mikel reina
HIRUKOTIK

Izarrak

2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Konstelazioa. Konstelazioa itxurazko izar-multzoak dira, eta NBAk bereak martxoaren 7ko All Star-ean bilduko ditu Atlantan (AEB). Hasieran Adam Silver NBAko komisionatuak esan bazuen ere ez zutela antolatuko, argi geratu da diruak agintzen duela; edo zehatzagoa izanda, telebista kate handiek. Atlantako alkateak aitortu zuen «telebistarako ekitaldia» zela, besterik ez. Egun bakar batean bada ere, baina egin, egin behar da. Lehenengo, goizaldeko 00:30ean hiruko eta abilezia lehiaketak egingo dituzte; ordu eta erdi geroago, ligako jokalari onenen arteko norgehiagoka nagusia jokatuko da, eta lehia horren atsedenaldian, birrintzeen txapelketa. Beraz, beste denboraldi batzuekin alderatuta, ez da gazteen arteko lehiarik egongo.

Dagoeneko jakinarazi dira hasierako bostekoak. Mendebaldean, Stephen Curry, Luka Doncic, Lebron James, Kawhi Leonard eta Nikola Jokic arituko dira. Ekialdean, berriz, Kyrie Irving, Bradley Beal, Kevin Durant, Giannis Antetokounmpo eta Joel Embiid. Entrenatzaileak Filadelfiako 76 Sixerseko Doc Rivers eta Utah Jazzeko Quin Snyder izango dira; hau da, konferentzia bakoitzeko lehen sailkatuetako teknikariak. Bostekoak osatzeko orduan NBAk hiru aldagai izaten ditu beti kontuan: zaleen botoak, hedabideen iritzia eta ligako kideena. Azkenean, faktore denen arteko batezbestekoarekin egiten dituzte aukeraketak.

Aurten, esate baterako, Portlandeko Damian Lillarden hutsuneak arreta eman du: 29,8 puntu, 7,7 asistentzia eta 4,4 errebote lortu ditu partidako, eta lehia estuetako jokalaririk onena da. Erabakigarria da. Nor geratu beharko litzateke titularretatik kanpo? Doncic. Esloveniarrak berak aitortu zuen: «Ez nuen espero lehen bostekoan sartzea. Agian, Lillardek nik baino gehiago merezi zuen». Zaleen botoa izan da giltzarria. Kontaketaren amaieran antolatzailea eta eskolta berdinduta zeuden bigarren eta hirugarren postuan. Baina ez edonola: Dallasekoa zaleen bigarren hautatua zen, hedabideen hirugarrena eta jokalarien hirugarrena. Portlandekoa, berriz, bigarren zen azken bi ataletan, eta hirugarren lehendabizikoan. Datuak argigarriak dira: Doncicek 58 boto jaso ditu jokalariengandik, eta Lillardek 131; hedabideetan, 30 eta 64 izan dira bozkak, eta zaleen artean 3,3 milioi eta 2,8 milioi. NBAk ikusleen eskuetan utzi du azken erabakia. Taula horri jarraituz, hauek izango ziren gainontzeko hautatuak: ekialdean, James Harden, Zach LaVine, Jayson Tatum, Jimmy Butler eta Bam Adebayo; eta mendebaldean, Lillard, Donovan Mitchell, Anthny Davis, Paul George eta Zion Williamson.

Lerrokatu. Izarrak ere egutegiak osatzeko balio izan dute. Beharra badago, batez ere Espainiako Ohorezko Mailan. Denboraldi honetan, lehendabizikoz, hamasei talde ari dira, eta udan bi txapelketa nagusi daude agendan: lehenbizi, Europako Txapelketa, ekainaren 17tik 27ra, eta ondoren, Tokioko Olinpiar Jokoak, uztailaren 26tik abuztuaren 8ra. Denbora, egon badago. Beste kontu bat da nahi ez izatea, liga urtero apirilerako bukatuta baitago. Beti da lehena amaitzen. Berdin dio denak, ez dago malgutasunik. Ez dira kontuan hartu ziurrenik atzeratu beharko ziren jardunaldiak.

Gaur egun, liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan, bertan behera geratutako hamahiru partida daude jokatzeko. Kaltetu nagusienak Perfumerias Avenida, Valentzia, Estudiantes eta Lointek Gernika Bizkaia dira: hiru lehia atzeratu dizkiete guztiei. Soilik hiru taldek jokatu dituzte neurketa guztiak. Azken egunetan, Gernikan izan dira COVID-19 positiboak, eta ikusi beharko da bizkaitarrak noiz eta nola heltzen diren denboraldiko unerik erabakigarrienera. Mario Lopezen taldeak Espainiako Kopa jokatuko du martxoaren 4tik 7ra; Eurokopako kanporaketak martxoaren 14an eta 16an, Errumanian, Sepsiren kantxan, eta ligako azken jardunaldia 27an da jokatzekoa. Kasurik onenean, hamabi partida jokatu beharko dituzte 29 egunean: hots, ia hiru egunetik behin. Horrela zeukaten Kutxabank Araskik eta Estudiantesek ere egutegia azken asteotan, baina berriro atzeratu behar izan dituzte euren norgehiagokak. Gasteiztarren eta Espainiako taldearen artekoa, adibidez, hiru aldiz geratu da bertan behera. Laugarren ahalegina martxoaren 16an egingo dute. Izarrak lerrokatu beharko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.