mikel reina
HIRUKOTIK

Denbora

2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Denbora behar izaten da edozertarako. Denbora behar da lana behar bezala egiteko. Denbora behar da entrenatzeko, ahalik eta gehien, gainera. Denbora behar da emaitzak heltzeko. Hau da, denbora behar da edozertarako. Ohartu gabe doa eskuetatik, eta beranduegi sumatzen dugu haren falta. «Denbora da poligrafo bakarra», Berri Txarrak-ek dioen moduan. Denborak, ordea, epemuga du. Baskonia denborarekin borrokatzen ari da. Errusiarako bidaia baten batek denbora galdutzat definituko luke. Hiru porrot gogor bost egunetan, eta 14.000 kilometrotik gorako bidaia. Asteartean, Unics Kazanen aurka 83-69; ostegunean, Zenit San Petersburgoren kontra, 83-54; eta igandean, Buesa Arenan, Real Madrilen aurka, 65-83. Askotan gertatzen den moduan, kirolean batik bat, emaitzak baino gehiago irudia izan da kezkagarriagoa. Ostegunean 24-0ko partziala jaso zuen sei minutuan. Hor dago denboraren gakoa.

Buruhausteak. Baskoniak guztira zazpi jokalari fitxatu zituen udan. Asko dira. Eta logikak dioen moduan, jokalari bakoitzak egokitu egin behar du, baita taldeak ere. Kimika lortzea betidanik izan da ikasgai zaila, baita Dusko Ivanovicentzat ere. Izenek ez dute talde bat egiten, nahiz eta udan etorritakoak, eta joan ez direnak, zinez erakargarriak izan. Bakoitzaren jarrera, jokamolderako rola, konfiantza, hizkuntza... Asko eta askotarikoak dira aldagaiak. Adibiderik onena, hauxe da: Zeniten aurkako lehian Vanja Marinkovicek ukatu egin zion bostekoa Tadas Sedekerskisi azken horrek pasea ez ematearren. Aldatzen ez dena Ivanovic da: beti bezain zurrun. Honek guztiak denbora behar du; egutegiak, aldiz, ez du aukera hori ematen. Arimen Gau-ean Baskoniak aste beltza sinatu du. Gasteiztarrak bereizten dituen arima berezi hori ez da inondik agertu, eta inoiz atera behar badu, momentu txarrenetan da. Ivanovicek berak aitortu zuen astearteko partidaren osteko prentsaurrekoan.

Izen eta abizen bat dago denen ahotan: Wade Baldwin. Aurreko sasoiko Euroligako jokalarik onenetako batek ez du bere tokia aurkitzen. Lekutik kanpo dago guztiz. Denboraldi hasieran antolatzaile postuan jokatzen zuen, baina orain eskolta postuan jarri dute. Ez bata, ez bestea. Estatubatuarrak baloia behar du eskuetan taldekideei jaurtiketa erosoak aurkitzeko. Baita Jayson Grangerrek ere. Fisikoa lehenesten duen jokamoldea dute biek, eta talde baten profil ezberdinak bilatu ohi dira. Batzuetan estilo batek egingo dizu on, eta beste batzuetan besteak. Ivanovicen buruhauste nagusia da hori. Ez da makala. Beste bat du: denboraldiaurrean belaunean min hartu eta gero, Alec Petersi ebakuntza egingo diote, epe luzerako tratamenduak ez baitu esperotako emaitza eman. Denbora, batzuetan, ez da nahikoa izaten. Orain bai, Baskonia merkatua miatzera behartuta dago.

Urrea. Euroligak hasiera basatia izan du. Talde guztiek galdu dute gutxienez partida bat, eta bakarrak ez du irabazi oraindik. Aurreko denboraldiarekin alderatuta, zenbait egitasmok aurrerapauso nabarmena eman dute. Albiste onenetako bat Greziako taldeen lehiakortasuna da; Olympiakosek, esate baterako, ez du oraindik etxean galdu; bost garaipen lortu ditu. Maccabi ere bere onera etorri da, eta Asvel aurkari gogaikarria da oraindik ere. Beste aldean, Turkiako taldeka daude. Anadolu Efesek txapeldun baten hasierarik txarrena osatu du, lehen sei jardunaldietan garaipen bakarra eskuratuta. 30 jardunaldien formatua ezarri zenetik, hamabi kasutatik behin bakarrik sailkatu da talde bat final-laurdenetarako lehen sei jardunaldietan partida bakarra irabazita: Baskonia. Pablo Prigioniren esperimentuaren ostean, Pedro Martinezek bideratu zuen lana 2017-2018 sasoian. Fenerbahce ez dago askoz hobeto: lau partida galdu ditu lau puntu baino gutxiagorengatik. Joan den astean bi galdu zituen azkeneko bi segundoetan: etxean, Bartzelonaren aurka, Nikola Miroticen saskiraketa denbora agortzear zegoela; eta Atenasen, Olympiakosen kontra, Kostas Slukasen azken uneko saskiratze baten erruz. Saskibaloian denbora urrea da, eta segundo bakoitzak balio du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.