mikel reina
HIRUKOTIK

Ez da lehen aldia

2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Hutsuneak. Orain ez dago zalantzarik: Baskonia Espainiako Kopatik kanpo geratu da. Bigarren aldia du azken hiru urteetan; bosgarrena azken 22 urteetan: ez zen aritu Murtzian, 1995ean; Leonen, 1997an; Kanaria Handian, 2015ean; eta Malagan, 2020an. Ez da joera ona. Gasteiztarrek ez bezala, Tenerifek etxeko lanak egin ditu azken bi partida erabakigarrietan. Lehenbizi, etxetik kanpo irabazi zion Burgosi: 73-81. Iganderako matematikak argiak ziren: zortzi puntu baino gehiagorengatik galdu behar zuen Valentziaren aurka Baskonia Koparako sailkatzeko. Galdu egin zuen, baina bi punturengatik bakarrik, 78-80. Tenerifek luzapena behartzeko aukera izan zuen azken jaurtiketan, baina ez zuen arriskatu nahi izan. Badaezpada. Zortzi puntu asko eta gutxi dira aldi berean, eta bost minutu asko dira saskibaloian. Atzo egin zen otsailaren 17tik 20ra Granadan (Espainia) jokatuko den Kopako zozketa. Hauek dira kanporaketak: Real Madril-Breogan, Joventut-Tenerife, Valentzia-Murtzia eta Bartzelona-Manresa. Txapelketaren historian bigarren aldiz ez da euskal talderik ariko; azkena 1997ko ekitaldian izan zen.

Ez euskal talderik, ezta euskal zalerik ere. Asko nabarituko da euskal zaleen hutsunea Granadako harmailetan. Ilusioa pizteko unerik onena izan zitekeen; beharra dute, gasteiztarrek batik bat. Buesa Arenan ez dira asko nabaritzen ari kirol ekitaldietarako dauden murrizketak. Burgosen aurkako partida erabakigarrian, esate baterako, 5.062 ikusle egon ziren, eta 15.000 ikusle baino gehiago kabitzen dira pabiloian. Erdia baino gutxiago da. Aldiz, Bilbo Basket behar bezala ari da erabiltzen zaleen indarra etxean. Miribilla efektua itzuli da. Igandean, Unicajaren aurka, seigarren garaipena lortu zuen jarraian, zazpigarrena segidan etxean. Denbora falta izan zaio Koparako sailkatzeko borrokan sartzeko.

Baskoniako zaleek urrezko bi aukera dituzte aste honetan taldea une gogor honetan hauspotzeko. Euroligako bi partida jokatuko dituzte: gaur, 20:30ean, Zeniten aurka, eta ostiralean, ordu berean,Olympiakosen kontra. Sailkapeneko zortzi talde onenen artean daude Errusiakoa eta Greziakoa, laugarren eta seigarren, hurrenez hurren. Horrelako taldeen aurka lehiatzeko oso garrantzitsua da bete-betean ekitea partidari, Atenasen Panathinaikosekin gertatu zena ez errepikatzeko: 22-8 izan zen emaitza lehen laurdenaren amaieran. Denboraldi osoan gasteiztarrak soilik hamahiru aldiz izan dira aurretik lehen hamar minutuak jokatuta, hau da, %33. 23 aldiz iritsi dira, berriz, atsedenaldira galtzen,%59. Txarto hasten dena txarto bukatu ohi da.

Nonahi. Orainaldia beltz dagoen arren, etorkizuna argiago dago Gasteizen, edo, hobeto esanda, Gasteiztik kilometro batzuetara. Baskoniak hiru jokalari ditu Urrezko LEB Ligako Iraurgi taldean lagata: Ondrej Hanzlik, Pavel Savkov eta Sidy Cissoko. Hanzlik eta Savkov funtsezkoak izan ziren aurreko denboraldian Gipuzkoako taldeak LEB 2 ligako Espainiako Kopa eta Liga irabazteko, eta, ondorioz, mailaz igotzeko. Taldeko hiru saskiratzaile onenak dira, baita minutu gehienak jokatzen dituztenak ere. Hirurak ari dira batez beste hamar puntu baino gehiago sartzen. Etorkizun bikaina dute aurretik. NBAn dagoeneko adi daude haien garapenera begira. Munduko saskibaloi ligarik onenak begiak ditu nonahi, baita Urola Kostan ere.

Batek daki hiruretako batek noizbait NBAko Izarren Gauean parte hartuko duen. Aurten, behintzat, ez. Dagoeneko kapitainak eta bostekoak osatuta daude. Ekialdeko Konferentzian Kevin Durant izango da kapitaina, nahiz eta, iaz bezala, lesionatuta dagoen, eta ezingo duen jokatu. Harekin batera, DeMar DeRozan, Trae Young, Joel Embiid eta Giannis Antetokounmpo arituko dira. Mendebaldean, beste behin, Lebron James izango da kapitaina. Ja Morant, Stephen Curry, Andrew Wiggins eta Nikola Jokic irtengo dira harekin pistara. Gainontzeko hautatuak etzi argitaratuko dituzte, eta otsailaren 10ean bi kapitainek euren taldekideak aukeratuko dituzte. James 18. aldiz aukeratu dute, eta datorren urtean Kareem Abdul Jabarren marka berdin dezake. Baina hegalekoak denak jokatu ditu, eta pibota ez zen aritu 1973koan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.