mikel reina
HIRUKOTIK

(Ez)berdintasuna

2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Flotagailua. Zelan aldatzen diren gauzak egun batetik bestera: putzutik zerura, eta zerutik putzura. Bilbo Basketek ondo daki hori. Alex Mumbruren taldeak lehen aldiz eskuratu ditu bi garaipen jarraian denboraldi honetan ACB ligan. Eta zelako bi garaipen. Putzutik irten da, flotagailuarekin eta guzti: Garaipena lortzeaz gain, puntu aldea irabazi die Gipuzkoa Basketi eta Betisi. Aitzakiek, ordea, epemuga dute. Espainiako Kopako eta FIBA leihoetako geldialdia baliatuz, denek batera entrenatzeko aukera izan dute. Ondrej Balvinek Txekiar Errepublikarekin lehiatzeko deiari uko egin zion, baita Ludde Hakansonek ere. Antolatzaileak etxetik ikusi zuen zelan geratu zen Suedia Europako Txapelketatik kanpo, puntu bakarragatik. Bidaiatu zuen bakarra Regimantas Miniotas lituaniarra izan zen.

Kausalitatea izan da kasualitatea baino. Adibiderik onena Hakanson bera da. Ez da antolatzailearen denboraldirik onena izaten ari. Lehenbizi, orkatileko minek segida izatea eragotzi zioten; gero, koronabirusa pasatu zuen, eta jokatzeko erritmora bueltatzeko arazo asko eduki zituen. Orain, berriz, heroia da. Are gehiago Jonathan Roussellek min hartu eta gero. Donostian taldea ezin hobeto gidatu zuen, eta hiruko marratik ez zuen hutsik egin. Igandean, Bilbo Arenan, lehiako azken segunduan txapela jarri zion Jerome Randleren hiruko erabakigarriari. Nork esango luke.

Matematikak. Berdina pentsatu zuten saskibaloizaleek joan den asteartean Khimkik Real Madrili irabazi zionean. Inor gutxik espero zezakeen. Errusiako taldeak hamasei porrot zeramatzan jarraian. Ez zuen irabazi 2020ko azaroan 17tik Euroligan, eta krisi sakon batean murgilduta zegoen, ez soilik kirol jardunean, baita ekonomikoan ere. Duela bi urte, txapelketako aurrekontu handienetako bat zuen, Baskoniarena halako bi, eta urtez urte gero eta okerrago aritu da. Izarrek ez dute talde on bat eratzen. Putzu sakonean dago Khimki. Jokalariak alde egiten hasiak dira. Dairis Bertans Bilbo Basketeko jokalari ohia aurrenekoetakoa izan da. Klubak jokalariei hiru hilabeteko soldata zor die, eta zulo ekonomikoa ia hiru milioi eurokoa da. Ez dute akatsetatik ikasi, 2013an egoera berberean egon baitziren: hiru hilabete kobratu gabe egon ostean, grebara jo zuten jokalariek.

Urte bat bete berri da koronabirusa gure bizitzetan sartu zenetik. Iaz, Euroligako 28. jardunaldian eten zen txapelketa, hau da, orain gauden unean. Egoera, aldiz, oso ezberdina da. Orain, berdintasuna da nagusi. Iaz, gaur-gaurkoz, bost talde matematikoki sailkatuta zeuden kanporaketetarako: Efes, Real Madril, Bartzelona, CSKA Mosku eta Maccabi. Aurten, ordea, bakar bat ere ez dago ziur final-laurdenetan. Zortzi talde onenen artean sartzeko borroka inoiz baino biziagoa dago. Sei partida falta dira bakarrik, eta denak ala denak finalak izango dira.

Errekorrak. Asteburu oparoa izan da saskibaloian. Valentzian aspaldiko emakumezkoen Koparik onenetarikoa izan da; agian, soilik Avenida-Girona partida azken lau aldietan ez bezala, finalerdietan izan zelako, eta ez finalean. Berritasuna beti da ona. Hori bai, ikuskizun zoragarria eskaini zuten biek ala biek euren artekoan. Finala izango bailitzan aritu ziren, eta luzapenean erabaki zen norgehiagoka. Kataluniarrak nagusitu ziren, eta igandean, Valentziaren aurka, Kopako antolatzailearen madarikazioa indartu zuten. Gironak bere historiako lehen Kopa lortu zuen. Gauzak horrela, Alfred Julbe gizonezkoen zein emakumezkoen Kopa irabazi duen bigarren entrenatzailea bilakatu zen. Aurretik, duela bi hilabete hildako Miki Vukovicek lortu zuen. Hori bai, entrenatzaile kataluniarrak ere hirutan eskuratu du Urrezko LEB ligako Kopa.

Emakumezkoen ligak ez du etenik, batez ere Lointek Gernika Bizkaiarentzat eta Kutxabank Araskirentzat. Gaur, derbia jokatuko dute Malosten, 19:00etan. Atzeratuta dituzten partidetako lehena da. Bizkaitarrek beste hiru dituzte oraindik (IDK Euskotren, Perfumerias Avenida eta La Seuren aurkakoak), eta arabarrek bakarra (Estudiantesen kontra). Aldea dago batek eta besteak izan duen atsedenean: Gernikak Kopa jokatu du; Araskik, ordea, astebete pasatxo izan du partida prestatzeko, ez baitzen sailkatu Koparako. Ikusteko dago alde horrek zein eragin izan dezakeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.