mikel reina
HIRUKOTIK

Bikoitza

2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Asteburu lanpetua bezain gozagarria izan dut Valentzian. Faltan botatzen zen Kopa, kantxa barruan, baina batez ere kanpoan. Iaz ere Fontetan pabiloian jokatu zen, baina edukiera murrizketengatik ez zen ohiko giroa sortu. Aurten bai. Nik, gainera, jardunaldi bikoitza izan dut: goizetan, Gernikako umeen entrenatzaile, eta arratsaldetan, nagusien taldeko komunikazio arduradun.

Lehiakorrak. Euskal taldeen Kopa oso ona izan da. Osteguneko final-laurdenak benetan bikainak izan ziren, lehiatuak eta berdinduak, biak ala biak bakarrik lau puntuko aldeagatik erabaki baitziren. IDK Euskotrenek estu eta larri hartu zuen Perfumerias Avenida. Azu Muguruzaren taldea denboraldi bikaina ari da osatzen, eta Valentzian ideia hori indartu besterik ez du egin. Gutxi falta izan zitzaien ezusteko nagusia eta bakarra emateko. Donostiarrek lehia gogortzeko helburua lortu zuten, fisikoki talde oso indartsua dutelako; Salamancakoak Euroligako kanporaketa jokatzetik zetozen, horrek dakarren higadurarekin eta lesio txikiekin. Defentsak argi eta garbi nagusitu ziren partida bat izan zen.

Horrelakoak izan ohi dira kopako neurketak. Tentsioa ezberdina da; taldeek ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar. Final-laurdenik orekatuena Cadi La Seu eta Lointek Gernika Bizkaiaren artekoa izan zen. Gernikarrak ez zetozen unerik onenean, baina Kopa ere dinamika aldatzeko txapelketa izan daiteke. Ezberdina da, berezia. Mario Lopezek, esate baterako, argi utzi zuen bidaiatu aurretik txapelketa inflexio puntu bat izan behar zela. Hala dirudi. Aspaldiko partez, taldeak lehiakortasun maila altua erakutsi zuen. Final-laurdenetako hirugarren laurdenean Angie Bjorklundek saskiratutako hiru hirukok zabaldu zuten tartea. Hala ere, gogotik egin behar izan zuten lan amaiera arte, kataluniarrak markagailuan asko hurbildu baitziren. Behingoz, partida bukaera estuetako mamua urrundu zuten. Bost dira Lointek Gernika Bizkaiak ligan bost puntu baino gutxiagogatik galdu dituenak. Bazen ordua. Hori pasatuko zitzaien burutik, ospakizunean erakutsi zutenez. Larunbatean, irabazteko are gehiagorekin Salamancakoen aurka, 35 minutu iraun zien gasolinak. Garesti dago orain.

Gasolina. Umeen deposituak, ordea, ez du amaierarik. Koparekin batera Minikopa jokatu da. Goizetan txikiak, eta arratsaldetan nagusiak. Gelditu barik. Horrelakoak gara. Iaz ezin izan zen jokatu, baina aurten ez dute hutsik egin. Esperientzia bakarra da, errepikaezina, eta hala hartu dugu. Emaitzak, kasu honetan, gutxienekoak dira; akaso, umeen irribarreetan neurtu daitezke. Infantil mailan lehiatzen diren neskek parte hartu dute, eta, eskola kirolean egondako etenaldiak tarteko, gogotsu hartu dituzte hiru euskal taldeek. IDK Euskotren txapeldunorde izan zen; Lointek Gernika Bizkaia, zortzigarren, eta Kutxabank Araski, hamalaugarren. Baina, batez ere, hamaika lagun eta bizipen pilatu dituzte. Hori da garrantzitsuena. Giroa benetan zoragarria izan da, saskibaloi giroa. Estudiantes nagusitu zen txikietan, eta Avenida nagusietan. Roberto Iñiguez gasteiztarrak Espainiako bere lehen kopa irabazi zuen, Salamancakoen hamargarrena. 35 urterekin Silvia Dominguez izendatu zuten txapelketako jokalaririk onena. Adina zenbaki huts bat da.

Asteburua amaitzeko, euskal derbia ACB ligan. Ezin gehiago eskatu. Denbora falta izan zitzaigun Valentziatik heltzeko. Asko zegoen gainera jokoan, sailkapenean bi garaipeneko tartea baitzen Surne Bilbo Basket eta Bitci Baskoniaren artean. Ustezko berdintasun hori, berriz, lehenengo laurdenean bakarrik ikusi zen Miribillan. Hortik aurrera, Gasteizkoak oso nagusi izan ziren 11-31ko partzialaren ostean. Nahiz eta asteazkenean eta ostiralean Euroligako partidak jokatu, nagusi izan ziren. Euroligako zortzi talde onenen artean sartzeko, miraria behar dute; beraz, ACB ligan buru-belarri jartzeko unea da. Kanporaketetan zerrendaburu eta kantxa faktorea alde izateko, laugarren postua hiru garaipenera du Baskoniak. Joventut dago hor, eta azken jardunaldian jokatuko dute. Kataluniakoak 11 puntugatik gailendu ziren Badalonan. Euroliga gabe, gasolina gehiago izango dute; denbora ere bai, eta hori ere garestia da oso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.