mikel reina
HIRUKOTIK

Zuloak

2021eko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Finala. Bilbo Basketek eta Gipuzkoa Basketek larunbatean urteko lehen finala jokatu zuten. Nahi baino gehiago jokatu beharko dituzte aurten. Badaude inork jokatu nahi ez dituen finalak: hil edo bizikoak. Final arruntetan asko dago irabazteko eta gutxi galtzeko. Ez jaistea jokoan dagoenetan, berriz, askoz gehiago dago galtzeko irabazteko baino. Alex Mumbruk berak adierazi zuen: «Ez dago garaipena baino garrantzitsuagorik partida mota hauetan». Berdin dio zelan. Esan diezaiotela bestela Marcelo Nicolari. Partida irabazteko hiru jaurtiketa izan zituzten azken jabetzan, eta ez Johnny Dee, ez Jan Span ezta Dino Radoncic ere ez ziren kapaz izan saskiratzeko. Bi taldeen jardunaren adibiderik onena. Nahi eta ezin, edo ezin eta nahi. Bilbotarrak, zuloak estali ezinik, eta donostiarrak, zuloak zabaldu ezinik. Zulo beltzak biak.

Handiagoa, akaso, Gipuzkoan. Porrota mingarria izan zen oso, bi garaipenekin soilik daudelako lehen itzulia bukatzeko azken jardunaldiaren faltan. Sailkapenean Bilbo Basketek baino bi garaipen gutxiagorekin eta buruz burukoetan alde txikiena beltzezko gizonekin izanik (-1). Zaragozarekin izan ezik (+3), gainontzeko aurkari zuzenekin zail daukate: Fuenlabrada (-28), Estudiantes (-19) eta Betis (-12). Ez da galdu bakarrik, zelan galdu ere. Hori gutxi ez, eta Marcelo Nicolari partida bukatu baino bi minutu lehenago izarra lesionatu zitzaion: Jaime Echenique. Pibota negar malkotan irten zen Miribillatik esku-ohean. Kolonbiarra Gipuzkoa Basketeko albiste on bakanetarikoa da: 13,8 puntu eta 4,8 errebote, batez beste. Echeniquek kantxa utzi zuenetik Gipuzkoa Basketek bateko jaurtiketa bat eta hiruko bat sartu zituen bakarrik. Datorrenaren bihozkada. Ikusi beharko da donostiarrek merkatuan zuloak estaltzeko fitxaketaren bat aurkitzen duten, bilbotarrek Aminu, Miniotas, Kljajic, Huskic eta Jenkinsekin egin duten bezala.

Sinesmena. Iparraldeko euskal taldeak behera begira dauden bitartean, hegoaldean Baskonia gora begira dago. Inolako mugarik gabe. Dusko Ivanovicek bere itzulerako aurkezpenean esandako diskurtso bera mantentzen du. Irabazle sutsua da Montenegrokoa, odolean darama, eta gose hori ondo baino hobeto helarazten du. ACBko ekaineko titulua ez du kasualitatetzat jo nahi entrenatzaileak, eta taldea txapelketa denak irabazteko moduan ikusten du. Fedetik haratago doa, sinesmena da. Espainiako ligan laugarren postuan da, bakarrik lau partida galduta, eta partidak ofizioz aurrera eramanez. Hori bai, lehenbizi Kopako postua mantendu beharko dute Kopan zerrendaburu izateko. Matematikak argiak dira: Burgosen emaitza berdindu. Behin etxeko lanak eginik, Euroligan buru-belarri sartu beharko dira.

Lehen itzuliaren amaieran Baskonia bederatzigarren postuan dago garaipen eta porrot kopuru berarekin: zortzi. Gainera, gaur, bosgarren jardunaldian Alba Berlinen aurka atzeratutako lehia jokatuko du Alemanian. Gasteiztarrak behetik gorako bidea osatzen ari dira, eta hori, batez ere, jokalarien garapenari esker da. Bi adibide nagusi: Tadas Sedekerskis eta Yussufa Fall. Harrobiko lituaniarrak abenduan 8,4 balorazioa sinatu du batez beste, Ivanovicek emandako konfiantza baliatuz; sei minutu jokatzetik ia hogeira joan da. Pibot frantziarrak Andorraren aurka ACBko bere zenbakirik onenak lortu zituen erreboteetan (14), txapeletan (4) eta balorazioan (38). Lan gogorra, ez dago besterik. Baskoniak ez zuen Euroliga ondo hasi, lehen zazpi partidetan bost porrot jasoz. Gero, ordea, lau garaipen jarraian, eta astebete beltz batean beste hiru porrot bata bestearen atzetik. Azkenik, urte bukaera ezin gozoagoa izan da taulako aurkari zuzenen kontra, Milanen eta Valentziaren aurka eskuratutako bi garaipen handirekin. Hiruko marrarekiko mendekotasun gutxi duen talde bakanetarikoa da Baskonia, jarduna defentsan oinarritzen baitu. Mendekotasun handiagoa dauka Pierria Henryrekiko. Talde gasteiztarrak bestelako joko sortzaile baten falta sumatzen du antolatzailearen deskonexio minutuetan. Bestela ez litzateke Gasteizen arituko. Oraindik ez da heldu, heltzekotan, Khadeen Carringtonen ordezkoa. Denek dituzte zuloak, handiak edo txikiak, baina zuloak, azken batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.