direla, eta beren jardun sexualak arbasoen, gurasoen eta senitarteko denen ohorea lohitzen duela. Beraz, zilegi eta egoki deritzote kriminala hiltzeari.

Saiatzen dira urri batzuk begiz jotako jende hori salbatzen, herrialdetik irteten laguntzen, munduko beste txokoetan gordetzen, baina larrutik ordaintzen dute. Muturreko arriskuan daude denak, eta nabaria da erritmo eta irudi garratz horietan. Ez, Welcome to Chechnya ez da etxe ondoko aretoetara iritsiko. Donostian saria jasotzen zuen egun berean HBO ekoizleak Movistar plataformari saltzen zion. Beraz, egon zaitezte adi programazioari. Gu, bitartean, Kadyrovek eta bere zaleek baino askoz gozoago tratatuko gaituzten demonioekin hasiko gara amodio jokoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.