mikel reina
HIRUKOTIK

Teoriak

2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Stock. Amaitu da Baskoniaren ibilbidea aurtengo Euroligan, inoizko berdintsu eta lehiatuena. Ibilbide oso gorabeheratsua izan du Dusko Ivanovicen taldeak, garaipen eta porrot asko jarraian pilatuz. Hala ere, ukaezina da talde honek transmititzen duena berezia eta bakarra dela; eta ezeren gainetik, azken hatsa eman arte borrokatzen dela beti. Gasteiztarren helburua zortzi talde onenen artean sartzea zen? Bai, argi eta garbi. Baina, denboraldi hasieran nork jartzen zituen bertan? Inork gutxik. Hori da Buesa Arenako egunerokoa. Euroligak gero eta maila altuagoa dauka, diru gehiago dago, eta horren aurka ez dago zereginik. Errotutako izaeraren aldekoak dira arabarrak, alde horretatik bakarrak dira ligan. Horregatik dira hain miretsiak eta arriskutsuak, eta inoiz ez gutxietsiak. Txapelketa amaitu den arren, ez dago adiorik Baskoniarentzat. Stockaren unea da. Ez dira gutxi Buesa Arenako talentu fabrikara hurbilduko direnak. Baten batek dagoeneko erosketak egin ditu. Urteroko berdina. Uzta onak hori dakar.

Arabako produktuak dastatzera etorri den lehenengoetarikoa Real Madril izan da. Pablo Lasok ondo daki bertakoen kalitatea. Chema De Lucas kazetariaren arabera, datorren denboraldian Pierria Henry zuriz arituko da. Informazio iturri oso fidagarria da De Lucas, Europako Adrian Wojnarowski. Twitterren eman zuen albistea, eta txio horren erantzunetako batean bota zuen bigarrena. Baliteke Luca Vildozak ere alde egitea. Argentinarrak ez zuen jokatu igandeko Murtziaren aurkako partidako bigarren zatian, ezta luzapenean ere. Prentsaurrekoan horren inguruan galdetu zioten Dusko Ivanovici, eta ondorengoa erantzun zuen: «Berari galdetu». Ez da seinale ona.

Gasteiztarrak munduan. Berreraikitze lana berriro. Urtero lez. Berritu edo hil. Baskonia eta Real Madril ados daude teoria horrekin. Argudioak, ordea, oso desberdinak dira. Ez da denboraldi erraza izan Pablo Lasorentzat. Lehenengo, Facundo Campazzo NBAko Denver Nuggetsera joan zen. Gero, Anthony Randolphek orpazurda hautsi zuen abenduan. Orain, aldiz, Gabriel DeckekCampazzo herrikidearen bideari jarraituko dio, Oklahoma City Thunderren aritzeko. Hiru jokalari horiek gabe etxe zuria ahul geratu da. Zer hobeto, haiek ordezkatzeko Gasteizko talentu fabrikako osagaiak baino. Ameriketako ametsa bete ezinda, Vincent Poirier Europara itzuliko da. ACB ligara hobe esanda, ezingo baitu Euroligan aritu. Izan ere, ACB ligan bakarrik dago zabalik fitxaketen merkatua. Baskoniako beste jokalari ohi bat ere lotuta omen du Real Madrilek: Thomas Heurtel.

EITB-ko Vascos por el mundo saioak edizio berezia osa dezake talde gasteiztarrean aritutako jokalariekin. Mosku, Bartzelona edo Istanbul, esaterako, geldiune ziurrak dira. Errusian Tornike Xengeila, Darrun Hilliard, Johannes Voigtman eta Michael Eric daude. Bartzelona historikoki ere klasiko bat da, nahiz eta gaur egun bakarrik Adam Hangaren izena nabarmentzen den. Turkiako Anadolu Efesen dago Shane Larkin, Rodrigue Beaubois eta Tibor Pleissekin. Azkenean, dena arrainen teorian laburbiltzen da. Hor dago Baskonia eta Real Madrilen arteko desberdintasuna: tamainan. Arrain handiak (NBA), ertainak jaten ditu (Euroliga) eta hark txikiak (ACB). Alfredo Salazar analistak, aldiz, nahiago Frantziako ligan arrantzan aritu, azken urteetan kalitatezko produktuak ekarri baititu handik.

Aurten denboraldian zehar fitxatu ezin izan duena eskuratu beharko du. Euroligako 34 jardunaldietan jokalari berririk gabe aritu den talde gutxienetako bat izan da Baskonia. Gainera, multzo murritza izan du gainontzeko taldeekin alderatuta, egun hamahiru edo hamalau jokalarikoak dira gehienak. Jordi Bertomeu zuzendariak oso argi dauka, gainera: «Futboleko Txapeldunen Ligan gero eta partida gehiago jokatzen ari dira, eta bide horri jarraitu nahi dipgu Euroligan».

Onena falta da, txapelketako zortzi talde onenak arituko baitira nor baino nor gehiago hemendik aurrera. Alde batetik, Bartzelona-Zenit eta Milan-Bayern; eta, bestetik, CSKA-Fenerbahce eta Anadolu Efes-Real Madril. Kanporaketak bost partidara jokatuko dira, apirilaren 20tik maiatzaren 5era, hain zuzen ere: Lauko Finala, berriz, Kolonian (Alemania) maiatzaren 28ko asteburuan. Ikuskizuna ez da faltako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.