mikel reina
HIRUKOTIK

Martxoa

2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
'Win-win'. NBA azken txanpan sartu da. Behin izarren gaua jokatuta, taldeak kanporaketei begira jartzen dira. Aurretik, ordea, data bat dago gorriz egutegian: martxoaren 25a, alegia. Etzi bukatuko da taldeen artean mugimenduak egiteko epea, eta zurrumurruak gero eta gehiago eta handiagoak dira. Bulegoetan telefonoak gau eta egun daude erabilgarri. Maiatzaren 22an hasiko dira kanporaketak, eta dagoeneko, frankiziek denbora izan dute haien ahulguneak identifikatzeko, eta nola edo hala horiek estaltzeko jokalariren bat hautatzeko. Era berean, horietako asko eraztunaren gose hori asetzeko talderen baten bila aritzen dira, nahiz eta diru kopuru askoz txikiagoa jaso. Frankizia eta jokalaria, pozik: Win-win.

Horietako bat Blake Griffin izan da. Hegal pibotak duela bi aste bere kontratuan zeukan etete klausula baliatu zuen Detroit Pistonsetik alde egiteko. Izarren gauean sei aldiz aritutakoak eskaintzak ez zituen faltan izango. Los Angeles Clippersen emandako mailatik urrun egon arren, kalitate handiko jokalaria da oraindik. Igandean egin zuen debuta Brooklyn Netsekin. Beste izar bat Steve Nashen konstelaziorako, Kevin Durant, James Harden eta Kyrie Irvingekin batera. Gainera, Clipperseko Deandre Jordan lagunarekin jokatuko du berriro. Birrintzeengatik egin zen famatua bikote hau. Griffin, ordea, ohartu zen hainbeste jauzi bortitz eginez, bere kirol ibilbideak ez zuela askorik iraungo: «NBAra heldu nintzenean, nire birrintzeengatik nintzen famatua, eta horrela egin nuen nire tokia ligan. Gero, konturatu nintzen oso nekatuta iristen nintzela kanporaketetara». 2012-2013ko denboraldian 205 birrintze osatu zituen, eta geroztik, bere zenbakiek behera jo dute. Igandera arte, 2019ko abendutik zeraman uztaitik eskegi gabe. Ongi-etorriko oparia izan zen Brooklynen.

Besteren bat ere oparia itxaroten dago. Azken egunetako albisteen arabera, taldez aldatzeko hautagai nagusietako Victor Oladipo da. James Hardenek zulo sakona utzi du Houston Rocketsen, Oladipok eta John Wallek bete ezin izan duten zuloa. Texaseko taldeak 20 porrot daramatza jarraian, eta ligako historiako seigarren boladarik txarrena da. Desertutik bide luzea dute hurrego urteetan. Hortik atera nahian dabil Victor Oladipo. Zurrumurruetako beste izen potoloetako bat Kyle Lowry da. Toronto Raptorseko joko antolatzailea udan agente librea izango da, eta atzetik ditu Philadelphia 76 Sixers eta Miami Heat. Zeintzuk eta Brooklyn Netsen Ekialdeko konferentziako aurkari zuzenetako bi. Zurrumurruak beti zurrumurru, baina etzi bitartean mugimenduak espero dira NBAn.

'Win or go home'. Estatu Batuetan, martxoan, munduko ligarik onena pixkat alde batera uzten da. Draftaren bidez sartuko diren jokalariengan jartzen da arreta guztia, March Madness famatuan. 64 unibertsitate eta irabazle bakarra; partida denak hil edo bizikoak: win or go home. Ameriketan koadranteak osatzen dira: hamalau milioi guztira aurten, kanporaketa bakoitzean nork egingo duen aurretik zehaztuz; NBAko jokalariek parte hartzen dute, baita Barack Obamak ere. Tradizioa da.

Txapelketako lehen egunean, dagoeneko, koadranteen %95 pikutara joan ziren; Oral Roberts unibertsitatea faborito nagusietako bat zen Ohio Stateri 72-75 gailendu zitzaionean. Upset deitzen zaio. Ezustekoa azken finean. Hori da txapelketa horren xarma berezia, bakarra egiten duena besteen aldean.

1939tik aurrera urtero jokatu da, iaz arte. Historian lehenbizikoz, bertan behera geratu zen. Bigarren Mundu Gerrak lortu ez zuena egin zuen koronabirusaren pandemiak. Era berean, 1976tik ez zuten hitzordura hutsik egiten Dukek eta Kentuckyk; NBAra jokalari gehien bidaltzen dituzten unibertsitateetako bi dira. Drafteko lehenengo postuan hautatua izateko hautagai nagusietako bat ere kanpoan dago jadanik: Cade Cunningham. Bestea, Gonzaga taldeko Jalen Suggsek apirilaren 3tik 5erako lauko finala du xede.

Egungo osasun egoerara moldatu ahal izateko, aurtengo edizioa Indianapolisen jokatzen ari da. Zale kopuru murritza dago kantxetan, ohikoa den girotik oso urrun. 2019ko finalean 67.000 ikusle egon ziren. Hala ere, ezin izan dute COVID-19aren atzaparretatik erabat ihes egin. Bigarren egunean Oregon eta VCUren arteko kanporaketa ezin izan zen jokatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.