mikel reina
HIRUKOTIK

Bizi(tz)a

2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Xehetasunak. Badaude egun batzuk ohetik jaiki ere nahi ez duzuna. Dena goibel eta ilun ikusten duzu. Kanpoan ez duzu ezer hoberik espero. Denok izan dugu horrelako egunen bat. Bilbo Basketek, ordea, hilabeteak daramatza horrela. Etsipen eta negatibismo zurrunbilo batean dago denboraldia hasi zenetik. Murphyren legeak dioenez, zeozer txarto irteteko aukerarik egonez gero, txarto irtengo da. Hori da bizkaitarren aurtengo jarduna: lesioak, fitxaketen egokitzapenik eza, horrenbesteko jokalari berrien etorrera eta koronabirusak eragindako kasu positiboak nahiz partida atzerapenak. Azkena Regimantas Miniotasen konfinamendua. Beste traba bat bidean TD Systems Baskonian beste positibo bat izan zen atzo. Ohean egonik, leihotik eguzki izpi bat sartze hutsa egun onaren seinale izan daiteke. Edozein xehetasun nahikoa da jaikitzeko. Hori pasatu zitzaion igandean Bilbo Basketi Fonteta pabiloian. Hasiera ezin izan zen hobea izan. 33 puntu sartu zituzten lehen laurdenean Valentzia Basketen kontra. Bazirudien, behingoz egunak argitu behar zuela. 21 punturen aldea izan zuten: 17-38. Baina horrela ere ezin garaipena lortu.Giroa ezkorra denean, edozein xehetasun izaten duzu aurka. Onerako eta txarrerako xehetasunetan dago gakoa. Beste edozein partidatan, igandean eskuratutako jaurtiketetako portzentajeekin, Alex Mumbruren taldeak irabaziko zuen: %59 bikoetan, %48 hirukoetan eta %89 batekoetan. Guztira 90 puntu. Ez zen garaipena eskuratzeko nahikoa izan Fontetan, 99 puntu jaso baitzituzten. Klemen Prepelicek, esaterako, hamazazpi puntu sartu zituen jarraian azkenengo laurdeneko bost minututan. Deskonexioa. Enegarrena.

Perspektiba. Ohera burumakur beste behin, eta egoera gero eta ilunago. Bost norgehiagokaren faltan, Bilbo Basketek zazpi garaipen besterik ez du, sailkapeneko azken-aurrekoa da eta aurretik dauden Estudiantesek eta Fuenlabradak bi lehia gehiago irabazi dituzte. Oso ilun. Bilbotarrek aurkari zuzenen kontra emaitza bikainak lortu dituzten arren, Betis eta Gipuzkoa Basketekin puntuen aldea irabazi zuten. Baina ez dira 11. postutik gora dauden aurkariei gailendu. Donostiarrek, adibidez, duela astebete Burgosen irabazi zuten. Ez da nahikoa zure ligako partidak irabaztearekin, besteren bat behar duzu. Okerrena da falta diren azken bost partidetako lau sailkapeneko 11. postu horretatik gora dauden aurkarien kontra direla: Kanaria Handia, Burgos, Real Madril eta Joventut.Fuenlabradaren aurka ere jokatu beharko dute, baina oraindik ez dakite noiz. Gipuzkoa aldean ez daude hobeto. Garaipen berdinekin bai, zazpi, baina puntuen aldea galduta aurkari zuzen guztien kontra. Bilbo Basketek ez bezala, sailkapeneko azken zortzi postuetan dauden taldeen aurka bitan izan dira bakarrik garaile. Bestalde, bizkaitarren azken bi aurkariei, Teneriferi edo Valentziari, irabazi diete. Bizitza azkenean perspektiba kontua da. Illunben arazoak ere ez dira gutxi izan, baina hasieratik bazekiten gogotik sufritu beharko zutela. Igoera bermatzeko udako borrokaren ostean, taldea egun batetik bestera osatu zuten. Hori gutxi ez, eta urte hasieran Jaime Echenique izarra galdu zuten. Atzo jakin zen, gainera, Xabi Oroz kapitainak eskuin belauneko lotailu gurutzatua eta meniskoa apurtu dituela.

Urrezkoak. Donostiatik 40 kilometrora bizitza beste modu batera ikusten da, Azpeitian eta Azkoitian, hain zuzen. Iraurgi Urrezko LEB ligan lehiatuko da datorren denboraldian, igoera faseko finalean Bartzelona bi aldiz menderatu ostean: lehen partidan 65-59; eta, bigarrenean, 63-66. Zilarrezko mailako ligako eta kopako txapeldunak urte berean, eta aurkari berarekin. IƱaki Jimenezek zuzenduriko taldea Espainiako saskibaloiko bigarren mailara itzuliko da berriro, 2017an lehenbizikoz lortu ondoren. Bi herrien artean 26.000 biztanle baino ez dira, eta horietako bost daude taldean. Guztira zortzi euskal herritar. Talde erdia baino gehiago. Oraindik zilarrezko ligako beste talde batek igoera lortzeko aukera dauka: Zornotzak. Final-laurdenetatik hasita kanporaketak jokatu beharko dituzte bizkaitarrek. Ea zenbat euskal talde dauden Urrezko LEB ligan datorren sasoian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.