mikel reina
HIRUKOTIK

Salerosketa

2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Salmenta. «Itxi atea barrutik, mesedez». Hori esan berri die Jordi Bertomeu Euroligako zuzendariak Alba Berlini,Bayer Munichi eta Asvel Villervauneri. Aito Garcia Reneses entrenatzaileak zuzenduriko taldeak beste bi urterako gonbidapena jaso du. Beste biek, aldiz, kontratu iraunkorra sinatu berri dute hurrengo urteetarako. Eskaintza onenari saltzen diote tokia. Frantzia eta Alemania Europako merkatu garrantzitsuenetako bi dira. Ustiatu beharrekoak. Erresuma Batua soilik falta da momentu honetan. Eman denbora. Nahiz eta Europako ligarik indartsuenetako bat irabazi, ez zara Euroligan sartuko. Hori da igortzen den mezu berria.

Egiari zor, merezitako saria da. Berlingo taldea Euroligan ikus daitekeen talde ikusgarrienetako bat da, bere entrenatzaile beteranoaren ideiak muturrera eramaten ditu eta emaitza zoragarria da. Munichekoek, guztiz kontrakoa. Haien jokoa ez da erakargarria, baina bai errentagarria. Izenei begiratutaez dago izar handirik, handiena akaso bere entrenatzailea: Andrea Trinchieri. Italiarrak defentsa sendo batean oinarritzen du bere jokoa, eta gero gerokoak. Talentuaren faltan, lana. Ez dago besterik. Horrela lortu du Bayern zortzi talde onenen artean sartzeko borrokan buru belarri egotea. Bost partidaren faltan bosgarren dira 18 garaipen eta 11 porrotekin, Zenit zortzigarrena baino bi garaipen gehiagorekin. Euroliga azken txanpan sartuta dagoelako, bestela kontuz Asvelekin. Tony Parkerren taldeak zazpi garaipen lortu zituen jarraian, baina azken asteko bi jardunaldietako porrotekin aukerarik gabe geratu da. Irabazi behar zaion talde horietako bat da, oso fisikoa eta arriskutsua.

Gauzak horrela, 2021-2022 denboraldiko Euroligarako leku gutxi batzuk falta dira. Valentziaren egoera da zalantzagarriena, kanporaketetan sartuz gero, ziurtatuta eduki beharko luke postua, baina borroka latza da. Beste lekuetako bat Eurokopako txapeldunarentzat da. Datorren astean hasiko da zortzi talde onenen arteko borroka. Alde batetik, Monako-Buducnost eta Metropolitans Bolougne 92-Kanaria Handia;eta, bestetik, Boloniako Virtus-Joventut eta Unics Kazan-Lokomotiv Kuban. Koadrantea oso desorekatuta dago. Teodosic eta Belinelliren Virtus, Canaan eta Woltesen Unics eta Williams-Goss eta Kuzminskasen Lokomotiven artean bakarrak jokatu du Euroligan sartzeko final handia.

Erosketa. Emakumezkoetan ez da halakorik gertatzen, tokiak kantxan erosi eta irabazi behar dituzte. Gaurtik aurrera hasiko dira, hain zuzen ere, Euroligako eta Eurokopako lauko finala zehazteko kanporaketak Espainiako Ligako lau talde izango dira bertan. Txapelketa nagusian Perfumerias Avenidak eta Gironak elkarren aurka jokatuko dute Salamancako burbuilan. Bi partidetara erabakiko da nor sartzen den finalerdietan, bihar eta ostiralean. Eurokopan, aldiz, Europan ari den euskal talde bakarrak jokatuko du: Gernikak. Beste taldea Valentzia da. Valentziarrak datorren urteko Euroligan egiteko faborito nagusiak dira. Gernikak gaur Sepsi talde errumaniarrari irabaztekotan, txapelketako beste hautagai nagusia izan beharko luke aurrean: Venezia. Italiarrek multzokako fasean bere partidak batez beste 45 puntugatik irabazi zituzten.

Gizonezkoetan ez bezala, Avenidak, Gironak eta Valentziak asko dute jokoan ligan. Berez, aparteko beste liga bat jokatzen dute. Aurten ez dute haien artean ez den beste partidarik galdu. Larunbat arte galdu gabe zegoen Roberto Iñiguez gasteiztarraren taldeak luzapenean galdu zuen Fontetan. 37 norgehiagoka irabazi ondoren, bi daramatza jarraian galduta.

Bi jardunaldi besterik ez dira falta emakumezkoen liga bukatzeko, atzeratutako partidak kontuan hartu gabe, eta kanporaketetan sartzeko borroka gizonezkoen Euroligakoaren pare dago. Euskal taldeen kasuan, gernikarrek ziurtatuta dute postua eta Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek gogotik egin beharko dute lan sartzeko.

Gasteiztarrek gaur berreskuratuko dute Estudiantesen aurka hiru aldiz atzeratutako lehia. Larunbatean Mendizorrotzan hil edo biziko partida dute Lugoren aurka eta liga Logroñon amaituko dute. Donostiarrek datorren ostegunean jokatuko atzeratutako euskal derbia Malosten. Gero, bi aurkari zail dituzte: Tenerife eta Valentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.