mikel reina
HIRUKOTIK

Esprinta

2021eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
'E.T'. Bartzelonak iragan astean iragarri zuen Pau Gasol fitxatu zuela. E.T., Andres Montes kazetariak jarritako ezizena, bueltan da. Bueltan da, bai, baina nola. Datorren astean bi urte beteko dira pibotak bere azken partida jokatu zuenetik. Oineko lesioak beti dira arriskutsuak, eta 40 urterekin, are gehiago. Helburu bakarra dauka buruan katalanak: Tokioko Olinpiar Jokoetan aritzea. Horretarako, minutuak behar ditu. Argi utzi zuen Sergio Scariolo Espainiako hautatzaileak: «Hilabete batzuetan lehiatu beharko litzateke Tokion aritzeko».

Gasolen kalitatea ukaezina da. NBAn dena irabazi du, Los Angeles Lakersekin bi eraztun barne. Udan, Espainiako selekzioarekin aritu den bakoitzean, nahiz eta sasoiko ez egon, menderaezina izan da. Adibidez, handia egin zuen 2015eko Frantziako Europako Txapelketako finalerdietan: 40 puntu eta 11 errebote lortu zituen etxeko taldea gainditzeko.

Saras Jasicevicius Bartzelonako entrenatzaileak pibot baten beharra zeukan, eta eskatutakoa eman diote bulegoetan. Negozio borobila da Bartzelonarentzat, arrisku gutxikoa katalanaren soldata jaitsieragatik, gutxienekoa jasoko baitu. Gehiago irabaziko du elastikoekin, adibidez. Hor dago errentagarritasuna. Bartzelonak pibot bat behar zuten, eta Gasolek talde bat. Beraz, denak daude pozik.

Ez da bakarra. Bartzelona ez da azken hilabeteetarako fitxaketak egin dituen talde bakarra. Are gehiago, Mario Hezonjaren eskubideak Panathinaikosi utzi dizkiote sasoia bukatu arte. CSKA Moskuk, berriz, lesioei aurre egiteko, Michael Eric eta Iffe Lundberg ekarri ditu. NBAn egondako beste bi jokalarik lur hartu dute Euroligan: Jeremy Evansek Milanen eta Kostas Kufosek Olympiakosen. Baskonia da fitxaketak egin ez dituen gutxietako bat.

Gaurtik aurrera aste honetako jardunaldi bikoitza dago jokoan Euroligan. Bukatzean, soilik sei partida faltako dira liga erregularra bukatzeko, eta sailkapena ezin berdinduago dago. Bartzelona liderraren eta Fenerbahce zortzigarren sailkatuaren artean soilik hiru garaipeneko aldea dago. Baskonia kanporaketetatik bi garaipenera dago, eta turkiarrekiko puntu aldea galdua du. Ez dauka egutegi samurra Dusko Ivanovicen taldeak. Azken zortzi partidetatik bi soilik dira sailkapenean gasteiztarrak baino atzerago dauden taldeen aurka. Besteak beste, Bartzelona, Zenit eta Valentzia bisitatu beharko ditu, eta Bayern, Milan eta Efes jaso. Gasteiztarrek lau garaipen jarraian lortu dituzten arren, gutxienez beste bost beharko dituzte zortzi onenen artean sartzeko. Eta, hala ere, baliteke nahikoa ez izatea.

Aldaketa. Duela aste gutxi Hirukotik kexu zen gizonezkoetan Espainiako Kopan ez zelako egon ezustekorik. Emakumezkoenean ere ez da beste askorik espero. Aldaketa bat egongo da: Perfumerias Avenida eta Girona ez dira laugarrenez jarraian finalean ariko. Ostegunetik igandera bitartean jokatuko da Kopa, Valentziako Fonteta pabiloian. Finalerdietan neurtuko dituzte indarrak aurten lehen kanporaketa gaindituz gero. Roberto Iñiguez gasteiztarraren Perfumerias Avenida da faborito nagusia. Zenbakiek hori diote. Azken hamar finalak jokatu ditu, eta soilik bi aldiz huts egin du; azken lau garaikurrak irabazi ditu. Horrez gain, ez Espainiako ligan, ezta Euroligan ere ez du partidarik galdu. 2020ko otsailaren 16tik ez dute porrotaren zapore gazia probatu. Urtebete baino gehiago dagoeneko. 36 garaipen lortu ditu jarraian.

Lointek Gernika Bizkaia eta IDK Euskotren ere Kopan ariko dira, baina lehiaketa koadroaren beste aldean. Ez da derbirik izango hirugarrenez jarraian final-laurdenetan, baina finalerdietan egon daiteke. Hala ere, ez daude bere unerik gozoenean bi euskal taldeak. Bizkaitarrak otsailaren 14tik ez dute partida ofizialik jokatu, taldean izandako koronabirus kasuengatik. Ez da bakarrik geldialdia, baita gaixotasunak dakarren egokitzapen prozesua ere. Azu Muguruzarenak ere ez daude sasoiko: azken lau partidak galdu dituzte, eta bereziki gogorrak izan dira etxean galdutakoak. Kanporaketetan sartzeko beharrezkoak dira horiek. Valentzia izango dute aurkari. Etxeko taldea finalera iristeko hautagai nagusia da, eta, iaz Perfumerias Avenidak egin bezala, antolatzailearen madarikazioa hautsi nahiko du. Hau da, zure herrian txapeldun izan. Iaz bakarrik pasatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.