mikel reina
HIRUKOTIK

Lan erdietan

2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Nazioarteko Federazioaren (FIBA) leihoen txanda da, eta, beraz, atseden hartzeko unea heldu zaie Espainiako Ohorezko Mailako hiru euskal taldeei. Denboraldi hasiera benetan gorabeheratsua izan dute Kutxabank Araskik, IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak lesioak eta ezbeharrak direla medio. Hala ere, lehen itzuliko zazpi jardunaldi jokatuta, eta beste zortziren faltan, hau da, lan erdietan, sasoiko lehen helburu nagusia lortzeko borrokan bizirik diraute: Espainiako Koparako sailkatzea. Araski zazpigarren da; IDK, zortzigarren; eta Gernika, hamargarren. Garaipen bakarreko aldearekin daude.

Oinarriak. Araskik sei fitxaketa egin zituen udan, taldeari norabide aldaketa bat bilatu nahian. Aurreko denboraldian arabarrak ez ziren sailkatu ez Koparako, ezta titulurako kanporaketetarako ere. Baina sasoi honetan bide onetik doaz. Batez ere, Tamara Seda Afrikako Txapelketatik itzuli zenetik. Jardunaldi bakarra izan zen, baina asko nabaritzen da haren hutsunea Mendizorrotzan. Mozambikekoa funtsezko jokalaria da Made Urietarentzat. Julia Gladkovak, berriz, lehen hiru norgehiagokak galdu zituen. Sei minutu jokatu ditu batez beste, eta oraindik ez du punturik sartu. Errusiarraren mugikortasuna oso garrantzitsua da arabarren jokamolde bizkorrean. Izaskun Garciak, berriz, ez du oraindik jokatu, giharretako lesio baten ondorioz. Ondo etorriko zaio Gasteizko taldeari bi asteko etenaldi hau, jokalariak berreskuratzeko. Arabarrak ligan gero eta zailagoa dena lortzen ari dira: etxetik kanpo irabaztea; bi garaipen eskuratu dituzte dagoeneko, Bembibren eta Leganesen (Espainia). Sailkapenean dituzten beste bi garaipenak aurkari zuzenen aurka izan dira, eta etxean; azkenekoa, Teneriferen aurkakoa, bereziki garrantzitsua da zazpigarren postu hori mantentzeko.

Bete-betean. IDK-k egutegia izan du kontrario nagusi. Lehen hiru jardunaldietan aurkari zailak izan zituen: Valentzia, Perfumerias Avenida eta Gernika, aurreko sasoiko lehen lau sailkatuetako hiru. Hori gutxi balitz bezala, Mariam Coulibalyk ere Afrikako Txapelketan parte hartu zuen, eta ez zen aritu hasieran. Maliko pibotaren etorrerarekin emaitzak erabat aldatu dira. Azken lau partidetan hiru garaipen lortu dituzte donostiarrek, besteak beste Estudiantesen edo Lugoren gisako mailako aurkari gogorren aurka. Coulibaly da izarra. Haren inguruan antolatzen da joko guztia, eta estatistikek haren nagusitasuna indartu besterik ez dute egiten. 13,8 puntu eta 8,5 errebote lortu ditu kantxan dagoen batez besteko 33 minutuetan. Aurten, espazio handiagoak ditu zonan jokatzeko. IDK hiruko marratik ehuneko txarrena zuen taldea izan zen aurreko sasoian. Orain, ordea, onena da: %38,6. Laura Cornelius, Yurena Diaz eta Maria EspaƱa dira zenbaki horien erantzule nagusiak. Azu Muguruzak bete-betean asmatu du taldea indartzeko orduan.

Hanka trabatuta. Gernikak bestelako ezbeharrak izan ditu, kontrolaezinak: lesioak. Epe luzekoak gainera. Hasi aurretik Gabija Meskonitek belauneko lesio larria izan zuen, urtarrilean izandako berbera. Gero, Angie Bjorklundek sorbaldan min hartu zuen IDK-ren aurkako derbian, eta bi aste egin ditu kantxetatik at. Kanpoko lerroko jokalari erreferenteetako bi min hartuta egotea gutxi balitz bezala, Irune Orio harrobiko jokalariak tibia eta peronea hautsi zituen. Ezbehar gehiegi dira, eta ikusi beharko da ea taldeak merkatua miatzen duen edo ez, ordezkoren baten bila. Hanka trabatuta dabil ligan, baina baita Eurokopan ere. Bi talde ezberdin ikusi dira bakoitzean. Ligan, bizkaitarrek hiru partida irabazi dituzte, eta lau galdu. Garaipen denak Malosten izan dira, eta porrotak, etxetik kanpo. Matematikak argigarriak dira. Porrot horietako bi sasoiari ekiterakoan aintzat hartzen diren horietakoak dira: Perfumerias Avenidaren eta Valentziaren aurkakoak, hain zuzen ere. Eurokopan, aldiz, dinamika guztiz kontrakoa izan da. Zailena egin du Gernikak: etxetik kanpo irabaztea. Zerrendaburu izan arren, multzorik zailena egokitu zitzaien bizkaitarrei, baina oraindik sailkatzeko aukera dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.