mikel reina
HIRUKOTIK

Epeak

2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Ilegaltzat. Bihar, martxoa amaitu baino lehen hasiko dira jokatzen Espainiako Ohorezko Mailako kanporaketak. Denboraldi honetan, hamalau talde izan beharrean, hamasei lehiatu dira liga erregularrean, baina, hala ere, txapelketari egun berean emango zaio amaiera. Pandemia egoerak egutegia malgutu baino gehiago, are gehiago estutu du. Adibiderik argiena Lointek Gernika Bizkaia izan da. Bizkaitarrek bost partida jokatu dituzte zazpi egunean, eta tartean, bidaia luzeak egin dituzte Lleidara (Herrialde Katalanak) eta Tenerifera (Espainia). Ilegaltzat joko zuen baten batek hori egin behar izana; medikuek, akaso. Udako Europako Txapelketa eta Olinpiar Jokoak dira mugarriak, presioa ezartzen dutenak. Ekainaren 17an hasiko da Europako Txapelketa, eta egoitzetako bat Valentzia izanen da (Herrialde Katalanak), eta horrek are eta presio handiagoa eragingo dio Espainiako Federazioari.

Espainiako maila nagusiko finala, berriz, apirilaren 29an izango da. Gainera, denboraldi honetan sistema berri bat ezarri dute. Azken denboraldietan kanporaketa denak hiru partidetara jokatzen ziren, baina, lehiaketa laburtzeko eta bizkortzeko intentzioarekin, bitara laburtu dute. Bi neurketetako emaitzak hartuko dira kontuan irabazlea ezartzeko. Finala bakarrik izanen da sistema klasikoan. 48 egun pasatuko dira txapelduna nor den jakiten denetik Europako Txapelketa hasten den arte. Hau, amaieraraino bizirik heltzen diren taldeek; gainontzekoek, are gehiago. Egutegi benetan berezia da sasoi honetakoa. Bihar ekingo zaie lehen kanporaketetako lehen partidei, eta larunbat eta igande artean jakingo da nortzuk egiten duten aurrera, finalerdietara.

Gero izango da geldialdia: bi astekoa. Ez da gutxi. Perfumerias Avenidak apirilaren 16tik 18ra Istanbulen (Turkia) Euroligako Lauko Finala jokatuko du Sopron, Fenerbahce eta Ekaterinburgorekin batera. Errusiako taldea da faborito. Aurretik, apirilaren 9tik 11ra Valentzia Eurokopako Lauko Finalean ariko da Szeksarden (Hungarian), Carolo, Venezia eta talde antolatzailearekin batera. Bi txapelketa horien erruz etengo da lehia Espainiako Ligan. Hurrengo kanporaketa apirilaren 22 eta 25erako dago zehaztuta. Hau da, hamazazpi egun egongo dira partida baten eta bestearen artean. Ez dago erakundeen arteko akordiorik. Zertarako hain bizkor amaitu, gero horrelako geldialdia badago? Atzeratutako partidak berreskuratzeko epea izan zitekeen.

Alegala. Liga erregularreko nagusitasuna ikusita, Perfumerias Avenidak, Valentziak eta Gironak ez zuten arazorik izan beharko aurrera jarraitzeko. Kanaria Handia, Lugo eta Tenerife izango dituzte aurkari, hurrenez hurren. Orain arte, haien artean izan ezik, ez dute beste lehiarik galdu. Beste liga propio bat dute. Lurtarren arteko talderik onena Lointek Gernika Bizkaia izan da. Lehia bizia dute aurretik Estudiantesen aurka, bizia eta desorekatua. Gernikarrek IDK Euskotrenen aurka derbian eskuratutako garaipenaren ondorioz, kantxa faktorea alde edukitzeko pribilegioa lortu zuten. Bigarren partida etxean jokatuko dute. Malosten, ordea, ezingo da ikuslerik egon, eta Madrilen, bai. Estudiantes bizi aritu da, eta normalean jokatzen duten Magariños kiroldegitik Wizink Center pabiloira eraman du kanporaketa. Hori gutxi balitz bezala, zaleak sartuko dituzte. Pabiloi berriak 17.400 jesarleku ditu, eta ACB ligako Real Madrilek eta Estudiantesek jokatzen dute bertan. Portzentaiak agintzen duenez, hobe da Wizink Centerren aritu 600 aulkiko Magariñosen ordez. Inork ez du esaten ezin denik egin; ez dago inon zehaztuta.

Prozesua. Bigarren mailan ere amaitu da liga erregularra. Apirilaren 8tik 11ra Madrilgo Europa pabiloian jokatuko da igoera fasea, eta gaur 11:00etan hiru taldeko lau multzoak ezartzeko zozketa egingo da. Ez da euskal talderik egongo bertan. Hiru izen nabarmentzen dira: Leganes antolatzailea, Bartzelona eta Ferrol. Lehendabizikoak partida bakarra galdu du denboraldi osoan, eta beste biek, bat ere ez. Bi bakarrik igoko dira maila nagusira. Gainontzeko hamar taldeek, lehen mailatik jaitsitako Zamora eta Caceresek eta sailkapeneko beste lau taldek osatuko dute datorren sasoiko Pro2 liga berria. Iraurgi, Ibaizabal eta Barakaldo ate joka geratu dira A multzoan: bosgarren, seigarren eta zazpigarren sailkatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.