mikel reina
HIRUKOTIK

Onenetan, onena

2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Lehendabizikoz. 2020-2021eko denboraldiko Euroliga inoizko berdinduena eta lehiakorrena izan da. Argi dago. Liga erregularrean, lehen sailkatuaren eta zortzigarrenaren artean lau garaipeneko aldea soilik. Lau kanporaketetako hiru bosgarren eta azken partidan erabaki ziren. Inoiz ez da hori gertatu. Lauko Finalera lau talderik onenak heldu ziren, eta ez dute hutsik egin. Berdintasuna izan da nagusi. Hiru norgehiagoka garrantzitsuenetan, hau da, bi finalaurrekoetan eta finalean, batez beste hiru puntuko aldea izan da bakarrik. Ekuaziotik kanpo geratu da inork jokatu nahi ez duena, hirugarren eta laugarren posturako lehia. Milanek 83-73 menderatu zuen Moskuko CSKA.

Anadolu Efes da txapeldun berria, haien lehendabiziko Euroligako garaikurra. Turkiako taldeen bigarrena Fenerbahcek 2017an eskuratutakoaren ostean. Lehendabizikoa taldeko partaide denentzat, debutariak denak ala denak. Ergin Ataman entrenatzailearen lehen Euroliga, baita Shane Larkin edota Vasilije Micicena ere. Denena. Zelan ez Kolonian bildutako Baskoniako jokalari ohien ordezkarientzat ere. Rodrigue Beaubois, esate baterako, NBA eta Euroliga lortzen dituen lehen frantziarra bilakatu da. Tibor Pleiss, aldiz, txapeldun izendatzen den Alemaniako laugarren jokalaria da. Iazko denboraldian amaitu ezin izan zutena borobildu dute aurten.

Makina. «Bi txapelketa irabazi ditugu jarraian, beraz, bi garaikur merezi ditugu». Atamanen hitzak, beti bezain xelebre. Marijaia bezala, bakarra munduan. Ukaezina da Anadolu Efesekin lortu duena. Duela hiru denboraldi, 2017-2018koan, Istanbuleko taldea Euroligako sailkapeneko talderik txarrena zen, zazpi garaipen eta 23 porrot. Orduz geroztik, 74 garaipen azken 105 partidetan. Hiru agerpen jarraian lauko finaletan, iazkoa ziurtatua zuten, bi final eta garaikur bat. Hiru sasoi gogoangarri. Berebiziko amorrua eman zion entrenatzaile turkiarrari iazko geldialdiak, faborito argi eta garbiak baitziren. Udan ez zuten aldaketarik egin, zertarako aldatu ondo dabilena. Denboraldi batetik bestera gauzak asko aldatzen dira. Liga erregularreko lehen jardunaldietan kezka eta zalantza puntu bat izango ote zuen Ergin Atamanek. Hamabi porrotetatik bederatzi lehen 15 partidetan izan ziren. Hortik aurrera turkiarren makina martxan jarri zen.

Erasoko makina batik bat. 80 puntu. Hori zen finaleko gakoa. Euroligako erasorik eta defentsarik onenak aurrez aurre. Bartzelonak liga erregularreko partiden %75etan utzi ditu aurkariak 80 puntuko langatik behera, eta horietako %83, irabazi. Beste aldean, Anadolu Efesek hamalau porrot izan zituen eta hiru garaipen besterik ez 80 puntuetara heltzen ez zenean. Horretarako ditu Europako antolatzailerik onenak, estatubatuarrek backourt deitzen diotena: Shane Larkin eta Vasilje Micic. Kataluniarren aurka bereziki mingarriak. Aurten, Istanbulen Larkinek 37ko balorazioa lortu zuen, eta Palau Blaugranan Micicek 30ekoa. Igandean, finalean 28koa biek ala biek. Serbiarra garaikurrarekin besapean joango da NBAra. Liga erregularreko jokalaririk onena, baita lauko finalekoa ere. Dimitris Diamantidisek 2011n, Vassilis Spanoulisek 2013an, Nando DeColok 2016an eta azkena Luka Doncicek 2018an, justu Ameriketara joan aurretik. Horiek eta Vasilje Micicek bakarrik lortu dituzte bi sariak denboraldi berean.

Atsedenik gabe. Saskibaloi zaleentzako urteko asteburu onenaren ondoren, orain zer? Herrialdeetako ligetako kanporaketak. Ia denak hasi dira, batzuk bukatu ere bai. Azkenetarikoa hasten atzo ACB ligan. Bartzelonak, esate baterako, ia atsedenik gabe gaur jokatuko du Joventuten aurkako lehen partida, 22:00etatik aurrera, Palau Blaugranan. Anadolu Efesek bihar ekingo dio Fenerbahceren aurkako finalari Turkian. Errusian, nahiz eta Moskuko CSKA VTB liga erregularreko liderra ez izan, finalean sartu da, eta Unics Kazan izango du aurrean. Alemanian, Bayern eta Alba faboritoek finalaurrekoetako lehen partidak galdu dituzte. Italian, Milan eta Bolonia finalean sartzeko garaipen bakarrera daude. Dagoeneko bukatu direnak ekialdeko ABA ligako kanporaketak dira. Euroligako 2021-2022ko denboraldirako azken txartela zegoen jokoan eta Izar Gorriak eskuratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.