mikel reina
HIRUKOTIK

Azken ordukoa

2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Liga erregularra. Amaitu da NBAko liga erregularra. 72 partida, kanporaketak jokatuko dituzten taldeak zehazteko. Edo ez, azken orduko beste seik izango dute azken hitza. Gaurtik aurrera hasiko da benetako txapelketa, lehiakortasun basatia. Ikusleok ikusi nahi duguna. Igandeko azken jardunaldiko hamabost neurketatik bakarra zegoen inolako interesik gabe, beste denek nola edo hala zeozer zuten jokoan. Denboraldi gorabeheratsua izan da orain artekoa, izarren lesioek ezarri dute talde bakoitzaren joera. Los Angeles Lakers txapelduna, esate baterako, LeBron James eta Anthony Davis gabe aritu da aste askotan. Hutsune handiegiak. Azkenean, zazpigarren bukatu dute mendebaldean, eta aurretiazko play in txapelketa jokatu beharko dute. Hori da azken orduko albistea.

'Play in'. Zer den hori galdetuko dute askok. Adam Silver komisiodun nagusiak iaz martxan jarri zuen ekimena da. NBAko arduradun nagusiak emozioa jarri nahi zien liga erregularreko azken jardunaldiei, baita lortu ere. Historikoki kanporaketak ezartzeko ohiko sistema erabili izan dute. Hau da, liga erregularreko lehen zortzi sailkatu zeuden, eta hortik aurrera norgehiagokak osatzen ziren, lehendabizikoa zortzigarrenaren aurka hasita. Ikuskizuna handitzeko helburuarekin, Silverrek aurretiazko txapelketa hau sortu zuen. Konferentzia bakoitzean hiru partida dira. Hasteko, zazpigarren sailkatuak zortzigarrenaren aurka jokatzen du. Irabazleak zazpigarren moduan jokatzen ditu kanporaketak, sailkapeneko bigarrenaren kontra. Galtzaileak oraindik beste aukera bat dauka kanporaketak jokatzeko. Bigarren partida bederatzigarren eta hamargarrenaren artekoa da, galtzailea zuzenean kanporatuta dago, eta irabazleak hirugarren eta azken lehia jokatuko luke lehen partidako galtzailearen aurka. Garailea zortzigarren moduan sailkatuko litzateke, eta liderra izango luke aurrean. Gaur bertan hasiko da play in-a ekialdeko norgehiagokekin. 00:30ean Indiana Pacersek eta Charlotte Hornetsek neurtuko dituzte indarrak, bederatzigarren sailkatuak hamargarrenaren kontra, hain zuzen. 03:00etan hasiko da Boston Celtics zazpigarrenaren eta Washington Wizardsen zortzigarrenaren artekoa. Berdeek Jaylon Brown faltako dute, Russel Westbrook eta Bradley Beal geratzeko saiakeran. Min hartuta dago. Antolatzaileak pasa den astean Oscar Robertson pasa zuen hiruko bikoitzen kopuruen zerrendan, guztira 184 lortu ditu. Denboraldi honetan 38 daramatza dagoeneko. Laugarren urtez hiruko-bikoitzeko batez bestekoak lortzen ari da: 22,2 puntu, 11,5 errebote eta 11,8 asistentzia. Mendebaldeko aurretiazko play in txapelketari bihar ekingo diote. Bertan dago partidarik erakargarriena: Los Angeles Lakers-Golden State Warriors, LeBron James eta Stephen Curry aurrez aurre. Erregea eta printzea. Hala ere, Jamesek ez du bereizketarik egiten: «Nire ustez, aurtengo jokalaririk onena bera da». Curry saskiratzailerik onena izan da. Klay Thompson gabe, berak hartu du erantzukizuna, eta, urtebeteko hutsunearen ondoren, kanporaketetara itzultzeko bi aukera izango dituzte. Koadroaren beste aldean Memphis Grizzlies eta San Antonio Spurs arituko dira. Menuan, lehen platera 01.00etan, eta nagusia 04:00etan.

Kanporaketak. Eta gainontzeko taldeak? Kanporaketen sistema klasikoa larunbatean hasiko da. Ekialdean talderik onena Philadelphia 76 Sixers izan da, eta play in-etik irtetzen den zortzigarrenaren aurka neurtuko ditu indarrak. Brooklyn Netsek, berriz, zazpigarrenaren kontra. Beste neurketak New York Knicks-Atlanta Hawks eta Milwaukee Bucks-Miami Heat dira. Ezustekoa Madison Square Gardenekoa izan da. Laugarren, eta kantxa faktorea alde. Haien azken 20 urteetako bigarren emaitzarik onena. NBAko talderik onena, ordea, Utah Jazz izan da. Frankiziako historian lehen aldiz lortu dute hori. 1998an izan ziren mendebaldeko liderrak. Jakina denez, gainontzekoa saskibaloiko historia da. Play in-eko zortzigarrena izango dute aurrean, eta Phoenix Sunsek zazpigarrena. Utah Jazzen koadroaren aldetik Los Angeles Clippers eta Dallas Mavericks doaz, Phoenixenetik Denver Nuggets eta Portland Trail Blazers.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.