mikel reina
HIRUKOTIK

'Boom or bust'

2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Izurritea. NBAren 2020-2021 denboraldiak lehen hilabetea bete du. Berriro ere martxan jartzea beti izaten da zaila, oraingoan are gehiago. Denetarik pasatu da, kantxa barruan eta batez ere kanpoan. Munduko ligarik onenak ezin die gizarteko arazoei ihes egin. Eta gaur egungo kezkarik nagusiena, nola ez, koronabirusa da. Ekainean Disney parkean antolatutako burbuilak ezin hobeto funtzionatu zuen, eta eredugarria bilakatu zen beste txapelketa askorentzat. Orain, ordea, birusa menperatzea zailagoa bihurtzen da, ezinezkoa ez esatearren. Entrenamenduak hasi zirenean, testak egin zitzaizkien NBAko 495 jokalariei, eta 48 kasu positibo egon ziren. Beharrezko berrogeialdiaren ondoren, zenbakiek hobera egin zuten nabarmen, eta Eguberri egunean lehendabizikoz ez zen positiborik antzeman. Bazirudien birusa kontrolatuta zegoela. Baina inondik inora ere ez. Ez dago erlaxatzerik. Urte hastearekin batera, kezka handituz joan da. Aurreko astean, ligak astero eguneratzen baititu datuak, hamasei positibo egon ziren, eta horrek alarma gorri guztiak piztu zituen. Dagoeneko hamabost neurketa atzeratu behar izan dituzte, gehienetan taldeak ez zituelako jokatzeko beharrezkoak diren zortzi jokalariak. Mavericks, Celtics eta Wizards izan dira kaltetuenetako batzuk. Wizardsek dagoeneko lau partida ditu atzeratuta.

Gorantzako joera horren aurrean, Adam Silver komisiodunak protokoloak gogortzea erabaki du. «Sakelakoaren menpe bizi naiz eta ezin dut familiarekin egon. Baina orain hau da behar duguna». Arau zorrotzak ulertzen dituztenetarikoa da Damian Lillard. Haatik, zalantza gehiago ditu George Hillek: «Inork ezin dit debekatu nire familia ikustea, hain egoera larrian bagaude. Agian, liga geratu beharra dago». Musukoa derrigorrezkoa izanen da partaide denentzat une oro. Salbuespen bakarra dago, aldaketa baten ondoren atseden hartzera doan jokalariak une bat izanen du arnasa hartzeko, eseri eta musukoa berriro jarri arte. Bestetik, debekatuta dago bostekoa ematea. Azkenik, jokalarien egunerokoa saskibaloira lotuta egongo da: hau da, etxetik pabiloira eta itzuli. Azken erabaki honek eztabaida sortu du jokalarien artean.

Bozgorailua. Koronabirusa ez da izarren kezka bakarra. Azkenaldian, Black Lives Matter mugimenduaren karietara batez ere, NBA beltzen eskubideen aldeko bozgorailu nagusi bilakatu da. Maiatzeko manifestazioetan munduko jokalaririk onenak kalean ikusi genituen, eta ohikoak dira arrazakeria salaketak. 2014an Poliziak hildako Eric GarnerrenI can't breathe leloarekin, esate baterako. Mugimendu hauen protestetan poliziak berak gogor aritu ziren parte hartzaileen aurka. Urtarrilaren 6an Trumpen jarraitzaileen Kapitolioa hartzeko saiakeran, NBAko jokalariek salatu zuten zer gertatuko ote zen manifestariak zuriak izan beharrean beltzak izan baziren. Doc Rivers entrenatzaileak galdera bera egin zion bere buruari. Klay Thompsonek Trump Ku Kux Klanarekin alderatu zuen meme baten bidez. «Estatu Batuetan, egun batean tiroz hiltzen zaituzte kotxean lo egiten zaudenean, eta hurrengoan Kapitoliora sar zaitezke atxilotua izan gabe», esan zuen Jaylen Brownek, mugimenduetako ikur nagusietako batek. Gauza batzuk ez dira inoiz aldatzen.

'All in'. Pokerrean bezala, daukan denarekin egin du apustua Netsek. James Harden erakartzeko, Brooklynek epe ertaineko etorkizuna hipotekatu du. Hirukote batekin apustu, baina a ze hirukotea: James Harden, Kevin Durant eta Kyrie Irving. Hurrengo urteetako Drafteko aukerak eman dituzte baita ere Caris LeVert edo Jarrett Allen bezalako jokalari interesgarriek. Steve Nash entrenatzaile rookie-ak lana dauka. Kantxan baloi bakarra daukate hainbeste talenturentzako. Aldagelan egoak kontrolatu beharko ditu. Fitxaketa honen inguruan zeuden zurrumurruen harira, Irvingek dagoeneko esan zuen ez zuela begi onez ikusten. Hasiera ezin hobea izan da. Harden talde berri batean jokatutako lehen partidan 30 puntuko hiruko bikotza eskuratzen duen historiako lehen jokalaria bilakatu zen. Lan asko dago aurretik. Helburua bakarra da: eraztuna. Ez lortzea porrota izango litzateke. Boom or bust.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.