mikel reina
HIRUKOTIK

Noiz, nola eta zergatik

2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Trena. Duela aste batzuk arrainen teoria azaldu genuen hemen bertan: hau da, arrain handiek ertainak jaten dituztela eta ertainek txikiak. Azken asteetan NBA arrantzan aritu da ACB ligan, argentinarren arrantzan alegia. Lehendabizi Oklahoma City Thunderrek Real Madrileko Gaby Deck hegalekoa fitxatu zuen, eta gero, zurrumurruak egia bihurtuz, New York Knicks Baskoniako Luca Vildozaren bila etorri ziren. Biak ala biak funtsezko jokalariak Pablo Laso eta Dusko Ivanovicen arbeltxoetan, eta garairik txarrenean ihes egin dute. Ameriketako amets mitifikatu horren bila joateko trena bizitzan behin bakarrik igarotzen da. Berdin dio noiz, nola edo zergatik. Baina hartu beharra dago. Bi argentinarrek hankamotz utzi dituzte beren talde ohiak direnak dagoeneko. Espainiako taldearen kasuan, are gehiago. Pablo Lasok urrian Facundo Campazzo galdu zuen, gero Anthony Randolphek lesio larria izan zuen, eta orain hau. Bosteko titularreko hiru jokalari joan zaizkio gasteiztarrari hilabete gutxitan. Hala ere, Euroligako Lauko Finalean sartzeko zorian egon ziren. Baskonia ere ez du bere boladarik gozoenean harrapatu aldaketak. Bost jokalariren positiboengatik etxean bakartuta egon ostean, gaur ekingo dio berriro ligari, Buesa Arenan, Joventuten aurka. Birtualki bada ere, Valentziak aurre hartu dio sailkapenean, kantxa faktorea alde edukitzeko laugarren postuko borroka horretan. Bilbo Basket bihar arituko da, eta atzo jakin zen Leonardo Tote pibota fitxatu duela.

Diru kontuak. Baina zergatik orain? Diru kontuak, betiko lez. NBAn frankiziek gehienezko diru kopuru bat dute soldatak ordaintzeko; esate baterako, 2020-2021eko denboraldian 109 milioi dolarrekoa da. Hori aski ezaguna da zaleentzat. Baina badago gutxieneko bat, eta hor sartzen dira Deck eta Vildozaren fitxaketak. Sabaia egotekotan, zorua ere egon behar da. New York Knicksi 2,45 milioi dolar falta zitzaizkion gutxieneko horretara heltzeko. Bestela, alde hori taldeko gainontzeko jokalarien artean banatu beharko zuten. Mugimendu estrategikoa da Madison Square Gardenen egin dutena. Ligako gainontzeko taldeei aurre hartu diete, eta, bide batez, arazo bat zenari irtenbidea aurkitu. Oklahoma City Thunderrek berdina egin zuen, haiek lau milioiko zuloa baitzuten. Diruak agintzen duen mundu honetan, denak pozik egongo dira. Baskoniak Luca Vildozaren etete klausulako bi milioi euroak jasoko ditu. New York Knicksek 630.000 euro bakarrik ordaindu ditu, eta gainontzekoa antolatzailearen poltsikotik irten da. Hura ere ez da kexatuko. 13,6 milioi dolarreko kontratua sinatu du datorren hiru denboraldietarako. Hilabete bakarragatik, aurtengo 3,5 milioi dolarrak kobratuko ditu jokatu gabe. NBAko liga erregularra hilaren 16an bukatuko da, eta immigrazio eta koronabirus protokolo zorrotzengatik argentinarrak ezingo du debutatu ere egin. Berdin gertatu zitzaion Gaby Deck bere herrikideari. Baina honek denbora alde zuen. Hegalekoak, antolatzaileak ez bezala, ez ditu ziurtatuak datozen denboraldiak. Lau urterako sinatu zuen, 14,5 milioi dolarren truke, baina lehendabizikoa da ziurtatua duen bakarra.

Jauzia. Ia une berdinean egin dute jauzi munduko ligarik onenera, baina talde oso ezberdinetara. New York Knicks ekialdean laugarren da, eta zazpi urte luzeren ondoren kanporaketetan sartuko da. Oklahoma City Thunder azken-aurreko dago mendebaldean, 21 garaipen eta 48 porrotekin. Honek esan nahi du Vildozak oso zail edukiko zuela minutuak jokatzea aurten, asko baitago jokoan New Yorken. Horrez gain, Tom Thibodeau entrenatzaileak defentsa maite du, eta azken urteetako Derrick Rose onena izango luke aurretik. Deckcek guztiz kontrakoa. Dagoeneko zazpi partidatan hartu du parte. Batez beste 21 minutu jokatzen ari da, eta 7,4 puntu sartu eta 4,6 errebote eskuartu ditu. Badiurdi, NBAra jauzia egiteko hurrengo argentinarra zerrendan Bartzelonako Leandro Bolmaro da. Badirudi udan Draftetik bere eskubideak dituen Minessota Timberwolsera joango dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.