mikel reina
HIRUKOTIK

Otsoak, artzain

2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Herritik eta herriarentzat. Otsoak dabiltza artzain. Iraurgi saskibaloi taldeko otsoak, alegia. Gipuzkoako taldeak joan den larunbatean irabazi zuen Espainiako Zilarrezko LEB Ligako Kopa, finalean, Bartzelona B-ri, luzapenean 82-84 nagusituta. Bigarren garaikurra du jarraian, iaz Gironari irabazi baitzion, Azpeitiko kiroldegian (Gipuzkoa). Kopako artzain berriak dira gipuzkoarrak, eta lehiaketa hori errenkadan irabazi duten taldeen zerrendan sartu dira: Burgosek 2005ean eta 2006an egin zuen, eta Granadak 2017an eta 2018an. Iraurgi etxean eta kanpoan nagusitu den lehen taldea izan da. Hori gutxi ez, eta Iñaki Jimenez talde berdinarekin eta segidan Kopa irabazi duen bigarren entrenatzailea bilakatu da. Aurretik, Granadako Pablo Pinek bakarrik lortu zuen. Jokalari onenaren saria, berriz, Ibon Guridik jaso zuen. Bartzelonan, berak altxatu zuen garaikurra, baina denek izen bat zuten buruan eta kamisetetan: Juan Jose Arakistain Pino klubeko lagun minazena. Iaz, hark altxatu zuen kopa. Bera da artzaina.

Urtarril osoa laguntza eske aritu ondoren izan da txapeldun Iraurgi. Punta-puntako taldeek zuloak badituzte, herrietako taldeek zulo beltzak dituzte. Laguntza bakoitzak urrea balio du. Zilarrezko Ligan etxeko jokalariek berebiziko garrantzia dute, une oro kantxan horietako bi jokalari egon behar baitira. Iraurgik bost gipuzkoar ditu. Arau horren xedea taldeetako harrobia sustatzea da, denbora gehiago joka dezaten, egunen baten goi mailara heltzeko. Ideiak, ordea, ez du inolako jarraipenik. Espainiako Saskibaloi Federazioak kudeatzen dituen ligetan, denak ACB pribatua izan ezik, arazoak dira nagusi. Larunbateko Kopako finalean, esate baterako, ezin izan zen ia lehen zati osoa ikusi emankizuna eteten baitzen. Herrietako talde horietako jarratzailea izatea gero eta zailagoa da. Partida denak Espainiako Saskibaloiaren webgunean daude eskuragarri, baina beti dago arazo teknikoren bat. Badaude otso maltzurrak ere. Azkoitian (Gipuzkoa) eta Azpeitian inon baino hobeto dakite hori. Iraurgiko emakumezkoen taldea bigarren mailan ari da, ondo aritu ere. Hirugarren da B multzoan: hamahiru partida irabazi ditu, eta bost galdu.

'Ardi beltza'. Iñaki Jimenezen esanetara daude heltze prozesu horretan dauden Baskoniak utzitako bi jokalari: Pavel Savkov errusiarra eta Ondrej Hanzlik txekiarra. Lehenak 18 urte ditu, eta Errusiako selekzioaren deia jaso du. 13,1 puntu sartzen ditu batez beste. Hanzlikek, berriz, 8,9 puntu lortzen ditu partidako. Aldaketak espero dira ACB ligan epe laburrera lizentzien kudeaketaren ingurua, eta haien beharra izanen dute Baskonian. Gaur egun, Europan aritzen diren taldeek, batik bat, 13-14 jokalari fitxa dituzte. Ligan, entrenatzaile bakoitzak gutxienez lau kupo izan behar ditu, hau da, Espainiako selekzioarekin jokatu ahal du, bai harrobitik aterata, bai pasaportea lortuta. Atzerritarrei dagokienez, lau motatakoak daude. Komunitarioak dira Europako Batasuneko herrialdeetakoak, FIBAk onartzen dituenak eta Cotonou akordioaren onuradunak. Horrez gain, batik bat Ipar eta Hego Amerikako jokalariak daude. Datorren denboraldira begira, ACBk hirugarren atzerritar fitxa bat gehitu nahi du, eta bosgarren kupo bat sartu.

Baskonia lanean hasi da dagoeneko. Pierria Henryk Senegalgo herritartasuna lortuko du aurki. Cotonou pasaporte faltsuen zerrenda amaigabeko beste kapitulu bat izango da; beste ardi beltz bat. Ofizialtasuna Afrikako Txapelketako sailkapenerako partidetan sinatuko du, hilaren 19an, 20an eta 21ean. Baskoniak 18an Khimkiren aurka jokatuko du Errusian, Euroligan, eta asteburu horretan ez dago ACB ligako jardunaldirik. Gasteiztarrei beste estatubatuar bat fitxatzeko leihoa zabaltzen zaio. Beharra badu. Hori bai, Dusko Ivanovicek lantalde luzeekin jokatzen ikasi beharra dauka. Jokalariek nekearen sintomak erakutsi dituzte jada, eta haien jokamoldeak sasoiko egotea eskatzen du. Egutegi estuarekin txandakatze gehiago egin behar dira, eta denei aukera eman. Ulertzeko zailak dira, adibidez, Ilimane Diopen edo Sander Raiesteren kasuak. Jokalari garrantzitsuak ziren lehen, eta egun, ia ez dute jokatzen. Pribilegio horiek ez dira onargarriak. Lege zaharrekoa da Baskoniako entrenatzailea, ez du akatsik onartzen, baina egun, ibili, erori eta altxatzea da oinarrizko legea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.