mikel reina
HIRUKOTIK

Asteburuko plana

2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Txotxongiloak. «Denok dakigu zergatik gabiltzan jokatzen». Kawhi Leonarden hitzak dira NBAko 2021eko All Starraren inguruan. Azkenean, NBAk erabaki du izarren asteburua martxan jartzea. Indianapolisen izan ordez, bertako edizioa 2024 arte atzeratu baitute, Atlantako State Farm Arenan izanen da. Azken momentuan erabaki da aurrera eramatea, eta azkenik, martxoaren 7an izango da. Hiru egun izan beharrean, egun bakarrean. Ez da osorik, ezagutu den moduan jokatuko, nagusien All Star-a eta abilezia txapelketa jokatuko baitira, ez besterik. Ez birrintzeen txapelketarik, ezta hirukoena ere. Pandemiaren moldaketak. Azken denboraldian aspaldiko ospea berreskuratu zuen ekitaldi horrek, lagunarteko bat izatetik motibazio berezi bat izatera pasatu baitzen. Jokalarien gogoak nolakoak diren ikusita, aurtengoak ez du itxura onik, ordea.

Jokalarien artean ez baita ondo ikusi All Starr-aren aurtengo antolakuntza. Oso goitik datozen hitzak dira, LeBron Jamesenak, alegia: «Partida jokatzeko ez daukat gogorik, ezta motibaziorik ere. 71 egun izan ditugu bakarrik atseden hartzeko denboraldi baten eta bestearen artean, eta esan ziguten geldialdi hau baliatu genezakeela, baina azkenenean, ezer ez. Hautatua banaiz joango naiz, baina fisikoki bakarrik egongo naiz, ez mentalki». Kawhi Leonardek azkenean inork baino hobeto laburtu zuen erabakia: «Diruarengatik gaude jokatzen, ez zaleengatik; dirua osasunaren gainetik dago». Hau da errealitatea eta jakitun daude izar guztiak. James Hardenek ez du ukatu astebete hau «familiarekin gozatzekoa» zela, ezin direlako «egunerokoan eta normaltasunean» haiekin bildu, eta funtsezko hauspoa direlako jokalarientzat. Ez dira makinak. «Egiari zor, ez du zentzurik. Diruak mundua mugitzen du, eta gu txotxongilo hutsak gara», adierazi zuen De`Aaron Foxek, Sacramento Kingseko antolatzaileak. NBA negozio bat da, munduko negozio handienetako bat. Horretaz jakitun dago Chris Paul NBAko jokalarien elkarteko presidentea, eta «elkar ulermenaren» aldekoa da. Aldeko gutxi ditu, ordea, eta aurkako asko.

Zaleek badirudi izarren arteko lehia ikusteko gogoa dutela. Aurten hautatuak aukeratzeko sare sozialen bidez eginiko bozketa %70 igo da lehen kontaketen arabera. Konferentzia bakoitzeko jokalariak bi multzotan banatzen dira: kanpoko eta barneko jokalariak. Otsailaren 4rako eguneratu ziren datuak, hurrengoa etzi izanen da, eta azkena, 16an. Bi bostekoetako izenak hilaren 18an argitaratuko ditu NBAk, eta aulkitik irtengo direnak, 23an. Orain arte mendebaldeko konferentzian bi izen nabarmentzen dira gainontzekoen gainetik: LeBron James eta Stephen Curry. Ez daude oso urrun Nikola Jokic eta Luka Doncic. Ekialdean, berriz, Kevin Durant da bozkatuena, bi milioien langa gainditzen duen jokalari bakarra izanik.

Gure kopak. Kopa astea da hau, ez bakarrik ACBn; baita Europako beste herrialde askotan ere. Euroliga eteteko aitzakia bakarra da. Baina ez da ohiko kopa asteburua izango. Turkian, esate baterako, bertan behera geratu da txapelketa, kluben eta federazioaren akordioaren ostean. Baita Frantzian ere. Atseden hartuko dute. Alemanian formatua aldatu behar izan dute. Denboraldi osoan zehar jokatzen den multzokako fase bat jarri, hurbiltasunaren araberako multzoak ezarri, eta bakoitzeko lehen sailkatuek Lauko Finala jokatuko dute Munichen. Errusian, izarren gaua antolatu dute iganderako Moskun, errusiarrak atzerritarren aurka. NBAn lehen eta bigarren urteko gazteekin egiten den bezala. Italian sistema klasikoa mantendu dute. Milan da txapelketaren egoitza, eta faborito nagusia ere hiriko taldea da, aurkari gogorrenak Milos Teodosicen Boloniako Virtus eta Venezia izanik.

Madrilen ikuslerik gabe jokatuko da; hau da, betiko xarma guztia galduko du. Kopako onena ez dira izaten hil edo biziko partidak, kalean eta harmailetan sortzen den giroa baizik. Asteburu osoan zortzi taldeetako zaleak bat bilakatzen dira. Giro ona eta saskibaloia. Aurten ez da ezta Baskoniako zaleen kalejira erraldoirik egongo. Hau ez da Kopa, beste zeozer da. Pandemia garaira egokitutako txapelketa. Erreserba talde eta guzti. Sailkatutako talderen batek positiboak izan ez gero Murtziak hartuko lukeelako bere lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.