mikel reina
HIRUKOTIK

Argentina hizpide

2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Izarrak. Argentina futboleko munduko txapeldun izanik, argentinarrek izan behar zuten protagonista gaurko iritzian. Argentinarrak dabiltza denen ahotan azken egunetan, ez bakarrik futbolean, baita saskibaloian ere. Facundo Campazzok bereganatu du arreta. Luca Vildoza herrikide eta lagunaren bideari jarraituko dio antolatzaileak, eta Izar Gorrian jokatuko du. Ofiziala da jada.

2020an, NBAra sasoia hasita joan zen, eta berdin itzuliko da Europara. Noiz edo noiz nabarmendu arren, ez du ligarik onenean tokia aurkitu. Ez da erraza inorentzat, are gutxiago haren garaiera duen antolatzaile batentzat [1,78 metro]. Hori ikusita, itzultzea erabaki du; ez, ordea, etxera, Real Madrilera. Mugimendu erabakigarria izan zitekeen Espainiako taldearentzat, Chus Mateoren lehen urratsak arintze aldera; hauek izan ohi direlako zailenak.

Mateok arindu nahi duena arindu du jada Dusko Ivanovicek Izar Gorrian. Montenegrokoak ezin izan du ordezko entrenatzaile batek egindako lan onena berdindu. Garaipen bakarrera geratu da; zazpi lortu ditu jarraian. Boladarik txarrena zuen taldearen aurka galdu zuen Euroligako azken jardunaldian: Milanen kontra. Italiarrek, berriz, ez zuten boladarik txarrena berdindu; porrot bakarrera geratu ziren.

Ikusteko dago Campazzok Izar Gorriarekin Euroligan jokatu ahal izango duen ala ez. Abenduaren 1ean, Euroligak jokalari berriak izen ematea debekatu zion Serbiako taldeari, diru zorrengatik eta horiek ez azaltzeagatik. Berez, otsailaren 9an amaituko da Euroligan fitxaketak egiteko epea. Jokatu badezake, Gabonak ACB ligako taldeen aurka jokatzen igaroko ditu argentinarrak: Bartzelonaren aurka jokatuko du Izar Gorriak abenduaren 30ean, Belgraden; Valentzian (Herrialde Katalanak) urtarrilaren 6an; Real Madrilen kontra 10ean, etxean. Campazzo bera ere zorretan dago Real Madrilekin, ez emozionalki, diruz baizik: ia hiru milioi zor dizkio. 1,8 milioi jasoko ditu denboraldi honen truke, eta 2,5 milioi hurrengoaren truke. Baina, udan, bakarrik 50.000 euroko etete klausula du; aurreko alditik ikasi omen zuen.

Autobusa. Argentinarrek Scaloneta badute, bizkaitarrek Jaumeneta dute. Zaragozari irabazi ostean jarri zioten ezizena Bilbo Basketen autobusari. Denak daude barruan. Gidaria Jaume Ponsarnau bada ere, Ludde Hakansonek mugiarazten du Jaumeneta; hura da motorra. Hakansonek beste inon aurkitu ez duen konfiantza aurkitu du. Haren jokoa ulertu dute. Izan ere, antolatzaile postura mugatuta egon da askotan. Baina, egun, joko sortzaileak ez du zertan postu horretan jokatu behar. Gidaritza lanak alde batera utzita erosoago dabil; baloiari eusten dio, baina beste modu batean.

FIBA leihoak mugarri izan ziren Bilbo Basketentzat. Gainera, aurkari zuzenen aurka aritu da geldialdiaren ostean. Lau partida galdu zituen jarraian, eta, orain, azken bostak irabazi ditu. Obradoiroren aurkakoak bakarrik egin zion ihes, etxean. Hori gutxi ez, eta Txapeldunen Ligan lehen postua lortu du, eta ez du lehen kanporaketa jokatuko. Tenerife izango du aurkari. Egutegiaren eperik samurrena pasatuta, urtarrileko igoerari egin beharko dio aurre: Real Madrilen, Bartzelonaren eta Unicajaren aurka ariko da, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.