mikel reina
HIRUKOTIK

Bideak

2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Eredugarria. Horrelakoa izan da Pau Gasolen kirol ibilbidea. Duela justu astebete esan zion agur saskibaloiari kataluniarrak. Lehiakide bikaina eta pertsona are hobea. Edozeinek bere familia eta kuadrillan nahiko lukeen horietako bat. Kirolari arloan jokalaririk onenen artean dago, Juan Carlos Navarrorekin dago eztabaida amaigabea. Eskoltak, pibotak ez bezala, ez zuen fisikoa alde izan, baina aldi berean NBAko bataren eta bestearen ibilbidea kontrakoa izan da. Navarroren zentimetro falta horrek eragin handia izan zuen haren AEBetako bidaian. Pau Gasolek bi eraztun ditu Los Angeles Lakersekin, 2002ko gazterik onenaren saria jaso zuen eta sei aldiz parte hartu du izarren gauean. Biek ala biek Espainiako selekzioko garairik onenak bizi izan dituzte:urrezko lau domina, zilarrezko beste lau eta brontzezko hiru.

Bere agurrean, beti bezain dotore, Kobe Bryantentzako hitzak izan zituen. Odol ezberdineko anaiak ziren, eta oraindik kataluniarra Bryant familiaren lagun handienetakoa da. Biek ala biek izango dute haien kamiseta Los Angeleseko Staples Center pabiloian eskegita. Bata bestearen ondoan, betiko lez. Rob Pelinka Lakerseko kirol zuzendariak erretiroa hartu eta ordu gutxira baieztatu zuen. Gasolen 16 zenbakia Kobe Bryanten 24 eta 8arekin, Shaquille O´Nealen 34arekin eta Magic Johnsonen 32arekin batera. Adam Silverrek, NBAko zuzendariak, ere agur hitzak eskaini zizkion. Russell Westbrook, Lakerseko antolatzaile berria, harago joan zen, esanez bere hastapenetan erreferentziazko jokalari bilakatu zela. Eredu bat.

Erreferentiza Marc Gasolek anaiarengandik ikasi du. Pauk otsailean bere azken kontratua sinatu zuen Bartzelonarekin. Euroligako Lauko Finalera heldu zen, baita ACBko txapeldun izan ere. Haren azken titulua, betiko etxean. Marcek bide bera hartuko ote duen susmoa dago. Udan agur esan zion NBAri Los Angeles Lakersetik kanpo geratu ostean. Denboraldi hasieran asko jokatu zuen, eta garrantzitsua izan zen Frank Vogel entrenatzaileren jokoan. Andre Drummond fitxatu zutenean, berriz, bere protagonismoak behera egin zuen, ia ezer jokatu arte. Gasol txikiak 2014an Basquet Girona taldea sortu zuen. Pibota bertan eman zen ezagutzera 2006 eta 2008 urteen artean. Azken denboraldian ACB ligako jokalaririk onena izendatu zuten. Gaur egun Gironako taldea Urrezko LEB ligan dago. Larunbateko lehen jardunaldian Azpeitian garaipena erdietsi zuten Iraurgiren aurka: 63-70. Orain baliteke Marc Gasolek etxera itzuli nahi izatea. Zurrumurruak egon badaude. Hau da, presidentea eta jokalaria izango zen aldi berean. Pau presidenteordea da taldean, eta bere agurra iragarri eta hurrengo egunean Gironako entrenamendura hurbildu zen. Entrenatzaileen lana goraipatu zuen arren, ez du bide hori aukeratuko, bere izena daraman fundazioan murgilduko da kataluniarra. Beti bezain aktibo sozialki.

Historikoak Agurrez beteriko udan izan da aurtengoa. Gogorra benetan. Nostalgiaz beterikoa, izen handi askok alde egin dute kantxetatik. Bakoitzak bere erara, hori bai. Luis Scola, Fernando San Emeterio, Vassilis Spanoulis eta Felipe Reyes, besteak beste. Luis Scolak, Pau Gasolek bezala, Tokioko Olinpiar Jokoen ondoren itxi zuen bere kirol ibilbidea. Orain Italiako Vareseko kirol zuzendari berria da. Hurrengo bost sasoietarako sinatu du. Fernando San Emeterio ere ez da asko mugitu. Valentzian azken sei denboraldietan jokatu ostean, Joan Peñarroyaren entrenatzaile laguntzaile bilakatu da. Biek jarraituko dute saskibaloiari lotuta, bat bulegoetan eta bestea aulkian. Era berean, biak ala biak dira Baskoniako historiako jokalari garrantzitsuenetako bi. Vassilis Spanoulis eta Felipe Reyes Euroligako azken hamarkadako izarretako bi dira. Inork ez ditu antolatzaile greziarrak baino puntu gehiago sartu eta asistentzia gehiago banatu. Era berean, Paulius Jankunasek bakarrik hartu ditu pibotak baino errebote gehiago. Bidea egin dute saskibaloi profesionalean guztiek, eta utziko duten hutsunea ez da nolanahikoa izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.