mikel reina
HIRUKOTIK

Adiskide onekin orduak labur

2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
'Run and gun'.7 second or less. 2.000ko lehen hamarkadaren erdialdean NBAn famatua egin zen jokamoldea da: zazpi segundo edo gutxiagotan erasotzea. Gaur egungo jokoaren aitzindari nagusietako bat izan zen. Kontraerasoaren garrantzia muturreraino eraman zuen estiloa izan zen, eta hiru lagun izan zituen erakusle nagusi: Mike D'Antoni, Steve Nash eta Amare Stoudemire. Entrenatzaile, antolatzaile eta pibota, saskibaloiaren hiru ardatzik garrantzitsuenak historikoki. Phoenix Sunsen urrezko aroa Charles Barkleynarekin batera, biak ala biak eraztunik gabe. Bakarkako jokaldien sistemetatik zetorren NBAri beste abiadura bat jarri zioten. Run and gun, korrika egin eta jaurti. Erritmoa, posesioak. Gaur egun, big data-ren garaian hain garrantzitsuak diren bi aldagai, estatistika denak baldintzatzen dituzten datuak. Azken denboraldietan partidak gero eta arinagoak dira: ez da lehen bezala, 24 segundoak agortzea bilatzen; hasierako zortzi segundoetan jaurtitzeko aukera edukitzekotan, aurrera, beldurrik gabe. Tiro ona da. Nork ziurtatuko dizu jabetza aurrera joan ahala beste aukera hobeago bat aurkituko duzunik? Inork ez. Hori da zazpi segundoen legea.

Lagun ohiak. Estilo horrek bigarren atal bat izan dezake. Steve Nashek 2015ean erretiroa hartu zuenetik ez du atsedenik izan. Golden State Warriorsen lantaldean sartu zen jokalarien bakarkako garapenaren alorrean, baina batik bat Espainiako futbol ligako, orain Bigarren Mailan ari den Mallorca taldeko akziodun izateagatik izan da albiste. Baina egun batetik bestera Brooklyn Netseko entrenatzaile bilakatu da. Bere ardurapean izango ditu NBAko izar handienetako bi: Kevin Durant eta Kyrie Irving. Proiektu berri hori aurrera ateratzeko bere lagun ohiez inguratu da, denboraldi erregularreko bi MVP sari irabaztera eraman zituen berberak: D'Antoni eta Stoudemire, hain zuzen. Alde batetik, D'Antonik Houston Rocketseko proiektuarekin amore eman zuen, baita Daryl Moreyk kirol zuzendariak ere. Bere zigilua utzi du Texasen Arizonan Sunsekin egin bezala. Aurrerakoia izan da beti D'Antoni, inkonformista hutsa, korrontearen aurkakoa. Italian entrenatzen hasi zenetik hiruko marraren inguruan antolatzen du bere jokoa, eta hori bilakatu zuen bere jokamoldearen ardatz. Denborak arrazoia eman dio. Orain, Nashen laguntzailea izanen da Brooklynen, New Yorken, munduaren hiriburuan. Kanadako entrenatzaileak Phoenix Sunseko bere lagunik onena nahi izan du bere ondoan: Stoudemire. 37 urterekin eta Maccabi Tel Aviven eskutik Euroliga zer den dastatu ondoren, aulkietarako bidea egin du pibotak. Zurrumurruak zeuden Israelgo taldearekin kontratua berrituko zuen ala ez, baina azkenean bere joko mailarik onena erakutsi duen jokalariarekin itzultzeko erabakia hartu du.

Erakusleihoa. Baina D'Antoni eta Stoudemire ez dira izango Nashen lankide bakarrak abentura berri honetan. Ime Udoka jesarriko da kanadarraren alboan, NBAko laguntzaile preziatuenetako bat. Udokak ere, D'Antonik eta Stoudemirek bezala, bere momentuan Europarako bidea hartu zuen, jokalaria zenean bi aldiz. 2005ean, Kanaria Handian hilabete batzuk eman zituen, eta gero, 2012an, Murtzian, Greg Popovichen lan taldean sartu baino lehen. Eta zerrenda ez da hor bukatzen, NBAko entrenatzaileek laguntzaile mordoa baitituzte. Tiago Splitter ere Brooklynen dago. Kantxak alde batera utzita, gazteen hobekuntzan oinarritutako lanean ari da Baskoniako jokalari izandakoa. Brasildarrak, besteak beste, Jarrett Allen gaztea dauka bere esanetara, ligako pibote peto interesgarrienetako bat. Netsen bere momentuan egon zen beste bat Pablo Prigioni izan zen, Splitterren lan berdina osatzen. Orain antolatzaile argentinarrak aurrerapausoak eman ditu, eta erasoko alorra garatzen ari da Minnesota Timberwolvesen.

Nashek dena prest dauka bere entrenatzaile ibilbideari ekiteko. Nahi bezala prestatu du: lan talde luze bat ondo ezagutzen dituen lagunez inguratuta; NBAko talde onenetariko bat Durant etaIrving buru dituela; proiektu bat hedatzeko hiririk aproposenean; eta itxaropenak New Yorkeko zerumuga bezain altu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.